0

  • Programa honek 52 plaza eskaintzen ditu zenbait etxebizitzatan, alokairu konpartituan, hilean 55 euroko prezio sinbolikoan; trukean, ikasleek auzoko proiektu komunitarioetan parte hartu behar dute.
  • Hamabigarren edizio honetan, Udal Etxebizitzak erakundeak 20 pisu prestatu ditu Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean programa honetarako, 2021/22 ikasturte unibertsitarioan indarrean egongo dena.
  • 400 gazte baino gehiagok, 26 urteko batez besteko adinarekin, parte hartu dute programan hasieratik.
  • Programan parte hartzen duten 43 ikasle UPV/EHUn ari dira ikasten, 7 Deustuko Unibertsitatean eta 2 Mondragon Unibertsitatean.

Gradu ondoko 52 ikasle gaztek, UPV/EHUko (43), Deustuko Unibertsitateko (7) eta Mondragon Unibertsitatekoak (2), plaza lortu dute Bilboko Udal Etxebizitzak-ek “Gazte Solidarioen” programaren hamabigarren ediziora bideratutako 20 etxebizitzetan.

Programa horren bidez udal etxebizitzak eskaintzen dira, alokairu partekatuan, prezio sinboliko baten truke: 55 euro hilean, pertsonako (argindarraren eta uraren gastuak kanpo); etxebizitza horiek hornitutako sukaldea eta altzariak izaten dituzte. Horren truke, ikasleek proiektu komunitarioetan eta kolektibo zaurgarriei laguntza emateko ekimenetan parte hartu behar dute, etxebizitza horiek dauden auzoetan; hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean. Honako honetan, elkarte hauen programetan parte hartzen dute: Bakuva, Claret Enea, Tximeleta eta Itaka Fundazioa.

Ekitaldian izan dira Jon Bilbao, Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzetako presidentea; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Nekane Garatea, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako bulegoko ostatu- eta harrera-arloko arduraduna, eta Ainhoa Esnaola, Mondragon Unibertsitateko ordezkaria eta unibertsitate horretako Bilboko LEINN gradukoa.

Jon Bilbaoren hitzetan, “dagoeneko hamabigarren edizioa betetzen duen programa honen helburua bikoitza da: ikasleei etxebizitzak modu onean izateko aukera ematea eta udal-etxebizitzetan bizi diren gazte horiek auzoaren gizarte-kausetan parte har dezaten bultzatzea”.

Edizio berri honen nondik norakoak azaldu ondoren, etxebizitzetako bat ikustera joan dira, bertan bizi den eta Claret Enea elkartean lankidetzan jardungo duen ikasleetako batekin. Claret Enea gizarteratze-zentro integrala da, Bilbo Zaharra auzoan dago eta helburu nagusia desabantaila sozialean dauden pertsona guztien aukera-berdintasuna sustatzea da.

Programan parte hartzen duten ikasleen batez besteko adina 26 urtekoa da. % 54,8 emakumeak dira eta % 45,2 gizonak.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak