- Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gutun bat igorri die, esteka bat txertatuta galdetegi batera daramana, galdetzearren joan diren aste hauetan garrantzi berezia hartu duten balioez, eta jakitearren, besteak beste, zeintzuk izan behar duten, beren ustez, balio nagusiak datozen asteotan.
- Aburto alkateak, halaber, idazki bera helarazi die Uriko Hiri Kontseiluko kideei, Bilbao Balioen Hiria proiektuaren jarraipen batzordea osatzen dutenei, hain zuzen ere.
- Galdera-sortari emandako erantzunek ematen dituzten emaitzak nahiz adingabeen sorkuntzak jendaurrean jarriko dira, egoerak aukera ematen duenean.
- Udalaren xedea da aurrera egitera balioetan oinarritutako jendarte baten moduan, eta aurre egitea osasun krisiak agerian jarritako desafio handiei, Bilboko Balioen Gutunaren 17 balioak jarduteko ardatz gisa baliatuz.
- Bilboko Balioen Gutunarekin bat egin nahi duenak www.bilbao.eus webgunean egin dezake.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gutun bat bidali die Bilboko Balioen Agiriarekin bat egin duten 2.000 pertsona eta 150 entitate baino gehiagori. Helburua, Aburto alkateak bere idazkian azaltzen duen moduan, Bilboren “orainaz eta etorkizunaz” elkarrekin gogoeta egitea da, eta “balioetan oinarritutako gizarte baten moduan aurrera egitea eta osasun krisi honek agerian utzi dituen desafio handiei aurre egitea”. Alkateak Bilboko Hiri Kontseilua osatzen duten kideei ere helarazi die gutun hau.
Gutunarekin bat egin duten pertsonek eta entitateek erakutsi dute balioen inguruan hartu duten konpromisoa, haiek Bilboko gizartearen elkarbizitzaren ardatz moduan hartuz, eta, hori dela eta, alkateak galdetegi bat helarazi die, gutunean bertan esteka bat txertatuta, jakin nahirik ea uste duten balioetan oinarritutako ekintzen bidez erantzuten ari ote zaion Bilbo osasun krisiari, ea zeintzuk izan diren aldi honetan garrantzi berezia hartu duten balioak, eta zein balio izango diren gakoak datozen hilabeteetan.
Horrez gain, galdetegian, halaber, galdetzen zaie zer jardun gauzatu beharko liratekeen hirian, zer ikasi den itxialdian, zer aldaketa nahiko lituzketen krisia gainditu osterako, eta zer ekarpen egin lezaketen berek hori lortzeko.
Galdetegiari emandako erantzunak norenak diren ez da adieraziko. Erantzun hauen guztien ondorioak jendaurrean jarriko dira. Interesa dutenek beren datuak eman ditzakete foro telematiko ala presentzial batean parte hartzeko, osasun-gomendioen bilakaeraren arabera.
BILBO BALIOEN HIRIA
Bilbao Balioen Hiria proiektua parte hartzezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina herritarrekin lankidetzan eraikia eta garatua, hasiera-hasieratik.
Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da gune bat sortzea, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzarako.
Proiektu honen emaitza gisa, 2018ko martxoan, Udalbatzarrak Bilboko Balioen Agiria onetsi zuen, Bilboko herritarren elkarbizitzaren ardatza izan behar duten balioak identifikatuz. Uriaren datozen urteetako bizitza gidatu behar dutenak. Gainera, Udalak badu plan bat ere agiriko 17 balioak gauzatzeko ekintzak biltzen dituena.
Bilboko Balioen Gutunarekin bat egin nahi duenak www.bilbao.eus webgunean egin dezake.