UDALAK BILBAO BALIOEN HIRIA SARIETARAKO PROPOSAMENAK AURKEZTEKO EPEA IREKI DU GAUR, NOBEDADE GISA UNIBERTSITATEEI ERE AUKERA EMANEZ

  • Deialdiaren seigarren edizioa da honako hau, eta helburua da publikoki aitortzea auzo, barruti edo hiri mailan gauzatu diren edo gauzatzen ari diren balioak sustatzen dituzten ekimenak (Bilboko Balioen Agiria).
  • Proposamenak dauden 4 kategorietako batean kokatu beharko dira: irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak; Bilboko ikastetxeak; sektore pribatuko enpresak, merkataritzako saltokiak, ostalaritza, elkargo profesionalak edo Bilbon kokatutako antzeko beste batzuk; eta unibertsitateak, aurtengo berrikuntza gisa.
  • Ekimenak proposatzeko epea otsailaren 29an amaituko da, eta Udaleko Erregistro Orokorraren bidez bakarrik aurkeztu ahal izango dira; hain zuzen ere, horixe da beste nobedade bat, modu horretan baino ez direla aurkeztuko.
  • 3.300 euroko 3 sari banatuko dira.

Bilboko Udalak Bilbao Balioen Hiria sarien seigarren ediziorako proposamenak aurkezteko epea ireki du gaur eta zabalik egongo da otsailaren 29ra arte. Lehiaketak bi berrikuntza ditu: batetik, unibertsitateen eremura irekitzea, eta, bestetik, ekimenak aurkezteko modu bakarra dagoela, Udaleko Erregistro Orokorrean.

Deialdiaren helburua da publikoki aitortzea auzo, barruti edo hiri mailan gauzatu diren edo gauzatzen ari diren balioak sustatzen dituzten ekimenak (Bilboko Balioen Agiria). Proposamenak dauden 4 kategorietako batean kokatu beharko dira: irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak; Bilboko ikastetxeak; sektore pribatuko enpresak, merkataritzako saltokiak, ostalaritza, elkargo profesionalak edo Bilbon kokatutako antzeko beste batzuk; eta unibertsitateak, aurtengo berrikuntza gisa.

4 PARTE HARTZAILE

3 sariak (bakoitzak 3.300 euro izango ditu) mota hauetako edozeinek garatutako proiektuei emango zaizkie:

  • Irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak. Elkarte eta erakunde horiek Bilboko Udalaren Herritarren Partaidetzako Entitateen Erregistroan izena emanda egon behar dute eta proiektua Bilbon garatua izan behar du.
  • Bilboko ikastetxeak., Haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako, batxilergoko edo/eta erdiko mailako formazio zikloetako ikasleek parte hartu behar dute proiektu horietan.
  • Unibertsitateek, baldin eta proiektua Bilbon garatu bada eta aurkezten duen fakultatea Bilbon kokatuta badago.
  • Sektore pribatuko enpresak, merkataritzako saltokiak, ostalaritzako establezimenduak, elkargo ofizialak eta antzeko entitateak. Bilbon egon behar dute kokatuta.

Baldintza nagusietako bat da proiektu guztiek izan behar dute zerikusia Bilboko Balioen Agiriak jasotzen dituen 17 balioetakoren bat edo batzuk garatzearekin. Balio horiek hemen jasota daude: Bilboko Balioen Agiria Izan ere, sariketara aurkezteko, erakundeak, ikastetxeak, enpresak, etab. Bilboko Balioen Agiriari atxikita egon behako dute eskabidea aurkezten den egunean.

Gainera, proiektu guztiek eginda edo gauzatzen egon beharko dute, eta ezingo dira mugatu eguneroko jarduera deskribatzera; ekintza zehatzak aipatu behar dituzte. Proiektu guztiek genero-ikuspegia ere txertatu beharko dute, eta hizkera ez-sexista erabili.

Beharrezko dokumentazioa errazago aurkezteko, eskaera-eredu bat egin da, www.bilbao.eus helbidean eskuragarri dagoena.

Epaimahaiak, behin epaia emandakoan, saria emateko proposamena aurkeztuko dio Gobernu Batzordeari. Epaia sarietan parte hartu dutenei jakinaraziko zaie 2024. urteko lehen seihilekoan eta sari-banaketa ekitaldi publiko batean egingo da.

BILBAO BALIOEN HIRIA

Balioen Hiria Sariak Bilbo Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbo Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea, ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere.

Helburua gune bat sortzea da, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisiak egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzan aritzeko. Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eta Udalaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea www.bilbao.eus.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak

JUAN MARI ABURTO BILBOKO ALKATEAK “BILBO BALIOEN SARIAK” EMAN DIZKIE THE EKO LAB ELKARTEARI, SANCHEZ MARCOS IKASTETXEARI ETA BAKUVA FUNDAZIOARI

  • Sanchez Marcos ikastetxearen “Arbotante/Arbota-arkua” eta The Eko Laben “La Bobina” belaunaldi arteko ekimenak dira, hezkuntzaren eta komunitatearen eremukoak, hurrenez hurren.
  • Sarituetako hirugarrena Bakuvaren “David” proiektua da, entitatearen eskola-laguntzako programan parte hartzen duten gazteei orientazio pertsonala, akademikoa eta soziala emateko zerbitzua.
  • Hiru ekimenek elkarrekin sustatzen dituzte bizikidetza, berdintasuna, jasangarritasuna edo sormena bezalako balioak, denak ere Bilboren Balioen Agirikoak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak “Bilbo Balioen Hiria Sariak” banatu ditu. Bosgarren edizio honetan, honako hauen lana aitortzeko izan dira: Juan Manuel Sanchez Marcos HLHI (“Arbotante/Arbota-arkua”), The Eko Lab elkartea (“La bobina”) eta Bakuva fundazioa (“Proyecto David”).

Aburto alkateak esan duenez, “sarituak izan diren proiektuetako bakoitzak lagundu egiten digu Bilboko Balioen Agiria sustatzen; sari horien xedea da, hain zuzen, balioak bultzatzen dituzten ideiak sustatzea eta haien alde egitea, aditurik balioak direla gizartean bizikidetza ardazteko eta gure Uria aurrerantzean ere hobetzeko tresna batzuk, eta guztiz sinetsita ekintza txiki oro, ahalegin oro eta jokabide oro dela garrantzitsua Bilbon bizi garen guztion ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egiteko”. Aburtok gogorarazi duenez, “Bilbok bere hirigintza-eraldaketagatik da ezaguna batez ere. Orain badakizue gure ahalegina dela balioen hiri gisa ere ezaguna izatea, eta helburu hori lankidetzan soilik lortuko dugu, elkarrekin lan eginez, konpromisoz eta konbentzimenduz. Zuek bezalako pertsonez betetako gizarte bat behar dugu, pertsona aktibo, parte-hartzaile eta kolaboratiboez betea”.

Juan Mari Aburtok azpimarratu duenez, “Bilbok gero eta inklusiboagoa, anitzagoa, konprometituagoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan nahi badu, balioen erreferente izan behar du, Garapen Jasangarrirako Helburuekin dugun konpromisoarekin lerrokatutako erronka”.

SARITUTAKO 3 PROIEKTUAK

THE EKO LAB

“La Bobina” izeneko proiektuan belaunaldi arteko ikasgela bat sortu da ehungintzaren inguruan; joskintzako eta artisautzako teknikak partekatzeko eta ikasteko espazio ireki bat.

Joskintza-eskola bat sortzetik haratago, belaunaldi eta kulturen arteko topaketarako eta elkarrizketarako leku bat eskaini nahi da, zeinetan ezagutzen, balioen eta esperientzien trukaketa eta ikaskuntza bat sortuko den, komunitatearen garapenean eta kohesioan aktiboki laguntzeko helburuz. Era berean, kontzientziatzeko eta praktika jasangarriak, upcycling-a, birziklatzea eta konponketa sustatzeko gune bat da. Ideiak sustatzen dituen balioen artean, bizikidetza, berdintasuna, jasangarritasuna eta sormena nabarmentzen dira.

