- Juan Mari Aburto alkatea izan da omenaldian buru, Azkuna Zentroko atarian izan den ekitaldian, eta berarekin batera izan dira udal korporazioa eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Foroko kideak.
- Galo Bilbaok euskaraz eta Inés Núñezek gaztelaniaz irakurri dute oroitzapenezko poema hunkigarri bat. Halaber, urian izan diren biktima guztien izenak irakurri dira, atariko pantaila tzar batean proiektatzen ziren bitartean izenok.
- Agintariek eta erakundeetako, botere judizialeko eta gizarteko ordezkariek loreak utzi dituzte biktimen oroitzapenetan, izen guztiak irarrita zituen totem batean ondoan. Bilboko Orkestra Sinfonikoak jo ditu zenbait musika-obra ekitaldian zehar.
- ARGAZKI-GALERIA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru gaur goizean biktimen alde Memoriaren Egunaren kariaz egin den omenaldian, eta berarekin batera izan dira udal korporazioko gainerako kide guztiak eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Foroko kideak.
Bilboko Udalak antolatu du ekitaldia, eta Azkuna Zentroko atarian ospatu da, non oroitzapenezko totem batean gogorarazi baitira urian izandako biktimen izenak.
Omenaldia hasteko, poema hunkigarri bat irakurri dute Galo Bilbaok euskaraz eta Inés Núñezek gaztelaniaz. Gainera, Bizkaiko uriburuan izan diren biktimen izenak irakurri dira banan-banan, izenok atarian ezarritako pantailan proiektatzen ziren bitartean.
Omenaldiaren zatirik sinbolikoena lore-eskaintza izan da, agintariek eta erakundeetako, politikako, botere judizialeko eta gizarteko ordezkariek loreak utzi baitituzte biktimen oroitzapenetan, hartarako ipinita zegoen idulki baten gainean.
Ekitaldian, Bilboko Orkestra Sinfonikoak zuzenean interpretatu ditu Txaikovskiren op.48 Harientarako Serenatako Elegiaren zati bat eta Samuyel Barberen op.11 Harientarako Adagioa.
2010ean, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek azaroaren 10a izendatu zuten Memoriaren Eguna, horixe baita egun bakarra inoiz atentatu hilgarririk izan ez dena.
POEMA
Ahaztera  gonbidatzen  gaituzten  bakoitzean,  inoiz  izan  ez  balira  bezala
arimaren  begiak  edo  samin  zurtzaren  ezpainak,
ahaztera  eta  sufrimendua  deuseztera  gonbidatzen  gaituzten  bakoitzean,  oroitzapen  batek  hartzen  du  osoki  nire  gogoa,  alegia,  badirela  gure  lurrean  ausentziazko  kalbarioak,  ez  hiltzera  tematzen  diren  sentimenduak…
Ahanztura  beterik  da  oroitzapenez.
Iratzar  gaitezen  beldurrik  gabe,  eta  parteka  ditzagun  gure  ametsak  gure  hurkorik  hurrekoenaren  ametsekin,  biktimarenekin.
Nahiz  eta  jada  ez  zaituzten  ikusten  nire  begiek,  nahiz  eta  jada  ez  dudan  zure  ahotsik  entzuten,
zure  oroitzapena  bizirik  da  nire  bihotzean,
nahiz  eta  ezin  aditu  nire  ondotik  erauzi  zintuen  arrazoia,
nahiz  eta  gura  izan  nuen  zurekin  batera  joan,
nahiz  eta  malkoak  etortzen  zaizkidan  sarri,
nahiz  eta  nire  bizia  eman  izango  nukeen  zurearen  orde,
Badakit  hemen  zaudela…
haizearen  bafadan,  zuhaitz  batetik
hosto  bat  erortzen  denean,  malko  bat  isurtzen  denean  berriro,
Badakit  hemen  zaudela…
sentitzen  dudanean  baten  batek
zaintzen  nauela,
irteera  aurkitu  ezin  dudanean,
berba  egin  beharra  dudanean.
Badakit  hemen  zaudela…
niri  entzun  ahal  izateko.
Sentitzen  dut  hor  zaudela  oraindik…
eta  jada  ez  diot  beldurrik  heriotzari,
Badakidalako  beti  egongo  zarela  hemen,
nirekin,  gure  familiarekin,  zeina  tarte  honetan
gehitu  egin  baita,  badakizu.
Hitz  egin  diet  zutaz,  nola  eraman  zintuzten,…
ondo  dakite.
Eta  zu  maitatuz  minaren  gainetik,
ikasi  dute  bizia  maitatzen.
Hemen  sentitzen  zaitugu,  etxean.  Beti
etxean.  Beti  hemen,  nirekin.
 
	











