0

  • Parte hartze bidezko programari buruz ari gara, zeinak, aurten, iaz baino 252 proposamen gehiago jaso baititu; % 76ko hazkundea esan nahi du zifra horrek.
  • Aurkeztutako eskabideen artean, 487 banakoenak dira, eta, gainerakoak, 96, Bilboko entitate eta elkarteenak.
  • Proposamen bat aurkeztu duen pertsonarik gazteena 25 urteko gizon bat izan da, eta adin handikoena, 87 urteko emakume bat.
  • Uriko barruti guztietan jarduteko proposamenak egon arren, ekimen ugarienak Ibaiondoko barrutiari buruzkoak dira.
  • Berritasun moduan, herritarrek beren botoen bidez erabakiko dute zer proiektu sartzen diren Udalaren 2022ko aurrekontuan. Botoa emateko epea irailaren 16tik 26ra izango da, Udalaren web-orriaren bidez: www.bilbao.eus.

Bilboko Udalak 583 proposamen jaso ditu, bizilagunek bilbotarren bizi kalitatea hobetzeko aurkezturik. Parte hartze bidezko Aurrekontuen proiektuaren kariaz jaso dira, joan den maiatzeko 13tik 27ra.

2016an abian jarri zenetik, aurten izan da proposamen gehien jaso den urtea; iaz aldean, 252 proposamen gehiago jaso ditu Udalak, eta horrek % 76ko gehikuntza esan nahi du.

Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko gaietarako zinegotziak nabarmendu du zeinen handia izan den herritarren parte hartzea, “aurtengoa seigarren urtea da, eta datuen arabera, parte hartzearen kultura zabaltzen eta finkatzen ari da Bilbon”. “Bilbotarrek geroz eta gehiago parte hartzen dute uria elkarrekin eraikitzen eta hobetzen”.

Urtero ohi den legez, aurten ere Uriko barruti guztietarako jardun proposamenak jaso dira, eta eskabideen kopururik handiena Ibaiondoko barrutiari buruzkoa da, bera baita bizilagun gehien daukana Bilboko 8 barrutien artean:

  • Ibaiondo, 288 eskari
  • Errekalde, 71 eskari
  • Basurtu-Zorrotza, 47 eskari
  • Deustu, 47 eskari
  • Begoña, 45 eskari
  • Abando, 42 eskari
  • Uribarri, 34 eskari
  • Otxarkoaga-Txurdinaga, 9 eskari

PROFILA

Jaso diren 583 eskarietatik, 96 elkarteek eta entitateek egin dituzte, eta 487 herritarrenak dira. Eskabideen % 56,43 emakumeenak dira, eta % 43,57 gizonenak. Adinari dagokionez, eskari-egilerik gehienek 41 eta 50 urte bitartean dauzkate (236 pertsona) eta oso ugaria izan da 51 eta 65 urte bitarteko eskari-egileen taldea (178 pertsona). Proposamen bat aurkeztu duen pertsonarik gazteena 25 urteko gizon bat izan da, eta adin handikoena, 87 urteko emakume bat.

PROZESUAREN EPEAK

Proposamenak argitaratzea

Ekainaren 28an, jasotako proposamen guztiak argitaratuko dira bilbao.eus webgunean, salbu iraingarriak edo baztertzaileak direnak eta pertsona bakarrak igorrita berdinak direnak. Horiek baztertu egingo dira.

Ekainaren 28an bertan hasi eta irailera arte, udal-sailek lehentasuna emango diete teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnei eta interes orokorraren, egokieraren eta udal-estrategiaren irizpideei erantzuten dietenei.

Herri botazioa

Irailaren 16tik 26ra, bilbotarrek botoa eman ahal izango dute bilbao.eus webgunean, Bilborako onenak iruditzen zaizkien proiektuen alde.

Proposamen bakoitzarekin batera, honako informazio hauek agertuko dira: izena, deskribapena, erantsitako dokumentazioa, gutxi gorabeherako aurrekontua eta jarduketa egingo den barrutia.

Bozketan, Bilbon erroldatutako edozeinek parte hartu ahal izango du, 16 urte baino gehiago baditu, eta pertsonako boto bakar bat eman ahalko da. Horretarako, inprimaki erraz bat prestatuko da, eta bertan baliozkotuko dira nortasun-agiria eta jaiotze-data, erroldaren bidez. Behin baliozkotzeak eginik, nahi adina proposamen hautatu ahal izango dira, baina ezingo da gainditu parte hartze bidezko aurrekonturako ezarritako zenbatekoaren gehienezkoa (2 milioi euro).

Azkenik, boto gehien jasoko dituzten proiektuak izango dira 2022ko udal kontuetan sartuko direnak.

BALANTZEA

Aurten Parte-hartze bidezko Aurrekontuaren seigarren edizioa da. Programa horri esker, 66 proiektu garatu ditu Bilboko Udalak, herritarren ekimenez.

 

 

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak