0

  • Urteurrenaren kariaz, Bilboko Udalak zenbait ekitaldi egingo ditu urte osoan.
  • Hasteko, otsailaren 1ean, ikasleentzako ipuin lehiaketa egingo da; gero, Miribillako instalazioak martxoaren 30ean zabalduko dira udaltzainen lana erakusteko; apirilaren 14an familientzako kirol-proba egingo da Uribitarteko inguruan; urrian udaltzaingoaren ereduari buruzko jardunaldiak egingo dira eta azaroaren 8an urteurrena ekitaldi instituzional batekin itxiko da.
  • Bilboko Udaltzaingoa 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen eskutik. Izan ere, tokiko erakunde moderno bat sortu zuen 12 agenterekin. Gaur egun, 861 pertsona baino gehiago daude Udaltzaingoan, alde batetik agenteak eta agintariak eta bestetik, atxikitako administrariak. Horietatik, 811 udaltzainak dira, 9 ikuskaritzatan eta zenbait ataletan banatuta.
  • Lehen ekitaldia Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleentzako ipuin lehiaketa izango da. Umeek Bilbon erroldatuta egon behar dute eta ipuinean Udaltzaingoak egiten duen lana eta Bilboko Balioen Agirian jasotako balioren bat lotu behar dute. Ipuinak aurkezteko epea otsailaren 1ean hasi eta apirilaren 1ean bukatuko da.

Bilboko Udaltzaingoak 175. urteurrena ospatzen du aurten. Bilboko Udaltzaingoa 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen eskutik. Izan ere, tokiko erakunde moderno bat sortu zuen 12 agenterekin. 175 urte ondoren, Bilboko Udaltzaingoa aldatu egin da eta gaur egun tokiko polizien erreferentea da hurbiltasun eta gertutasuneko politikarekin.

Urte berezi hau ospatzeko, Bilboko Udalak herritarrentzako zenbait ekitaldi egin nahi ditu. Udaltzaingoak herritarrei zerbitzua emateko helburua dauka eta pertsonak eta ondasunak babesten ditu. Hori dela-eta, bilbotar guztiekin partekatu nahi dute urteurren berezi hau. Izan ere, 12 agenterekin hasi eta 800 agente baino gehiago dauzkan talde honen hazkunde profesionala irudikatzen du, beti herritarren zerbitzura egonik.

Hauek dira aurten Bilboko Udaltzaingoaren 175 urteak ospatzeko egingo diren ekitaldiak:

  1. Bilbon erroldatuta dauden Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleentzako ipuin lehiaketa.
  2.  Miribillako instalazioak ezagutzeko eguna, martxoaren 30ean.
  3. Herri lasterketa familiekin eta gizarteko zenbait talderekin Uribitarteko inguruan, apirilaren 14an.
  4. Tokiko poliziaren ereduari buruzko jardunaldiak urriaren 10ean eta 11n, Euskalduna Jauregian.
  5. Ekitaldi instituzionala azaroaren 8an, Bilboko Udaltzaingoaren urteurrena ospatzen den eguna.

1.BILBOKO UDALTZAINGOAREN 175. URTEURRENEKO IPUIN LEHIAKETA

Bilbon erroldatuta dauden Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleentzako ipuin lehiaketa da. Bilboko Udaltzaingoaren lana eta “Bilbao Balioen Agiria” agirian jasotako balioetako batekin lotzea (elkartasuna, justizia soziala, giza eskubideen errespetua, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, bizikidetza, konfiantza, zintzotasuna…).

Otsailaren 1etik apirilaren 1era aurkez daitezke ipuinak. Testuak Segurtasun Sailean aurkez daitezke (Miribilla: Juan Carlos de Gortazar kalea 3, 48003 Bilbo). Bestela udaltegietara eraman edo posta arruntez bidal daiteke Segurtasun Sailera. Kasu guztietan adierazi behar da “Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurreneko Ipuin Lehiaketa”.

Ipuinak euskaraz edo gaztelaniaz idatz daitezke eta irudi batekin aurkeztu behar dira. Lehen Hezkuntzako 2. zikloko ikasleek 150 eta 200 berba bitartean idatzi behar dituzte eta hirugarren ziklokoen 200 eta 250 berba bitartean. Gainera, pertsona bakar batek idatzi behar ditu, jatorrizkoak izango dira eta ezin izango dira beste lehiaketaren batera aurkeztu.

Ekinaren lehen hamabostaldian banatuko dira sariak:

  • Lehenengo saria, euskarazko kategoria absolutuan, 250 euroko balioa duena.
  • Lehenengo saria, gaztelaniazko kategoria absolutuan, 250 euroko balioa duena.
  • Sari bat A kategorian (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa) euskaraz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.
  • Sari bat B kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa) gaztelaniaz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.
  • Sari bat C kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa) euskaraz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.
  • Sari bat A kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa) gaztelaniaz idatzitako ipuinik onenarentzat, 140 euroko balioa duena.
  • Ipuinak kategoria absoluturako lehiatuko dira eta kategoria horretan saririk lortu ezean, ipuinik onenaren sarirako aukera izango dute, aurkeztutako kategorian.

2.MIRIBILLAKO INSTALAZIOAK EZAGUTZEKO EGUNA

Martxoaren 30ean Miribillako instalazio polizialen atean irekiko dira herritarrek gertutik ezagutu ditzaten bertako azpiegiturak eta udaltzainek egiten duten lana.

