0

  • Bilboko Alkatea gaur goizean izan da San Ignazioko instalazioak ikusten, eta han jaso du ziurtagiria, AENOR-en Euskadiko presidente Luz Emparantzaren eskutik.
  • Ezagutza hau etorri da kiroldegi bi horietan Udalak eginarazitako hobekuntza-obrei esker, alegia, oinen bidez hautemateko bideak eta seinaletika irisgarriagoa ezarririk, eta baita ere mugikortasunari laguntzeko elementuak eta lekuak hobeto identifikatzeko elementuak.
  • Bilboko Udala lanean dabil datozen urteotan kiroldegi guztiek izan ditzaten ziurtagiri hau.
  • Bilboko Alkateak San Ignazioko kiroldegian egindako ikustaldia baliatu du ikusteko nola geratu diren padel pista berriki estaliak, eta baita ere tenis pistak, haietan zoladura aldatu eta hobetu ostean.

San Ignazioko eta Atxuriko kiroldegiek AENOR-en irisgarritasun unibertsaltasunaren ziurtagiria jaso dute, bermatzen duena instalazio biek betetzen dituztela irisgarritasun baldintzak, arren eta pertsona guztiek, are mugitzeko, zentzumenezko edo ezagumenezko desgaitasunen bat dutenek, aukera izan dezaten haietan eskaintzen diren zerbitzuez gozatzeko.

Gaur goizean, Juan Mari Aburto alkateak, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziarekin eta Udalbatzako ordezkariekin batera, San Inazio Kiroldegiko instalazioak bisitatu ditu. Bisita honetan Bilboko Alkateak Luz Emparanza AENOR-en Euskadiko presidentearen eskutik jasoko ditu ziurtagiriak.

Aburtok nabarmendu du gaur jasotako bi ziurtagiri berri horien gainean: “Bilboko Udalak aurrera egin du eta indartu egin du bere instalazioetako inklusioaren eta irisgarritasunaren alde hartuta daukan konpromisoa, eta, oraingo aldi honetan, kirol instalazioetan“. Eta honako hau adierazi du, gainera: “gure helburua da kirola eta gorputz ariketa sustatzea pertsona guztien artean, ez dadin egon inolako oztoporik edo bazterketarik horretarako”.

Ezagutza hori lortzeko, Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak udal entitatearen bidez, hainbat hobekuntza egin ditu instalazio bietan.

  • Oinen bidez hautemateko bideak ezarrarazi ditu, zoruan zerrendak eta puntuak jarriz, ikusmen arazoak dituzten pertsonak sartzea eta ibiltzea errazago izan dezaten.
  • Lehendik zegoen seinaletika hobetu du: komunak eta aldagela egokituak non dauden errazago jakiteko seinaletika jarriz; braille bidezko seinaletika jarriz, ikusmen arazoak dituzten pertsonek errazago izan dezaten ibiltzea eta tornuak edo kutxatilategiak non dauden jakitea; zerrendak eta puntuak zoruan, ikusmen arazoak dituzten pertsonek errazago izan dezaten sartzea eta ibiltzea. Halaber, SOS mezuaren igorle gehiago jarri dira, eta hobetu egin dira lehendik zeudenak.
  • Mugikortasunerako laguntzak hobetu ditu, haien kokalekua edo egoera hobetuz, eta are laguntza berriak eskuratuz komunetarako eta aldageletarako; mugikortasunerako laguntzak direla entelegatzen da hagak eta oralekuak jartzea gune horien erabilera errazteko, edota elementuen kokalekua aldatzea gurpildun aulkietan dabiltzan pertsonek errazago izan dezaten haietara iragatea. Halaber, pabiloiko harmailetara sartzeko ate automatikoa jarri da.
  • Ikus kontrastea errazteko hobekuntzak eginarazi ditu, zoladurak eta zutiko estaldurak hobetuz, hartara errazago ezagut daitezen guneak eta oztopoak, diferentzia kromatikoen bidez.
  • Komunikazioa hobetu du: indukzio magnetikozko begizta eramangarri bat jarriz atariko harreran, audifonoa edo kokleako inplantea duten pertsonentzat.

Lan horietarako, 76.048 euro baliatu dira.

Une honetan, Bilbao Kirolak udal entitateak ikuskatuak ditu beste hiru instalazio, San Mamesekoak, Miribillakoak eta Txurdinagakoak, behar diren obrak eginarazteko 2022an eta ziurtatze prozesuan aurrera egiteko. Asmoa da datozen urteetan irisgarritasun unibertsalaren ziurtagiria lortzea bi instalazio horietarako, eta ostean Bilbao Kirolak-en gainerako kiroldegietarako ziurtagiri hori berori erdiestea.

KIROL EGOKITUA BILBAO KIROLAK UDAL ENTITATEAN

Bilbao Kirolak udal entitatearen kirol eskaintzan badira 234 plaza dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordeta, guztira eskaintzen dituen 29 ikastaroetan eta aretoko eta igerilekuko 6 modalitateetan: psikomotrizitatea, kirol askotarikoen saioak, aerobica, igeriketa, fitnessa eta gorputz jarrerak zuzentzea.

Eskaintza horri gehitu behar zaio makina berariazko bat dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, San Ignazioko kiroldegian dagoena, eta baita ere pertsona horien beharretara egokitutako makinak udal kiroldegietako fitness-aretoetan.

Era berean, Bilbao Kirolak udal entitateak Gabonetarako, Aste Santurako eta udarako antolatzen dituen adingabeentzako kirol aisialdi osasungarriko programetan beti gordeko dira lekuak dibertsitate funtzionala duten ume eta gazteentzat.

Gainera, Bilboko Udalak badu dirulaguntza-programa bat kirol egokitua sustatzeko eta kirola dibertsitate funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko baliabide moduan sustatzeko, eta 23.100 euro jartzen ditu horretarako, dibertsitate funtzionala duten pertsonez osatutako talde edo klubentzat edo dibertsitate funtzionala duten kirolari banakoentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonen gorputz jarduera areagotzeko programak erabat horretarako garatzen dituzten pertsonentzat, edo gizartearen sektore horrentzako kirol-ekitaldiak garatzen dituzten pertsonentzat. Udalak, halaber, dirulaguntza izendun bat dauka Bilboko Bidaideak BSR gurpil aulkiekiko saskibaloi klubarentzat.

ARDATZ SOZIALA, BILBORAKO KIROL ESTRATEGIA

Bilborako Kirol Estrategian bada estrategia-ardatz sozial bat. Hala, bada, agiriko ildo horretan, kirolaren izaera soziala nabarmentzen da, pertsonen eta taldeen ongizatea areagotzen lagun dezakeen politika gisa. Ardatz horren helburuak dira, besteak beste, berdintasuna sustatzea kirol arloan, kirolean inklusio soziala sustatzea kiroleko ekitate-irizpideak ezarriz eta gorputz-ariketa guztientzako eskainiz eta, orobat, kirol egokituko programen eskaintza handitzea, dibertsitatea duten eta ez duten pertsonek kirola elkarrekin egin ahal izateko jarduerak eskainiz.

PADEL PISTAK ESTALTZEA

Aburtok San Ignazioko kiroldegira egindako ikustaldia baliatu du padel eta tenis guneak nola geratu diren ikusteko, Bilbao Kirolak udal entitatearen bitartez eginarazi dituen hobekuntzen ostean.

Alde batetik, lau padel pista estalarazi ditu Udalak, estali gabe baitzeuden, eta, hala, pista guztiak geratu dira estalita, guztira 8. Alde horretatik, Juan Mari Aburtok adierazi du helburua hau dela: “kirola egin dadin erraztasunak ematea eta sustatzea, eguraldiaren axolarik gabe, eta kirol modalitate honen eskari geroz eta handiagoari erantzutea“. Instalazioak estaltzeko obretako inbertsioa 183.554 euro izan da.

Beste alde batetik, Bilbao Kirolak udal-entitateak aldatu egin du lur zanpatu artifizialezko zoladura kiroldegi horretako 3 tenis pistetan, eta haren ordez erretxina sintetikozkoa ezarrarazi, jokalekuen kalitatea hobetuz. Lan horietarako, 68.561 euro baliatu dira.

SARE SOZIALAK

#EmanKirolari #aktibazaitez

Contenidos asociados

Imágenes

Vídeos

PDFs

Audios