0

  • Udalak bizikidetzarako Kulturarteko Komunitateko Esku Hartzeko proiektua zabalduko du Errekaldeko barruti osoan.
  • Zenbait udal sailek Errekaldeko auzoetan programa batzuk egiten dituzte, herritarren arazo eta beharrizanei (pertsonalak, familiakoak nahiz sozialak) erantzuten laguntzeko eta, horrela, gizarteratzea eta parte-hartzera bultzatzeko.
  • Proiektu honen izena “Auzoak Abian / Barrios en Marcha” da eta orain bigarren etapari ekingo dio, etorkizuneko proposamen batekin; horri esker, 7. barrutiko eragileek elkarlanean eta koordinatuta lan egin ahalko dute.
  • Udalak, bizikidetzako estrategia indartu honekin, herritarren lankidetzan eta udal koordinazioan oinarritua, bi helburu dauzka: batetik, herritarren ongizatea eta duintasuna bermatzea eta, bestetik, 7. barrutian gizarte-, ekonomia- eta hirigintza-berroneratzea bultzatzea.

Bilboko Udalak gaur goizean, prentsaurreko batean, Errekaldeko barrutian bizikidetza indartzeko diseinatu duen lan-estrategia berria aurkeztu du. Aurkezpen honetan, Itziar Urtasunek, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak, eta Iñigo Zubizarretak, Gizarte Ekintzako zinegotzi eta 7. barrutiko presidenteak, uriko zona honetako entitateen ordezkarien talde batekin batera, barrutiko bost auzoetan dibertsitatetik bizikidetza errazteko Udalak egin duen plana azaldu dute.

2014. urteaz geroztik, Bilboko Udalak, Gazteleku elkartearekin eta La Caixa fundazioarekin batera, kulturarteko komunitateko esku hartzeko proiektua bultzatzen du, Iralabarri eta Ametzola auzoetan herritarren bizikidetza sustatzeko, “askotariko auzotarren artean harreman onak sortzen laguntzeko, azaldu du Itziar Urtasunek.

Gainera, azaldu du “Bilboko Udalak bizikidetzaren aldeko proiektu hau Errekaldeko barruti osora zabalduko duela, modu mailakatuan. Izan ere, Errekalde-Larraskitu, Iturrigorri-Peñascal eta Uretamendi auzoen esku-hartze beharrak eta Irala eta Ametzolarenak antzekoak dira”.

Une honetan, Errekalde da atzerriko jatorriko bizilagunen ehuneko handiena daukan barrutia: % 19,4, uriaren batezbestekoaren gainetik (Bilbon % 14,2 da). Gainera, zona honetan handitu da gehien biztanleria hau azken urteetan. Haien jatorriak asko dira, baina latinoamerikarrak dira nagusi: % 56.

OSASUNA, HEZKUNTZA ETA BIZIKIDETZA

Kulturarteko komunitateko esku hartzeko proiektuarekin, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak adierazi du “Irala eta Ametzola auzoak eta han bizi diren pertsonen ongizatea hobetzen jarraitu dugula”. Zehaztu du hiru alderdi nagusi landu direla horretarako: osasuna, hezkuntza eta bizikidetza. Sei urteko ibilbide honetan, 615 komunitate-ekintza egin dira. Beraien artean “komunitateko osasun-mahaia” eta “ogiaren jaia” nabarmendu behar dira. 56.513 lagunek parte hartu dute.

Udalak balantze positiboa egin du proiektu honetaz: “landutako bidea positiboa da argi eta garbi: auzoen aurrerapenean eta gizarte-eraldaketan lagundu dugu”, Urtasunen hitzetan. Modu berean, ekimena abiatu denetik gizarte-kohesioa bultzatzeko lortu diren 10 helmugak aipatu ditu. Besteak beste, herritarren kulturarteko sare bat; harremanetarako, elkarrizketarako eta parte hartzeko espazioak; auzoan errotzea eta bertako parte izatea; ume, gazte eta familiekin lan soziala egitea; dibertsitatearen parte-hartzea; osasun komunitarioa; ikastetxeen protagonismoa; eta elkarlanaren kultura.

ETAPA BERRIA: “AUZOAK ABIAN / BARRIOS EN MARCHA”

Aurten, proiektuak, “Auzoak Abian / Barrios en Marcha” izenarekin, bigarren etapa hasiko du, etorkizuneko proposamen batekin, “7. barrutiko eragile guztiok elkarlanean jardun ahal izateko kulturarteko bizikidetzaren aurrerapenaren alde. 2020ko amaieran, La Caixaren Gizartekintzaren bultzada bukatu da. Beraz, orain beste etapa bat hasiko da, Udalak gidatua, horrekin jarraitzeko eta finkatzeko”, azaldu du Itziar Urtasunek. Modu berean, esan du Udalak “apustu irmoa egiten duela gizarte-entitateek eta herritarrek orain arte egindako prozesuaren alde eta, batez ere, auzoetako bizikidetzaren, eraldaketaren eta hobekuntzaren alde”.

Ildo horretan, bi zinegotziek esan dute Udalak konpromiso bat eta ekarpen bat eskaintzen dituela. Ekarpena ez da soilik ekonomikoa; Udalak bere ekipamendu guztien erabilera eskaintzen du eta, bereziki, sortu diren harreman-espazioetan parte hartzen duten sail guztien lan aktiboa.

Horrela, Iralako eta Ametzolako auzoetan izandako prozesua 7. barrutiko gainerako auzoetara zabalduz gero, gizarte-kohesioa eta bizikidetza hobetuko dira Errekaldeko auzo guztietan; sinergiak eta lankidetza lortuko dira profesionalen, zerbitzuen, erakundeen eta gizarte-eragileen artean; barrutian dauden bitartekoak eta baliabideak bateratuko dira; herritarren bizi-kalitatea hobetuko da, batik bat kalteberatasun-egoera handiena dutenena; eta kulturarteko prozesu komunitarioaren konexioa eta osagarritasuna beste udal programa batzuetara zabalduko dira.

Proiektu berritu hau ezartzeko sistemari dagokionez, Iñigo Zubizarretak onartu du “oso argi daukagula auzoak ez ditugula Udaletik bakarrik martxan jartzen; orain inoiz baino gehiago, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta aliantzak sendotu behar ditugu, gizarte-kohesioa lantzeko eta Bilbon bizikidetza hobetzen duten politika publikoak integratzeko”. Modu berean, esan du “lan komunitarioak ahalbidetzen digula kulturarteko bizikidetza indartzea”.

KOORDINATUTAKO UDAL SAILAK

7. barrutiko presidentea den zinegotziak, bere hitzaldian, laburbildu egin ditu Udaleko sailek Errekaldeko auzoetan herritarren arazo eta beharrizanei (pertsonalak, familiarrak eta sozialak) erantzuteko eta, horrela, bizikidetza indartzeko egiten dituzten programa bereziak.

Gizarte Ekintza Sailaren kasuan, barruti honetan oinarrizko gizarte zerbitzu bat dauka eta hainbat programa lantzen ditu, kolektibo bakoitzaren beharrak asetzeko eta lagun egiteko: adingabeak, gazteak eta helduak.

Programa horien artetik bi barruti honetan soilik egiten dira, Udalak Gaztelekuarekin batera garatzen dituena. Batetik, Zirkilu” eguneko zentroa dago, 0 eta 11 urte arteko adingabeentzat eta beraien familientzat, babes ezeko arrisku arinean eta/edo babesgabeziako arrisku moderatuan daudenak eta euren arrisku-egoeraren tamainako gizarte-hezkuntzako esku-hartze bat behar dutenak.

Bestetik, Gizarte Desabantailako plana dago. Plan honek 7. barrutiko biztanleen bizi-kalitatea eta bizikidetza hobetu nahi ditu, eta arreta berezia eskaintzen die kalteberatasun handiko egoera duten eta, beraz, gizarte-bazterketako egoerak pairatzeko aukera gehiago dituzten pertsona eta kolektiboei, adibidez, gazteei eta ijitoei. Modu berean, hartzaileen arabera, Hirikoi kalteberatasun handiko gazteekin espezializatu da, eta KaliKalo ijito komunitatearekin.

Modu berean, prentsaurrekoan, udal sailek barruti honetan abiatu dituzten beste ekimen batzuk jakinarazi dira, barrutian inklusioa eta gizarte-partaidetza bultzatzen dituztenak: Herritarren Segurtasuneko tailerrak, familia eta gazteentzako aisialdiko eta kontziliazioko programak, osasunari lotutako prestakuntza hainbat alderditan (emakumeen genitalen mutilazioa, koronabirusa, elikadura osasuntsua, adinekoen artean ariketa fisikoa sustatzea,…), eta kultur programazio askotarikoa eta kalitatezkoa urte osoan zehar.

Bilboko Udalak, herritarren lankidetzan eta udal arteko koordinazioan oinarritutako bizikidetzako estrategia indartu honekin, bi helburu dauzka: herritarren ongizatea eta duintasuna bermatzea, eta 7. barrutian gizarte-, ekonomia- eta hirigintza-berroneratzea bultzatzea.

 

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak