BILBOKO UDALAK ARKITEKTURAZKO OZTOPOAK KENTZEKO ETA BIZITEGI ERAIKINETAN IGOGAILUAK JARTZEKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIA AURKEZTU DU

  • Deialdi honetan, aurten, 600.000 euro izendatu dira, bizitegietarako eraikinetan igogailuak jartzeko eta arkitekturazko oztopoak kentzeko, eta kanpoaldeko eremutan ere, jabetza pribatukoak direnean, hirigintzazko oztopoak kentzeko.
  • Beste alde batetik, 75.000 euro emango dira etxebizitza-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko. Gertatu liteke zenbateko horiek gehitzea, beharrezkoa izanez gero, aurkezten diren eskabideen arabera.Aurtengo deialdian, badira berrikuntzak, eta dirulaguntzetan emango diren zenbatekoak ere gehitu dira.
  • Iaz, Bilboko Udalak, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez, 93 egikune lagundu zituen diruz Uri osoan, guztira 590.888,09 euro emanez, aurreko urtean baino % 6,76 gehiago. Jarduketa horien onuradunak 1.882 etxebizitza izan ziren.
  • Beste alde batetik, SURBISA udal sozietatearen ardurakoa da gune hauetako hiri-birgaikuntza: Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Irala –gune endekatuak eta Irala historikoa– eta Zazpilanda. SURBISAk, iaz, arkitekturazko oztopoak kentzeko 25 jardun lagundu zituen diruz, guztira 250.000 euro emanez.
  • Guztira, iaz, udalerrian, 118 egikune gauzatu ziren bizitegi-eraikinen irisgarritasunerako, eta 840.888,09 euroko zenbatekoa baliatu zen haietan, eta 2.099 bizitegiri ekarri zien onura.

Bilboko Udalak, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez, aurten ere deialdi bat egin du 2022an etxebizitza-eraikinetan arkitekturazko oztopoak kentzeko dirulaguntzetarako. Laguntza hori bizitegi-eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko da, eta, aurten, badakartza berrikuntza batzuk diruz lagun daitezkeen zenbatekoei dagokienez.

Programa horretan, aurreikuspenen arabera, 600.000 euro banatuko dira, etxebizitza-eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko igogailuak eta irisgarritasuna hobetzen dituzten beste elementu batzuk jartzeko. Beste alde batetik, 75.000 euro emango dira etxebizitza-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko.

Gertatu liteke zenbateko horiek gehitzea, beharrezkoa izanez gero, ekitaldian zehar aurkezten diren eskabideen arabera.

Aurreko urteetan bezala, deialdi honen xedea da lan hauen zati bat finantzatzea: bizitegietarako eraikinen barrualdeko elementu erkideetan dauden arkitektura-oztopoak eta atarian bertan zuzenean sartzeko dauden kanpoko oztopoak kentzeko lanak (mailak edo eskailera-mailak, esaterako) eta, halakorik ez dagoenean, igogailua jartzeko lanak.

Era berean, deialdiaren helburua izango da etxebizitza-eraikinen inguruetan lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoko urbanizazioak ––erabilera publiko zein pribatukoak–– berritzeko obrak finantzatzeko dirulaguntzak ematea, baldin eta obra horiek hirigintza-oztopoak kentzea badakarte.

Bilboko Udalak eraikin partikularretan oztopo arkitektonikoak kentzeko hainbat laguntza-programa sustatu ditu 1998az geroztik, herritar guztiei etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzearren.

DIRULAGUNTZAK ESKURATZEKO BETEKIZUNAK, 2022AN

Orokorrean, arkitektura-oztopoak kentzeko dirulaguntzak jaso nahi dituzten etxebizitza-eraikinek betekizun hauek bete behar dituzte:

  • Eraikinaren erabilera nagusia bizitegia izatea.
  • Higiezinean bizitegi-erabilerak ez direnak badaude, erabilera horiek, gehienez ere, eraikitako azaleraren % 50 izan ahalko dira, beheko solairuak eta sotoak kenduta (horrelakorik egonez gero).
  • Etxeak, gutxienez, hamar (10) urte edo gehiago izatea.
  • Eraikinaren altuera osoa lau (4) solairukoa izatea, gutxienez, beheko solairua barne.
  • Eraikinen Azterketa Teknikoaren Txostena edukitzea, 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna daukan eraikin bat bada; igogailua jartzeko bada, edozein izan daiteke eraikinaren antzinatasuna.

Era berean, Otxarkoaga auzoaren berezitasuna aintzat hartzen da, hango biztanleen ezaugarri sozioekonomikoengatik eta obren kostu handiagoarengatik; izan ere, gehienbat, eraikinen kanpoaldean jartzen dira igogailuak, eta, hala, obraren egiazko kostuaren % 20ko diru-laguntasunari eusten zaio, gehienezko muga 20.000 euro izanik – orain arte, gehienezko muga 16.000 euro zen–.

SURBISAren ardurapeko jardun-eremuak (Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Zazpilanda, Iralabarri eta Irala historikoa) ez dira diru-laguntza hauetarako deialdian sartzen, diru-laguntzen sistema propioa dutelako. Ez da dirulaguntzarik emango familia bakarreko edo familia birentzako etxeetarako, diren etxe bakanak edo elkarri atxikiak.

Diru-laguntza hauek jaso gura dituzten jabeek edota ugazaba-erkidegoek 2022ko azaroaren 14a baino lehen aurkeztu ahal dituzte eskariak. Deialdiaren barruan sartzen dira oraindik ebatzi gabe dauden eskari lehenago aurkeztuak.

Udalak ematen dituen laguntzez den bezainbatean, kontuan hartu behar da:

Obraren benetako kostuaren % 10 da zenbatekoa:

  • Igogailua jartzeko: 20.000 euro gehienez, kaletik etxebizitzetara arte mailarik gabeko ibilbide bat lortzen bada –orain arte, muga hori 16.000 euro zen–.
  • Igogailuaren ibilbidea handitzeko, 8.400 euro gehienez (lehen, 7.000 euro).
  • Plataforma jasotzaileak, atarietarako arrapalak eta abar jartzeko: gehienez 4.200 euro (lehen, 3.500 euro).
  • Zenbait atari hartuko dituen igogailua jartzeko aurreproiektua idazteko: gehienez 1.800 euro (lehen, 1.500 euro).

Lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoaldeko urbanizazioak izanez gero:

  • Igogailua jartzeko: Kostuaren % 10, eta gehienez ere 12.000 euro (lehen, 10.000 euro).
  • Oztopoak kentzeko beste esku-hartze batzuk: Kostuaren % 20, eta gehienez ere 6.000 euro (lehen, 5.000 euro).

Dirulaguntza horiek bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak eta beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten dirulaguntzekin.

2021EAN ARKITEKTURAZKO OZTOPOAK KENTZEKO EMANDAKO DIRULAGUNTZEN BALANTZEA

Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak, 2021ean, 93 egikune lagundu zituen diruz, guztira, eta 590.888,09 euro (2020an baino % 6,76 gehiago) eman, guztira. Nabarmentzekoa da eskatutako dirulaguntza guztiak eman zirela, araudia betetzen zuten guztiak.

93 egikune horietatik:

  • 19 jarduketa, igogailua jartzeko. Horietan, erabateko irisgarritasuna lortu zen.
  • 7, igogailua jartzeko.
  • 1, urbanizazioak berritzeko.
  • 1, Otxarkoaga auzoan, igogailua jartzeko eta obra-aurreproiektuak idazteko.
  • 28, igogailuaren ibiltartea luzatzeko.
  • Eta beste 37, irisgarritasunarekin zerikusia duten jardunetarako (eskailera-igogailuak, arrapalak…).

Jarduketa horien onuradunak 1.882 etxebizitza izan ziren. Horietatik, % 29,03, igogailurik ez zuten eraikinetan igogailuak jartzeko izan ziren. Eta % 70,97 beste traba batzuk kentzeko jardunetarako; esate baterako, igogailuaren ibiltartea luzatzeko, eskailera-igogailuak, arrapalak eta abar jartzeko.

1.200 eurotik 16.000era arteko laguntzak barruti guztietan banatu ziren; gehiago, jakina, igogailurik gabeko etxebizitza-eraikin gehiago dauden aldeetan. Hortaz, jarduketa gehien Abando, Deustu, Errekalde, Begoña eta Uribarriko barrutietan egin ziren.

Beste alde batetik, SURBISA udal sozietatearen ardurakoa da gune hauetako hiri-birgaikuntza: Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Iralabarri, Irala zaharra eta Zazpilanda. SURBISAk, iaz, arkitekturazko oztopoak kentzeko 25 jardun lagundu zituen diruz, guztira 1,6 euro ipiniz inbertso pribatu gisa. Zenbateko horren % 35 lagundu zen diruz, 497.000 euroko zenbateko batekin ––250.000 euro, Surbisak, eta 247.000 euro Eusko Jaurlaritzak––, eta 217 etxebizitza gertatu ziren onuradun.

Egikune horiek, nagusiki, hemen gauzatu ziren: Zazpi Kaleetan (8), Bilbo Zaharrean (12), Zorrotzaurren (1), Olabeagan (2), Iralan (3). Horietatik, 20 igogailuak ipintzeko izan dira; 7, etxebizitzetan irisgarritasun-obretarako; eta 1, irisgarritasun-aurreproiektuetarako.

AHOLKULARITZAKO UDAL ZERBITZUA

Bilboko Udalak badu etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko informazioa emateko zerbitzua. Hirigintza Plangintzako Zuzendaritzan ematen da, eta, kontsultarik egin nahi izanez gero, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, 94 420 43 07 telefonoan, urbanismo@bilbao.eus helbide elektronikoan edo Udalaren www.bilbao.eus webgunean, “Zure Udalak entzuten dizu” atalean. Behin eskaera erregistratutakoan, zerbitzuko langileek interesdunarengana joko dute, behar den aholkularitza ematearren.

Zerbitzu horretan sarrien egiten diren galderak, hauen inguruan izaten dira:

  • Jabeen erkidegoetan aurretiaz onartu behar dituzten akordioak.
  • Irisgarritasun unibertsala lortzeko aukerak.
  • Obra-lizentziak eskuratzeko administrazio izapideak, ondasun pribatuak edo espazio publikoak okupatzeko beharrizana, eta beste udal sail batzuekiko solaskidetza.
  • Eskura daitezkeen laguntza ekonomikoak.

2017an abian jarri zenetik, zerbitzuak 375 erkidegori eman die aholkularitza.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak

AZKUNA ZENTROAK CABELLO/CARCELLER KOLEKTIBOAREN “AHOTS BAT ERAUSORENTZAT. TRANS GARAI BATERAKO EPILOGOA” ERAKUSKETA AURKEZTU DU

  • Zentroaren erakusketa-ekoizpen berri honek kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garikideak harremanetan jartzen ditu. Bere diziplinarteko lanaren bidez, Cabello/Carcellerrek instalazioa, performancea, fikziozko kontakizuna eta bideoa erabiltzen ditu ikusizko praktiketako irudikapen hegemonikoak zalantzan jartzeko eta alternatiba kritikoak proposatzeko.
  • Paul B. Preciado filosofo eta arte-komisarioa da proiektuaren komisarioa, eta Zentroko erakusketa-aretoan egongo da ikusgai martxoaren 10etik irailaren 25era arte.
  • Helena Cabello (Paris, 1963) eta Ana Carceller (Madril, 1964) artistek osatutako Cabello/Carceller kolektiboak Erausoren beste erretratu bat egin du proiektu artistiko honetarako, trans pertsonaia berrien galería batek interpelatzen duena.
  • Erakusketa-proiektua osatzen da jardueren programa publiko batekin, erakusketaren katalogoarekin eta bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako bisita-tailerren hezkuntza-programa batekin.

Azkuna Zentroak, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, “Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” produkzioaren ekoizpena inauguratu du. Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Cerceller) kolektiboa artisitkoaren lana da, Paul B. Preciadok komisariatuta.

Zentroko erakusketa berri hau martxoaren 10etik irailaren 25era egongo da ikusgai erakusketa-aretoan.

“Una voz para Erauso” proiektuak kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garikideak harremanetan jartzen ditu. Diziplina arteko lanaren bidez, Cabello/Carceller-ek instalazioa, performancea, fikziozko kontakizuna eta bideoa erabiltzen ditu, praktika bisualetako irudikapen-modu hegemonikoei buruz galderak egiteko eta alternatiba kritikoak proposatzeko.

Artistek aurkitu zuten erretratu liluragarri bezain ezohiko bat da proiektuaren abiaburua: Juan van der Hamen-ek (ziurrena) Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzitako Katalina Erausori 1626an egin ziona, gaur egun Kutxa bildumakoa dena. Erauso 1592an jaio zen Donostian, emakumezko sexua esleitu, eta Katalina izena eman zioten. Sarritan “moja alferez” izenez da ezagunagoa, neurri batean, bere autobiografiari esker, hor, “gizon gisa jantzita” komentutik ihes egin zuen neska gazte baten abenturak kontatu baitzituen, gero soldadu eta merkatari modura Espainiako inperioak Txiletik Mexikora kolonizatutako lurretan ibili zenarenak (besteak beste, Francisco Loyola, Juan Arriola, Alonso Díaz Ramírez de Guzmán…eta Antonio Erauso izenak hartuta).

LEHEN TRANS ERRETRATUA

Erakusketaren komisario Paul B. Preciadok nabarmendu duenez, “gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu “trabestitzat” har datieke”, nahiz eta nozio hori anakronikoa iza, XVIII. mendera arte ez baita existitzen.

Baina, argitzen duenez, Erauso, bere erretratua bezala, itzalak dituen irudi bat da. “Olio-pinturaren atzealde beltz-beltzean aurpegi zorrotz bat agertzen da, baina begirada kezkagarriki gozoa duena, eta, hala, ez dago aukerarik maskulinotzat edo femeninotzat jotzeko. Alabaina, maputxeen genozidioan inplikatuta egon zenez eta merkatu kolonialean izan zuen jarreraren ondorioz, figura deserosoa da trans historian”. Horregatik, argi-ilunarena da erakusketaren estetika, Erausoren erretratuarena bezala.

Cabello/Carceller-ek Erausoren “erretratu” berri bat egin dute proiektu artistiko honetarako, eta trans pertsonaia berrien galeria batek interpelatzen du. Azkuna Zentroak ekoitzitako ikus-entzunezko lan hau Doxa Produkzioak-ekin filmatu da, Alberto sin Patrón izan da jantzien diseinatzailea eta Mursego arduratu da musikaz.

Erakusketa erretratuen galeria analogiko-digital gisa eraiki da, non Erausok (bai 1626ko erretratu historikoak eta kopia, bai Cabello/Carceller-en erretratu berria) Cabello/Carceller-en aurreko lanaren beste irudikapen batzuekin bat egiten duen, besteak beste, lan hauekin: Autorretrato como fuente, 2001ekoa, Archivo: Drag Modelos (2007 – prozesuan), Movimientos para una manifestación en solitario (2021) eta Lost in Translation_un poema performativo (2016).

Erakusketa-proiektua osatzen da jardueren programa publiko batekin, erakusketaren katalogoarekin eta bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako bisita-tailerren hezkuntza-programa batekin.

CABELLO / CARCELLER

Cabello / Carceller laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi ziren elkarlanean, praktika bisualetan generoa eraikitzeko modu hegemonikoez galdekatzeko asmoz, eta queer jarreretatik alternatiba kritikoak proposatuz. Beren proiektu artistikoak uztartzen dituzte ikerketarekin, idazketarekin, komisariotzarekin eta irakaskuntzarekin. 2015ean beren lana aukeratu zuten Veneziako 56. Bienaleko Espainiako Pabiloirako.

Bakarkako erakusketetan erakutsi duten lana, besteak beste, MUACen (Mexiko Hiria, 2019), Madrilgo CA2Men (2017), Vigoko MARCOn etan Valentziako IVAMen (2016), eta Danimarkako, Filadelfiako, Madrilgo eta Buenos Airesko arte-zentroetan. BEren proiektuak erakusketa kolektiboetan era erakutsi dira: Parisko Pompidou Zentroan (2017), Bartzelonako MACBAn (2020), Tranziten (Bratislava, 2018), Museo da Electricidade-en (Lisboa, 2015), MNCARSen (Madril, 2013), Casino Luxembourg-en eta New Yorkeko Brooklyn Museum-en (2007). re.act feminism. A performing archive artxiboaren parte dira, eta Art and Queer Culture (Phaidon Press) eta Jack Halberstam-en The Queer Art of Failure (Duke University Press) argiltapenetan agertzen dira, besteak beste, baita egile beraren Female Masculinity liburuaren gaztelaniazko bertsioaren hitzaurrean ere.

PAUL B. PRECIADO

Paul B. Preciado filosofoa, arte-komisarioa eta idazlea da. Ezaguna da nazioartean gorputzaren , generoaren eta sexualitatearen politikei buruz egin duen lanagatik. Fullbright beka jaso zuen; lehenik, Filosofia eta Generoaren Teoria ikasi zuen, New Yorkeko New School for Social Research-en, eta, bertan, Jacques Derrida-ren eta Agnès Heller-en ikaslea izan zen; gero, Princeton University-n Arkitekturaren Teorian dokotatu zen.

Beste zeregin institucional batzuen artean, Bartzelonako Museu d’Art Contemporani-n Programa Publikoen eta Ikasketa Independenteeen Programaren zuzendaria izan da, baita Programa Publikoen komisarioa dokumenta 14 Kassel eta Atenasen ere, eta Taiwango Pabiloiaren komisarioa Venezian, Shu Lea Cheang artistarekin. Gorputzaren Filosofia irakasten du New York Unibertsitatean, eta Europako beste unibertsitate batzuetan. Manifesto Contra-sexual; Testo Yonqui; Sexo, drogas y biopolítica; Pornotopía; Un Apartamento en Urano; eta Yo soy el monstruo que os habla liburuak egin ditu, denak Anagramak argitaratuak.

ERAKUSKETAREN FITXA TEKNIKOA

Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa
Cabello/Carceller
Komisarioa: Paul B. Preciado

  • Martxoaren 10etik irailaren 25era
  • Erakusketa aretoa. Sarrera doan.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak

BILBOK OMENALDIA EGIN DIE EMAKUME MIGRATZAILEEI

  • Bizkaiko hiriburuko Udalak “Aintzatespena Bilboko emakume migratzaileei” ekimenaren hirugarren edizioko sariak banatu ditu.
  • Immigrazioaren Tokiko Kontseiluaren ekimena da, eta emakume etorkinek bizitza sozial eta publikoan duten presentziaren garrantzia aitortzea eta hiriari aniztasunaren erreferentziazko eta aintzatespeneko espazioak ematea du helburu.
  • 7 emakume saritu dituzte 6 kategoriatan, Emakume Politikaria, Artista, Giza Eskubideen Defendatzailea, Gaztea, Komunitate Eragilea eta Ekintzailea.

Gaur goizean, BBK KUNAko Ganbara aretoak, Bilboko Udaleko Immigrazioaren Tokiko Kontseiluak bultzatutako “Aintzatespena Bilboko Emakume Migratzaileei” ekimenaren III. Edizioaren sari banaketa ekitaldia hartu du.

Ekitaldi instituzional horren buru Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izan da, eta emakume horiek hiriaren bizitzari egiten dioten ekarpena balioetsi du. “Bilbon, biztanleria etorkina dugu, indar handikoa, ekintzarako gaitasun handikoa eta harrera egin dien hiriaren garapen sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalari ekarpenak egiteko gogo handia duena. Eta biztanleria-talde horren barruan, funtsezko lekua betetzen duten emakume asko nabarmentzen dira, erreferentzia komunitarioko eragile, profesional, lider, pentsalari, politikari eta ekintzaile gisa, eta, aldi berean, euren familientzat eta beste gizarte-zirkulu batzuentzat ongizatearen eta garapenaren eragile gisa”.

Ekitaldi honek kulturarteko ereduaren oinarrietako bat azpimarratzen du, hau da, aniztasuna tokiko garapenerako faktore gisa onartzea, eta martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, ospatuko da. Itziar Urtasunek Bilboko Udalak kulturartekotasuna zeharkako tokiko ekintzaren printzipio gisa indartzeko duen konpromisoa nabarmendu du, “oso harro gaude, eta eskerrak eman gura dizkiegu Bilboko gizartera migratu duten bizilagun guztiei, emakumeen zeregina nabarmenduz”.

Aurtengoa ekimenaren hirugarren edizioa da, eta helburu hauek ditu: batetik, emakume etorkinek bizitza sozial eta publikoan duten presentziaren garrantzia aitortzea, eta, bestetik, Bizkaiko hiriburuan aniztasunaren erreferentziazko eta aintzatespeneko espazioak posizionatzea.

Horri dagokionez, zinegotziak azaldu duenez, “funtsezkoa da komunitatean erreferenteak izatea, norberaren burua begiratzeko ispiluak, hurrengo belaunaldiak inspiratzen eta babesten dituzten emakumeak, daudenak eta etorriko direnak. Lan, superazio, ahalegin pertsonal eta helburuen lorpeneko eredu horiek gidari izan daitezke bide berean dauden beste emakume batzuentzat”.

Oraingo deialdirako, Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzi eta Immigrazioaren Tokiko Kontseiluko (CLI) presidenteak; Milagros Acea Asociación Sierra Maestra – Comunidad Cubana residente en Euskadi elkarteko kide eta CLIko bigarren presidenteordeak; eta Norma Vázquez psikologo eta feministak osatu dute Epaimahaia. Epaimahaiaren iritziz, baldintzak betetzeaz gain, hautatutako zazpi emakumeak dagozkien kategorietan egindako ekarpen bereziarengatik nabarmentzen dira:

  • EMAKUME POLITIKARIA: Kehinde Akeju (Nigeria)
  • EMAKUME ARTISTA: Karina Perla (Peru)
  • GIZA ESKUBIDEEN DEFENTSAN ARITZEN DEN EMAKUMEA: Rosario del Carmen García (Kolonbia)
  • EMAKUME GAZTEA: Manuela Correa Jaramillo (Kolonbia)
  • KOMUNITATEKO EMAKUME ERAGILEA: Victorine Damasse Atakiti (Kamerun) eta Marie Lucia Monsheneke (Kongoko Errepublika Demokratikoa)
  • EMAKUME EKINTZAILEA: Fatou Dieng (Senegal, Afrika)

Itziar Urtasunen berbetan, “saritutako emakume horiek ibilbide luzea dute, hainbat arlotan dute esperientzia, lotura berezia dute mugimendu sozial eta komunitarioekin, eta inplikazio pertsonala dute aktibista gisa Giza Eskubideen Defentsan eta arrazakeriaren kontrako borrokan, ikuspegi feministatik”.

ATZERRITAR JATORRIKO EMAKUMEAK: % 52,5 ETA 26.654 ERROLDATU

Bizkaiko hiriburuko datu demografikoei dagokienez, hirian bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen erdia baino gehiago emakumeak dira, erroldatuta daudenen % 52,5a dira, 26.654 guztira. Profil ohikoena Latinoamerikako emakumea da, 17.531, hau da, atzerriko emakume guztien % 65,8a.

Kolektibo horrek bizitzeko aukeratutako barrutiei dagokienez, Ibaiondok eta Errekaldek dute atzerritar jatorriko emakume gehien, Bilbon erroldatutako atzerritar jatorriko emakume guztien % 21,4 eta % 18,3, hurrenez hurren. Ibaiondo, Errekalde eta Deustu dira Latinoamerikako emakume gehien biltzen dituzten barrutiak (3.378, 3.206 eta 2.611, hurrenez hurren), eta Begoñan daude emakume bulgariar, errumaniar edo kroaziar gehien (321). Ibaiondo da Afrikatik (Magrebetik eta Afrikako gainerako lekuetatik) datozen emakumeen gune nagusia, eta Errekalde nabarmentzen da jatorri txinatarreko emakumeak bizi diren eremu nagusi moduan (erroldatutako emakume txinatarren % 43,7a barruti horretan bizi da).

Zifrek sendotu egiten dute “Aintzatespena Bilboko Emakume Migratzaileei” ekimenaren izaera estrategikoa, Immigrazioaren Tokiko Kontseiluak gauzatzen duen lanaren barruan. Finkatuta dago, eta “Bilbao Balioen Hiria“ proiektuaren Balioen Agiriarekin lerrokatuta, kultur aniztasunetik abiatuta inklusioa, tolerantzia eta bizikidetza bultzatuko duten ekintzak gauzatzearen aldeko apustuan. Balio horiek beti daude presente, justizia soziala, giza eskubideekiko errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta partaidetza, besteak beste.

Modu berean, 2030 Agenda Garapen Jasangarrirako Helburuei lotzen zaie, eta Bilbo Plana, Kulturarteko Hiria planaren barruan dago. Plan horrek emakume migratzaileen ahalduntzea sustatzeko lan-eremu espezifikoa jasotzen du, eta bere lehentasunetako bat gizarte-zaurgarritasun handiagoa duten kolektiboekin esku hartzea da. Kolektibo hori horien artean dago.

HIRIAREN GARAPENARI EGINDAKO EKARPENAREN 19 TESTIGANTZA

Gainera, jatorriz migratzaileak diren emakumeek Bizkaiko hiriburuari egiten dioten ekarpena ikusarazteko asmoz, Laura Caorsi kazetariak eta Rubén Arribas erredaktoreak “Geu- Nosotras” aurkeztuko dute gaur arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, euren bizipenak eta istorioak kontatzen dituzten emakume migratzaileei egindako 19 elkarrizketa, Hiribilduaren garapenari egindako ekarpena nabarmenduz.

Adin eta ibilbide anitzekoak, jakintza eta jatorri desberdinekoak, artetik merkataritza-ekintzailetzara eta politikatik giza eskubideen aldeko lanera doazen talentuak, guztiek lagundu dute Bilbo gaur egun den hiria izaten eta bihar izango den hiria eraikitzen.

Kolonbia, Filipinak, Errumania edo Senegal bezalako leku desberdinetan jaiotako Marta, Aura, Milagros, Porciana, Georgina, Esperanza, Nilda, Manuela, Farah, Viorica, Karla, Noreida, Doris, Maylin, Lidia, Norma, Luz, Irina eta Fatou, hirira sentsibilitatea, lana eta talentua ekarri duten emakumeak dira.

Argitalpenaren aurkezpen-ekitaldiaren ostean, solasaldia egingo da eguneko protagonistekin Emakume Migratu Ekintzaileen Elkartearen eskutik. Solasaldi horretan emakume horiek arlo pertsonaletik hasi eta arlo profesionalera egindako bide luzea nabarmendu ahal izango da, emakume guztiek komunean dituzten espazioak eta erronkak agerian utziz.

  • GEU-NOSOTRAS” ARGITALPENA ERANSTEN DA.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

 

 

Bideoak

PDFak

Audioak

BILBOKO UDAL ETXEBIZITZAK ERAKUNDEAREN GAZTE SOLIDARIOAK PROGRAMAREN EDIZIO BERRIA

  • Programa honek 52 plaza eskaintzen ditu zenbait etxebizitzatan, alokairu konpartituan, hilean 55 euroko prezio sinbolikoan; trukean, ikasleek auzoko proiektu komunitarioetan parte hartu behar dute.
  • Hamabigarren edizio honetan, Udal Etxebizitzak erakundeak 20 pisu prestatu ditu Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean programa honetarako, 2021/22 ikasturte unibertsitarioan indarrean egongo dena.
  • 400 gazte baino gehiagok, 26 urteko batez besteko adinarekin, parte hartu dute programan hasieratik.
  • Programan parte hartzen duten 43 ikasle UPV/EHUn ari dira ikasten, 7 Deustuko Unibertsitatean eta 2 Mondragon Unibertsitatean.

Gradu ondoko 52 ikasle gaztek, UPV/EHUko (43), Deustuko Unibertsitateko (7) eta Mondragon Unibertsitatekoak (2), plaza lortu dute Bilboko Udal Etxebizitzak-ek “Gazte Solidarioen” programaren hamabigarren ediziora bideratutako 20 etxebizitzetan.

Programa horren bidez udal etxebizitzak eskaintzen dira, alokairu partekatuan, prezio sinboliko baten truke: 55 euro hilean, pertsonako (argindarraren eta uraren gastuak kanpo); etxebizitza horiek hornitutako sukaldea eta altzariak izaten dituzte. Horren truke, ikasleek proiektu komunitarioetan eta kolektibo zaurgarriei laguntza emateko ekimenetan parte hartu behar dute, etxebizitza horiek dauden auzoetan; hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean. Honako honetan, elkarte hauen programetan parte hartzen dute: Bakuva, Claret Enea, Tximeleta eta Itaka Fundazioa.

Ekitaldian izan dira Jon Bilbao, Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzetako presidentea; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Nekane Garatea, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako bulegoko ostatu- eta harrera-arloko arduraduna, eta Ainhoa Esnaola, Mondragon Unibertsitateko ordezkaria eta unibertsitate horretako Bilboko LEINN gradukoa.

Jon Bilbaoren hitzetan, “dagoeneko hamabigarren edizioa betetzen duen programa honen helburua bikoitza da: ikasleei etxebizitzak modu onean izateko aukera ematea eta udal-etxebizitzetan bizi diren gazte horiek auzoaren gizarte-kausetan parte har dezaten bultzatzea”.

Edizio berri honen nondik norakoak azaldu ondoren, etxebizitzetako bat ikustera joan dira, bertan bizi den eta Claret Enea elkartean lankidetzan jardungo duen ikasleetako batekin. Claret Enea gizarteratze-zentro integrala da, Bilbo Zaharra auzoan dago eta helburu nagusia desabantaila sozialean dauden pertsona guztien aukera-berdintasuna sustatzea da.

Programan parte hartzen duten ikasleen batez besteko adina 26 urtekoa da. % 54,8 emakumeak dira eta % 45,2 gizonak.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak

BILBOK UKRAINAREKIKO ELKARTASUNA ADIERAZI DU UDALETXEAN EGINDAKO ELKARRETARATZE ISIL BATEN BITARTEZ

  • Juan Mari Aburto Alkatea izan da herritarren parte-hartzeari irekitako ekitaldi honetako buru, Udal Korporazioko gainerako kideak ondoan zituela.
  • Bertan izan dira, halaber, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Ukraina-Euskadi Elkarteko kideak, politikaren nahiz Hiriko bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalaren hainbat esparrutako ordezkariekin batera.

Bilbok Ukraniako herriarekiko elkartasuna adierazi du gaur eguerdian, Udaletxearen kanpoaldeko eskalinatan antolatutako bost minutuko elkarretaratze isilaren bitartez.

Herritarren parte-hartzeari irekitako ekitaldi honek Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea izan du buru, gainerako udalkideak eta Udaleko goi-kargudun nagusiak ondoan zituela.

Ukrainiarekiko elkartasuna adierazteko elkarretaratze honetan izan dira, halaber, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria eta Ukraina-Euskadi Elkarteko kideak, baita politikaren eta Hiriko bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalaren hainbat esparrutako ordezkariak ere.

Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) bultzatutako ekimen honekin bat eginez, Udalak argi utzi du berriz ere Bilbok bakea, askatasuna, demokrazia eta giza-eskubideen aldeko konpromiso sendoa duela.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

 

Bideoak

PDFak

“BILBO BALIOEN HIRIA” SARIEN LAUGARREN EDIZIOKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO EPEA OTSAILAREN 11N AMAITUKO DA

  • Bilboko Udalak balioak garatzen lan egiten duten pertsonei edo taldeei beren ideiak eta proiektuak aurkezteko deia egiten die.
  • Hiru sari emango dira, 3.300 eurokoak, eta saritutako ekimenarekin zerikusia duten xedeetarako erabili beharko da dirua.
  • Interesdunek formulario bat bete beharko dute bilbao.eus webgunean eta posta elektronikoz bidali (participacion@bilbao.eus) edo Udal Erregistroaren bidez.
  • Nahitaezko dokumentuak errazago aurkezteko, eskabide eredu bat prestatu da, eta www.bilbao.eus webgunean dago eskura.

Bilbo Balioen Hiria” sarien laugarren edizioko proiektuak aurkezteko epea otsailaren 11n (barikua) amaituko da.

Bilboko Udalak balioen garapenean diharduten pertsona edo erakunde guztiak animatu nahi ditu lehiaketa honetara euren proiektuak aurkeztera. Udalak gogorarazi duenez, lehiaketaren helburua da “Bilboko Balioen Agiriaren edukia bultzatzen duten erakundeen lana saritzea eta aintzatesteadokumentu horretan jasotako 17 balioetako bat gauzatzeko ekimenak garatuz”.

Hiru sari emango dira, 3.300 eurokoak, eta saritutako ekimenarekin zerikusia duten xedeetarako erabili beharko da dirua. Berrikuntza gisa, parte-hartzaileak zein motatakoak diren kontuan hartu gabe banatuko dira hiru sariak bereizketarik egin Gabe. Hauek dira partaide-motak:

  • irabazi asmorik gabeko entitateak eta elkarteak; horiek Elkarteen Udal Erregistroan izena emanda egon behar dute.
  • Bilboko ikastetxeak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilerreko eta erdi-mailako graduko ikasleek parte hartu badute proiektuan.
  • enpresak, saltokiak, ostalaritzako establezimenduak, elkargo ofizialak eta antzeko entitateak. Bilbon egon behar dute kokatuta.

BALDINTZAK

Sariketan parte hartzeko interesa duten entitateek memoria tekniko bat aurkeztu behar dute, honako hauek azalduz: zeintzuk diren proiektuaren helburuak, zein baliorekin duten zerikusia, zer jarduera garatu diren eta zein pertsonek edo taldek parte hartu duten, zein lekutan garatu den ekimena eta zein den emaitzen ebaluazioa, besteak beste. Gainera, egindako jarduerei buruzko ikus-entzunezkoak ere aurkez daitezke.

Ekimenak amaituta edota oso aurreratuta egongo dira eta hortaz, ez dira onartuko hasi gabe dauden proposamenak edo ideia hutsa direnak. Proiektu guztiek izan behar dituzte genero ikuspegiarekin eta hizkuntza sexismorik gabe erabiltzearekin zerikusia duten alderdiak; gainera, zehatzak izan behar dute, eta ikastetxe, enpresa eta elkarteen eguneroko jardueraz harago joan behar dute. Gainera, lehiaketan parte hartzen dutenek Bilboko Balioen Agiriari atxikiak egon behar dute.

Dokumentazioa posta elektronikoaren bidez bidal daiteke (participación@bilbao.eus) edo bestela, udal erregistroan aurkeztu.

Nahitaezko dokumentuak errazago aurkezteko, eskabide eredu bat prestatu dugu, eta www.bilbao.eus webgunean dago eskura.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak

SAN INAZIOKO ETA ATXURIKO KIROLDEGIEK AENOR-EN IRISGARRITASUN UNIBERTSALAREN ZIURTAGIRIA JASO DUTE

  • Bilboko Alkatea gaur goizean izan da San Ignazioko instalazioak ikusten, eta han jaso du ziurtagiria, AENOR-en Euskadiko presidente Luz Emparantzaren eskutik.
  • Ezagutza hau etorri da kiroldegi bi horietan Udalak eginarazitako hobekuntza-obrei esker, alegia, oinen bidez hautemateko bideak eta seinaletika irisgarriagoa ezarririk, eta baita ere mugikortasunari laguntzeko elementuak eta lekuak hobeto identifikatzeko elementuak.
  • Bilboko Udala lanean dabil datozen urteotan kiroldegi guztiek izan ditzaten ziurtagiri hau.
  • Bilboko Alkateak San Ignazioko kiroldegian egindako ikustaldia baliatu du ikusteko nola geratu diren padel pista berriki estaliak, eta baita ere tenis pistak, haietan zoladura aldatu eta hobetu ostean.

San Ignazioko eta Atxuriko kiroldegiek AENOR-en irisgarritasun unibertsaltasunaren ziurtagiria jaso dute, bermatzen duena instalazio biek betetzen dituztela irisgarritasun baldintzak, arren eta pertsona guztiek, are mugitzeko, zentzumenezko edo ezagumenezko desgaitasunen bat dutenek, aukera izan dezaten haietan eskaintzen diren zerbitzuez gozatzeko.

Gaur goizean, Juan Mari Aburto alkateak, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziarekin eta Udalbatzako ordezkariekin batera, San Inazio Kiroldegiko instalazioak bisitatu ditu. Bisita honetan Bilboko Alkateak Luz Emparanza AENOR-en Euskadiko presidentearen eskutik jasoko ditu ziurtagiriak.

Aburtok nabarmendu du gaur jasotako bi ziurtagiri berri horien gainean: “Bilboko Udalak aurrera egin du eta indartu egin du bere instalazioetako inklusioaren eta irisgarritasunaren alde hartuta daukan konpromisoa, eta, oraingo aldi honetan, kirol instalazioetan“. Eta honako hau adierazi du, gainera: “gure helburua da kirola eta gorputz ariketa sustatzea pertsona guztien artean, ez dadin egon inolako oztoporik edo bazterketarik horretarako”.

Ezagutza hori lortzeko, Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak udal entitatearen bidez, hainbat hobekuntza egin ditu instalazio bietan.

  • Oinen bidez hautemateko bideak ezarrarazi ditu, zoruan zerrendak eta puntuak jarriz, ikusmen arazoak dituzten pertsonak sartzea eta ibiltzea errazago izan dezaten.
  • Lehendik zegoen seinaletika hobetu du: komunak eta aldagela egokituak non dauden errazago jakiteko seinaletika jarriz; braille bidezko seinaletika jarriz, ikusmen arazoak dituzten pertsonek errazago izan dezaten ibiltzea eta tornuak edo kutxatilategiak non dauden jakitea; zerrendak eta puntuak zoruan, ikusmen arazoak dituzten pertsonek errazago izan dezaten sartzea eta ibiltzea. Halaber, SOS mezuaren igorle gehiago jarri dira, eta hobetu egin dira lehendik zeudenak.
  • Mugikortasunerako laguntzak hobetu ditu, haien kokalekua edo egoera hobetuz, eta are laguntza berriak eskuratuz komunetarako eta aldageletarako; mugikortasunerako laguntzak direla entelegatzen da hagak eta oralekuak jartzea gune horien erabilera errazteko, edota elementuen kokalekua aldatzea gurpildun aulkietan dabiltzan pertsonek errazago izan dezaten haietara iragatea. Halaber, pabiloiko harmailetara sartzeko ate automatikoa jarri da.
  • Ikus kontrastea errazteko hobekuntzak eginarazi ditu, zoladurak eta zutiko estaldurak hobetuz, hartara errazago ezagut daitezen guneak eta oztopoak, diferentzia kromatikoen bidez.
  • Komunikazioa hobetu du: indukzio magnetikozko begizta eramangarri bat jarriz atariko harreran, audifonoa edo kokleako inplantea duten pertsonentzat.

Lan horietarako, 76.048 euro baliatu dira.

Une honetan, Bilbao Kirolak udal entitateak ikuskatuak ditu beste hiru instalazio, San Mamesekoak, Miribillakoak eta Txurdinagakoak, behar diren obrak eginarazteko 2022an eta ziurtatze prozesuan aurrera egiteko. Asmoa da datozen urteetan irisgarritasun unibertsalaren ziurtagiria lortzea bi instalazio horietarako, eta ostean Bilbao Kirolak-en gainerako kiroldegietarako ziurtagiri hori berori erdiestea.

KIROL EGOKITUA BILBAO KIROLAK UDAL ENTITATEAN

Bilbao Kirolak udal entitatearen kirol eskaintzan badira 234 plaza dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordeta, guztira eskaintzen dituen 29 ikastaroetan eta aretoko eta igerilekuko 6 modalitateetan: psikomotrizitatea, kirol askotarikoen saioak, aerobica, igeriketa, fitnessa eta gorputz jarrerak zuzentzea.

Eskaintza horri gehitu behar zaio makina berariazko bat dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, San Ignazioko kiroldegian dagoena, eta baita ere pertsona horien beharretara egokitutako makinak udal kiroldegietako fitness-aretoetan.

Era berean, Bilbao Kirolak udal entitateak Gabonetarako, Aste Santurako eta udarako antolatzen dituen adingabeentzako kirol aisialdi osasungarriko programetan beti gordeko dira lekuak dibertsitate funtzionala duten ume eta gazteentzat.

Gainera, Bilboko Udalak badu dirulaguntza-programa bat kirol egokitua sustatzeko eta kirola dibertsitate funtzionala duten pertsonak gizarteratzeko baliabide moduan sustatzeko, eta 23.100 euro jartzen ditu horretarako, dibertsitate funtzionala duten pertsonez osatutako talde edo klubentzat edo dibertsitate funtzionala duten kirolari banakoentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonen gorputz jarduera areagotzeko programak erabat horretarako garatzen dituzten pertsonentzat, edo gizartearen sektore horrentzako kirol-ekitaldiak garatzen dituzten pertsonentzat. Udalak, halaber, dirulaguntza izendun bat dauka Bilboko Bidaideak BSR gurpil aulkiekiko saskibaloi klubarentzat.

ARDATZ SOZIALA, BILBORAKO KIROL ESTRATEGIA

Bilborako Kirol Estrategian bada estrategia-ardatz sozial bat. Hala, bada, agiriko ildo horretan, kirolaren izaera soziala nabarmentzen da, pertsonen eta taldeen ongizatea areagotzen lagun dezakeen politika gisa. Ardatz horren helburuak dira, besteak beste, berdintasuna sustatzea kirol arloan, kirolean inklusio soziala sustatzea kiroleko ekitate-irizpideak ezarriz eta gorputz-ariketa guztientzako eskainiz eta, orobat, kirol egokituko programen eskaintza handitzea, dibertsitatea duten eta ez duten pertsonek kirola elkarrekin egin ahal izateko jarduerak eskainiz.

PADEL PISTAK ESTALTZEA

Aburtok San Ignazioko kiroldegira egindako ikustaldia baliatu du padel eta tenis guneak nola geratu diren ikusteko, Bilbao Kirolak udal entitatearen bitartez eginarazi dituen hobekuntzen ostean.

Alde batetik, lau padel pista estalarazi ditu Udalak, estali gabe baitzeuden, eta, hala, pista guztiak geratu dira estalita, guztira 8. Alde horretatik, Juan Mari Aburtok adierazi du helburua hau dela: “kirola egin dadin erraztasunak ematea eta sustatzea, eguraldiaren axolarik gabe, eta kirol modalitate honen eskari geroz eta handiagoari erantzutea“. Instalazioak estaltzeko obretako inbertsioa 183.554 euro izan da.

Beste alde batetik, Bilbao Kirolak udal-entitateak aldatu egin du lur zanpatu artifizialezko zoladura kiroldegi horretako 3 tenis pistetan, eta haren ordez erretxina sintetikozkoa ezarrarazi, jokalekuen kalitatea hobetuz. Lan horietarako, 68.561 euro baliatu dira.

SARE SOZIALAK

#EmanKirolari #aktibazaitez

Contenidos asociados

Imágenes

Vídeos

PDFs

Audios

BILBOK GOBERNANTZAKO BIKAINTASUNAREN EUROPAKO ZIGILUA JASO DU

  • Bilbo da, Gasteizekin batera, sari hori lortu duen 200.000 biztanletik gorako lehenengo euskal udalerria. Bi hiriburuekin batera, beste 4 euskal udalerrik jaso dute aurtengo ELoGE zigilua: Basaurik, Eibarrek, Andoainek eta Urnietak.
  • Zigilu horrek tokiko gobernuen kalifikazio gorena ziurtatzen du, gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren 12 printzipioren arabera. Udalak giza eskubideekin, kultura-aniztasunarekin eta gizarte-kohesioarekin duen konpromisoagatik eta udal-zerbitzuen kudeaketa eraginkor eta efizientean duen erantzukizunagatik aintzatetsi da.
  • Hautagai diren udalak Europa osorako tresna komunaren arabera autoebaluatzen dira, EUDELek euskal berezitasunera egokitutako 97 adierazlerekin.

Bilbok 2021eko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortu du. Ziurtagiri hori, EloGe (European Label for Governance Excellence), Europako aintzatespenik handiena da tokiko gobernuentzat, eta bikaintasun-kalifikazioa egiaztatzen du, gobernu ona, kalitatea eta berrikuntza demokratikoaren hamabi printzipiotako zerrenda baten arabera.

Europako Kontseiluaren autoebaluazio-sistema zorrotz batean oinarritutako aintzatespena da, udal-kudeaketa eraginkor eta efizientea bideratzea helburu duena, iraunkortasun-ikuspegiarekin.

Bilbok, Gasteizekin batera, zigilu hori lortu duen 200.000 biztanletik gorako lehenengo euskal udalerria da. Bi hiriburuekin batera, EAEko beste 4 udalerrik jaso dute aurtengo ELoGE zigilua: Basaurik (Bizkaia), Eibarrek, Andoainek eta Urnietak (Gipuzkoa).

Saritutako udalerrien zerrenda gaur argitaratu da EUDELek Bilbon duen egoitzan – Euskadiko Udalen Elkartea 2017an egiaztatu zen zigilua emateko Europako lehenengo eskualde-plataforma gisa –.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin batera, Jorge Segurado Urnietako alkateak, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Jon Iraola Eibarko alkateak, Asier Iragorri Basauriko alkateak eta Borja Rodriguez Gasteizko zinegotziak saria jaso dute Gorka Urtaran EUDELeko lehendakari eta Gasteizko alkatearen eskutik.

Gainera, banaketa ekitaldian Alina Tatarenko Europako Kontseiluko Gobernantza buruak, ELoGEren erakunde bultzatzailea den aldetik, esku-hartze telematikoa egin du.

Juan Mari Aburtok azpimarratu du: “aitorpen honek gardentasun-, eraginkortasun-, efizientzia- eta berrikuntza-maila handienak dituzten Europako hirien buruan jartzen gaitu, baina, aldi berean, gogorarazi behar digu ezin dugula eta ez dugula konformatu behar”. Ildo horretan, Aburtok gaineratu du: “Bilbon lanean jarraituko dugu dagoeneko asmo handikoak diren baina gero eta zorrotzagoak diren estandarrei eusteko eta aurrera egiteko. Baita gobernantza onaren balioak partekatzeko eta zabaltzeko ere, besteak beste, berdintasuna, parte-hartzea, kultura-aniztasuna edo gizarte-kohesioa edozein erakunde publikotan kudeatzeko oinarri gisa”.

Gorka Urtaran EUDELeko presidenteak nabarmendu duenez, tresna honek garrantzi handiagoa hartzen du COVID-19aren pandemiak bizkortu duen gizarte-eraldaketaren erronkei aurre egiteko: “Zigilua da gure tokiko erakundeak indartzeko eta jasangarriago bihurtzeko tresnarik onena. Europak hobekien baloratzen duen ataletako bat gure erreakzio-gaitasuna da, une bakoitzeko premiei arintasunez erantzuteko, baita epe luzerako ikuspegia ere, oztopoei edo etorkizuneko krisiei aurrea hartzeko”.

12 PRINTZIPIO ETA 97 ADIERAZLE

Sailkapena Gobernu Onaren 12 printzipiotan oinarritzen da. Printzipio horiek Europako demokraziaren funtsezko balioak dira, eta bat datoz Nazio Batuen GJHekin:

  • (1) Ordezkaritza eta bidezko hauteskundeak; (2) Erreakzio ahalmena; (3) Eraginkortasuna eta efizientzia; (4) Irekidura eta gardentasuna; (5) Zuzenbidezko estatua; (6) Jokabide etikoa; (7) Konpetentziak eta Gaitasunak; (8) Berrikuntza eta aldaketarako jarrera irekia; (9) Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; (10) Finantza kudeaketa ona; (11) Giza Eskubideak, kultura aniztasuna eta gizarte kohesioa; (12) Kontuak emateko beharra.

Udal bakoitzak bere jarduketaren alderdi guztiak barne hartzen dituzten 97 adierazleri erantzuteko dauzkan probak aztertu behar ditu, bai antolamenduaren barruan, bai zerbitzugintzan eta gizartearekiko harreman estuan.

Aztertutako atalen artean daude, besteak beste, administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hautetsien jokabide etikoa, herritarrek parte hartzeko kanalak edo organoak, gardentasun eta berrikuntza publikoko tresnak, eta giza eskubideak sustatzea, berdintasuna, aniztasuna, inklusioa eta gizarte-kohesioa zeharkako ardatz modura hartuta.

ELOGE EUSKADIN

ELoGE 2017an iritsi zen Euskadira, EUDELen eskutik, Europako lehen eskualde-plataforma bihurtu ondoren, bere lurraldeko udalerri guztietan zigilua eman ahal izateko. Hori lortzen lagundu zuen Euskadiko Udalen Elkartearen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza-harreman estuak. Baterako lan horrek fruitua eman du estatu mailan aitzindariak diren ekimenetan, hala nola 2013an, tokiko hautetsientzako lehen jokabide etikoko kodea eta Gardentasunaren aldeko Udalen sarea, edo 2014an, tokiko finantzen Europako ebaluazioa.

2017. eta 2021. urteen artean ELoGEren lau edizio egin dira Euskadin eta, horietan, EAEko hamabi udalek lortu dute bikaintasun-ziurtagiria lortzea. Lau udalerrik bi aldiz lortu dute zigilua, besteak beste Basaurik eta Urnietak, aurten berritu egin baitute. Edizio honek Bilbo, Gasteiz, Eibar eta Andoaingo kide berriak ekarri ditu.