Instalazioak 10:00etatik 14:00etara arte ikusi ahal izango dira eta udaltzainek eurek izango dira tokiko gidak, egiten duten lana zein den azalduz. Bisitak 15 pertsonako taldeetan egingo dira, jendea Miribillako ate nagusira heldu ahala.

Adin guztietako pertsonak joan daitezke. Bideko segurtasuneko espazio bat egongo da umeentzat, bideko segurtasuneko arauak ikasiz jolas egin dezaten. Gainera, Udaltzaingoaren bilakaera zein izan den ikusiko da ibilgailuen eta jantzien erakusketa baten bidez.

3.HERRI LASTERKETA

Apirilaren 14an kirol-jaia egin nahi da Uribitarteko inguruan. Udaltzaingoak herri lasterketa antolatuko du; familiek eta dibertsitate funtzionala daukaten taldeek hartuko dute parte. Herritar guztiak daude kirol-egun honetara gonbidatuta.

4.TOKIKO POLIZIAREN EREDUARI BURUZKO JARDUNALDIAK

Tokiko polizia, gertutasun eta hurbiltasuneko poliziaren ereduari buruzko jardunaldiak egingo dira urriaren 10ean eta 11n, Euskalduna Jauregian.

Lehen egunean hitzaldi teknikoagoak izango dira, segurtasuneko agenteentzat, eta bigarren eguna herritarrentzat izango da.

5.AZAROAREN 8A, 175. URTEURRENAREN OSPAKIZUNA

Egun horretan bukatuko da urteurrena, Bilboko Udaletxean egingo den ekitaldi instituzional batekin.

175 URTEKO IBILBIDEA DUEN POLIZIA

Bilboko Udaltzaingoa uriko historiaren zati bat da. 1844 azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen agintaldian. Berak erabaki zuen Udaltzaingoa sortzea eta lehendik zeuden aguazilen kidego txikia antolatzea; horrela eratu zuen tokiko erakunde modernoa, jendeak gero eta segurtasuna handiagoa eskatzen baitzuen.

Hasieran, 12 agente eta buru bat baino ez ziren egon. Udaltzaingoan sartzeko baldintzetako bat “bost oin eta hazbete bat luze” izatea zen (1,42 m). Gero, 1891n, Udaltzaingoan sartzeko gutxieneko altuera 1,70 metrokoa izatea ezarri zen. Hala ere, euskal herritarren batez besteko altura 1,65 metrokoa zen garai hartan. Gainera, egoera fisikoa ezinbesteko baldintza zen taldean sartzeko.

Lehen komisaria Udaletxe zaharreko beheko solairuan zegoen, Kontratazio Etxearen eta Bilboko Kontsuletxearen ondoan, San Antongo elizari itsatsita. Zerbitzuak oinez egiten ziren eta lehen ibilgailuak Automoto markako bost bizikleta izan ziren, “Tour de France” modelokoak, 1926an.

Gaur egun, ia mende biko ibilbidearen ondoren, 861 pertsona daude Bilboko Udaltzaingoaren plantillan (agenteak, agintariak eta atxikitako administrariak). Horietatik, 811 poliziak dira (86 emakumezko, % 10,02) eta langileen batez besteko adina 45 urte.

Kopuru horri dagoeneko abiarazia dagoen EPEa gehitu behar zaio: une honetan bi deialdi ditu, lehena 116 agentetarako, dagoeneko abian dena ––urtarrilean Arkautiko Akademian hasiko dira deialdi horretako poliziagaiak–– eta beste deialdi bat beste 40 agentetarako, laster egingo dena. Guztira, 156 agente berri izango ditu Bilboko Udaltzaingoko kide berriak 2019ko udan.

Bilboko Udaltzaingoaren automobil-parkean 134 automobil errotulatu daude; horietako 87 autoak dira, 21 motorrak, lur orotarako 12 ibilgailu, 13 furgoneta eta ibilgailu kameradun bat (batiskafoa).

Denborarekin, Udaltzaingoaren zeregina aldatu egin da. Gaur egun gakoa prebentzioa da, auzoetan oinez ibiltzen diren polizia-patruilekin, horrek segurtasunaren pertzepzioa areagotzen baitu. Herritarren beharrizanei erantzuten zaie horrela, batez ere adinekoei eta andrazkoei kasu eginez.. Gainera, Bilbon dagoen Ertzaintzarekin lankidetzan aritzen da.

Horrez gain, Udaltzaingoak harreman estua dauka auzoetako elkarteekin eta beste erakunde batzuekin, haien kezkak zeintzuk diren jakiteko eta arazo zehatz batzuen aurrean ahalik eta irtenbiderik onena aplikatzeko.

Beste alde batetik, Bilboko Udaltzaingoak 25 urte daramatza umeekin lanean Bide Hezkuntzan laguntzeko programen bidez. Horrela, bideko segurtasunaren arloan gogoeta sustatu, balioetan hezi, ezagutzak partekatu eta jarrera egokiak garatzen dira eta herritarren segurtasunaren arloko ezagutzak eskaintzen.

Segurtasuna herritarrengana eramateko asmoz, Udala une honetan lantzen ari den gertutasun eta hurbiltasuneko politikaren barruan, une honetan polizia-ekipamendu berriak irekitzeko lanean ari dira Mariaren Bihotzaren plazan, Deustun eta Abandoko inguruan. Instalazio horiek Miribillan, Udaletxean, Otxarkoagan eta Basurtun daudenei gehituko zaizkie.

Zerikusia duten edukiak