0

  • Juan Mari Aburto alkatea izan da omenaldian buru, Azkuna Zentroko atarian izan den ekitaldian, eta berarekin batera izan dira udal korporazioa eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Foroko kideak.
  • Galo Bilbaok euskaraz eta Inés Núñezek gaztelaniaz irakurri dute oroitzapenezko poema hunkigarri bat. Halaber, urian izan diren biktima guztien izenak irakurri dira, atariko pantaila tzar batean proiektatzen ziren bitartean izenok.
  • Agintariek eta erakundeetako, botere judizialeko eta gizarteko ordezkariek loreak utzi dituzte biktimen oroitzapenetan, izen guztiak irarrita zituen totem batean ondoan. Bilboko Orkestra Sinfonikoak jo ditu zenbait musika-obra ekitaldian zehar.
  • ARGAZKI-GALERIA

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru gaur goizean biktimen alde Memoriaren Egunaren kariaz egin den omenaldian, eta berarekin batera izan dira udal korporazioko gainerako kide guztiak eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Foroko kideak.

Bilboko Udalak antolatu du ekitaldia, eta Azkuna Zentroko atarian ospatu da, non oroitzapenezko totem batean gogorarazi baitira urian izandako biktimen izenak.

Omenaldia hasteko, poema hunkigarri bat irakurri dute Galo Bilbaok euskaraz eta Inés Núñezek gaztelaniaz. Gainera, Bizkaiko uriburuan izan diren biktimen izenak irakurri dira banan-banan, izenok atarian ezarritako pantailan proiektatzen ziren bitartean.

Omenaldiaren zatirik sinbolikoena lore-eskaintza izan da, agintariek eta erakundeetako, politikako, botere judizialeko eta gizarteko ordezkariek loreak utzi baitituzte biktimen oroitzapenetan, hartarako ipinita zegoen idulki baten gainean.

Ekitaldian, Bilboko Orkestra Sinfonikoak zuzenean interpretatu ditu Txaikovskiren op.48 Harientarako Serenatako Elegiaren zati bat eta Samuyel Barberen op.11 Harientarako Adagioa.

2010ean, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek azaroaren 10a izendatu zuten Memoriaren Eguna, horixe baita egun bakarra inoiz atentatu hilgarririk izan ez dena.

POEMA

Ahaztera gonbidatzen gaituzten bakoitzean, inoiz izan ez balira bezala
arimaren begiak edo samin zurtzaren ezpainak,
ahaztera eta sufrimendua deuseztera gonbidatzen gaituzten bakoitzean, oroitzapen batek hartzen du osoki nire gogoa, alegia, badirela gure lurrean ausentziazko kalbarioak, ez hiltzera tematzen diren sentimenduak…

Ahanztura beterik da oroitzapenez.
Iratzar gaitezen beldurrik gabe, eta parteka ditzagun gure ametsak gure hurkorik hurrekoenaren ametsekin,
biktimarenekin.

Nahiz eta jada ez zaituzten ikusten nire begiek, nahiz eta jada ez dudan zure ahotsik entzuten,
zure oroitzapena bizirik da nire bihotzean,

nahiz eta ezin aditu nire ondotik erauzi zintuen arrazoia,
nahiz eta gura izan nuen zurekin batera joan,

nahiz eta malkoak etortzen zaizkidan sarri,
nahiz eta nire bizia eman izango nukeen zurearen orde,

Badakit hemen zaudela…
haizearen bafadan, zuhaitz batetik
hosto bat erortzen denean, malko bat isurtzen denean berriro,

Badakit hemen zaudela…
sentitzen dudanean baten batek
zaintzen nauela,
irteera aurkitu ezin dudanean,
berba egin beharra dudanean.

Badakit hemen zaudela…
niri entzun ahal izateko.

Sentitzen dut hor zaudela oraindik…
eta jada ez diot beldurrik heriotzari,

Badakidalako beti egongo zarela hemen,
nirekin, gure familiarekin, zeina tarte honetan
gehitu egin baita, badakizu.

Hitz egin diet zutaz, nola eraman zintuzten,…
ondo dakite.
Eta zu maitatuz minaren gainetik,
ikasi dute bizia maitatzen.

Hemen sentitzen zaitugu, etxean. Beti
etxean. Beti hemen, nirekin.

 

Zerikusia duten edukiak

Irudiak


Bideoak

PDFak

Audioak