ELoGE zigilua duten euskal udalak tamaina guztietako udalerriak dira:

  • 10.000 biztanle baino gutxiago: Andoain, Legazpi eta Urnieta*
  • 10.000-20.000 biztanle: Bermeo, Ermua* eta Laudio
  • 20.000 – 70.000 biztanle: Basauri*, Eibar, Irun*, Leioa
  • 200.000 baino gehiago: Bilbo, Gasteiz

* (ELoGE zigilu bi)

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak

BILBOKO UDALEKO OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK ZERBITZU BAT JARRI DU MARTXAN, COVID-19AREN EGOERA DELA-ETA ONGIZATE EMOZIONALEAN ERAGINEN BAT IZAN DUTEN EMAKUMEEI LAGUNTZEKO

  • Bilboko Udalak laguntza emozionala emateko saio sorta bat antolatu du. Osasun mentalaren alorreko profesional batek gidatuko ditu saio horiek.
  • Hamar izango dira: ordu biko saio bat astean. Pandemia-egoeraren ondorioz ongizate emozionalak okerrera egin dien hamar emakume inguruk hartuko dute parte.
  • Emakumeek taldean landuko dituzte antsietatea kontrolatzeko estrategiak.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak saio batzuk antolatu ditu, COVID-19ak sortutako egoera dela-eta ongizate emozionalean eraginen bat jasan duten emakumeei laguntzeko.

Lehenengo saioa urtarrilaren 11n (astertea) egin zuten, La Bolsa Udaltegian (Yohn Jauregia), 11:00etatik 13:00etara, eta astero saio bat egiten jarraituko dute.

Horrela, bada, hamar asteartez jarraian, osasun mentalaren alorreko profesional batek bere laguntza eta ezagutza guztiak eskainiko dizkie lehen arretako unitateek hautatutako hamar emakumeri —psikofarmakoak hartzen dituzte denek, medikuaren aginduz, eta/edo antsietatea edo depresioa diagnostikatu diete—.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak adierazi du «funtsezkoa» dela «laguntza emozionala ematea txarto pasatzen ari diren emakume guztiei; horregatik, gure Sailaren asmoa da eremu komunitarioan osasunari lotutako portaera onuragarriak bultzatzea, eta genero-rol berdinzale eta osasungarriak sustatzea».

Saioetara doazen emakumeek taldean landuko dituzte antsietatea kontrolatzeko estrategiak, eta horrek ahalbidetuko die beren nahasmendua tratatzeko prozesuan paper aktiboa izatea, ez pasiboa. Jarrera aktibo horri eta autokontrolari esker, kasu askotan, medikazioa gutxitu ahalko dute emakumeek, edo, areago, hartzeari utzi. Era berean, birgaixotze-indizea txikiagoa izango da, eta, hala, gutxiagotan jo beharko dute osasun-zerbitzuetara.

EMAKUMEEK HAUTEMANDAKO SENTSAZIO SUBJEKTIBOAK HOBETZEA ETA KOLEKTIBO HORRETAN PSIKOFARMAKOEN KONTSUMOA GUTXITZEA

«Emakumeak Osasunaren Alde» programa osasuna sustatzeko jarduera bat da, COVID-19aren ondoriozko egoera dela-eta beren osasun-egoeran eraginen bat izan duten emakumeei zuzendutakoa.

Zentzu horretan, CISek pandemian zeharreko osasun mentalari buruz egindako inkesta batek jasotzen du aldi horretan zehar % 6,4 igo dela osasun mentalaren profesional batengana jo duten herritarren kopurua, eta, emakumeen kasuan, horren bikoitza izan direla. Era berean, inkestak dio konfinamenduan zehar psikofarmakoak kontsumitu zituzten emakumeen ehunekoa gizonenaren bikoitza izan zela.

Hain zuzen ere, egoera horri erantzuteko diseinatu du Osasun eta Kontsumo Sailak «Emakumeak Osasunaren Alde» programa: emakumeek hautemandako sentsazio subjektiboak hobetzeko eta kolektibo horretan psikofarmakoen kontsumoa gutxitzeko.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak

Audioak

BILBOKO ALKATEAK KANALEKO PASEALEKUA INAUGURATU DU, ZORROTZAURREKO PLAN BEREZIKO LEHENENGO BIDE BERRIA

  • Izen berria Deustuko barrutiko auzo-elkarteekin batera aukeratu da, parte-hartze bidezko prozesu batean.
  • Kanaleko pasealekua Deustuko kanal zaharraren alboko bidea da, paraleloan doana Zarandoa etorbidearekin, Morgan kalearekin eta Ballets Olaeta kalearekin. Frank Gehry zubiaren elkargunean hasi eta Agirre Lehendakariaren etorbidearekin batera amaitzen da. Ez du eraginik etxebizitzetan ez komertzioetan.
  • Kanaleko pasealekua 2 kilometro baino luzeagoa da: bera da gaur egun oinezkoen biderik luzeena urian.
  • Bilboko kale-izendegiak 916 kale dauzka gaurtik aurrera.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak udal korporazioko zenbait ordezkarirekin Kanaleko pasealekua inauguratu du gaur goizean, Zorrotzaurreko Plan Bereziko lehen bide berria.

Izen berri hori parte-hartze bidezko prozesu baten emaitza da; prozesu horretan Deustuko barrutiko auzo-elkarteek parte hartu dute eta haiek ere inaugurazio-ekitaldian izan dira.

Aburto alkateak herritarren kolaborazioa azpimarratu du eta gogora ekarri du bizilagunen parte-hartzeari esker beste hiru kale-izen erabaki direla: San Ignazioko zubia, Galletaginak eta Sabina de la Cruz, denak Zorrotzaurreko ingurunean.

Hala, Bilboko alkateak azpimarratu duenez, “Zorrotzaurre aurrera doa; urratsak egiten ari gara berroneratzean, berreraikitzean, gure apustu handirantz: Bilbo uri berritzailea, ingurumenerako jasangarria, unibertsitate-uria eta uri sortzailea izan dadila. Bilbotar guztientzako espazio berri bat sortzea, ikasteko, lan egiteko, ondo pasatzeko eta bizitzeko”.

KANALEKO PASEALEKUA

Kanaleko pasealekua Deustuko kanal zaharraren alboko bidea da, paraleloan doana Zarandoa etorbidearekin, Morgan kalearekin eta Ballets Olaeta kalearekin. Frank Gehry zubiaren elkargunean hasi eta Agirre Lehendakariaren etorbidearekin batera amaitzen da. Ez du eraginik etxebizitzetan ez komertzioetan.

Eremu horretako hirigintza-jarduketen ondorioz, baja emango zaio udalaren kale-izendegian Deustuko Kanaleko kaleari; izan ere, inguru horretako urbanizazio berriarekin, kale hori osorik desagertu da.

Kanaleko pasealekuarekin, Bilboko kale-izendegian 919 kale daude.

Kanal pasealekuko plakak 2016ko azaroaren Osoko Bilkurak onartutako irudi ofizialarekin jarri berri diren lehenak dira. Aurreko plaketan erabilitako bertsioaren aldean, aldaketa nagusiak ezkututik koroa desagertzea da, baita ereinotzaren eta olibondoaren adarra ere. Eta bere forma, gainera, ez da hain obalatua.

Contenidos asociados

Imágenes

Vídeos

PDFs

Audios