Ildo horretan, epaimahaiak aho batez baloratu ditu proiektuaren erakargarritasuna eta belaunaldi arteko izaera, elkartzeko eta elkarrengandik ikasteko gune gisa duen ikuskera, eta jasangarritasunaren aldeko apustu nabarmena, bai eta egindako tailerrek parte-hartzaileen ingurumen-kontzientzian duten eragina ere.

JUAN MANUEL SANCHEZ MARCOS HLHI

Sanchez Marcos ikastetxearen ekimenak “Arbotante/Arbota-arkua” du izena, eta bertan ikastetxeko lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek parte hartu dute, Francisco Javier García de la Torre arkitektoarekin batera.

Ekimena arkitekturaren, artearen eta zientziaren inguruko belaunaldien arteko hezkuntza-esperientzia batean datza. Esperientzia horrek balioa ematen die uriko eraikin historikoei, bai eta garai bateko lanbideei ere. Gainera, aukera-berdintasuna, talde-lana, sormena, jasangarritasuna, hezkidetza eta bilbotar sentimendua sustatzen ditu.

Epaimahaiak proposamenaren sormena eta duen motibazio-potentzialagatik bokazioak sortzeko gaitasuna nabarmendu ditu.

BAKUVA FUNDAZIOA

Bakuva Fundazioa ere “Bilbo Balioen Hiria Sariak” sarien edizio honetako beste sarituetako bat da, “David” proiektuaren ekimenagatik: Bakuvaren eskola-laguntzako programan parte hartzen duten gazteei orientazio pertsonal, akademiko eta sozialeko zerbitzu bat eskaintzea du helburu, derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren mailatik lanbide-heziketara.

Epaimahaiak nabarmendu ditu proiektuaren irismena eta profil oso desberdinetako gazteen hezkuntzarekin eta prestakuntzarekin duen lotura.

Orientazio-zerbitzu hori eskaintzeaz gain, proiektuaren helburua da hausnarketarako gune bat eskaintzea, prestakuntza-alderdiei buruzko informazioa ematea, gazteen eta haien familien eskaerei erantzutea, eta nork bere burua ezagutzen laguntzea, besteak beste. Horretarako, konfiantzazko giroa sortzen dute.

Saritutako entitate bakoitzak 3.300 euro jasoko ditu, deialdiaren xedearekin lotutako helburuetarako.

43 EKIMEN AURKEZTU DIRA

“Bilbo Balioen Hiria Sarien” bosgarren edizio honetan, 43 proiektu aurkeztu dira, hiru kategoriatan banatuak:

  • Bilbon irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek garatutako 29 ekimen (aurreko edizioan baino 7 gehiago).
  • Hiriko ikastetxeek garatutako 13 ideia (aurreko edizioan baino 4 gehiago).
  • Bilbon dauden enpresek, saltokiek, ostalaritzak, lanbide-elkargoek edo antzeko entitateek garatutako proiektu 1 (aurreko edizioko kopuru bera).

BILBO, BALIOEN HIRIA

“Balioen Hiria Sariak” Bilbo Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbo Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea, ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da gune bat sortzea, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzarako.

Horren emaitza gisa, 2018ko martxoan Bilbo Balioen Agiria onartu zuen Udalbatzarrak, non datozen urteetan uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu baitziren.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbo Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak
Bideoak
PDFak
Audioak

KONTSUMO MINISTERIOAK BILBOKO UDALAREN OSASUN ETA KONTSUMO SAILA SARITU DU, ADINEKOENTZAKO JARDUERA FISIKO PROGRAMA INTEGRALARENGATIK

  • Kontsumo Ministerioaren Elikadura Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aesan), Familia eta Komunitate Eremuan Jarduera Fisikoaren Jardunbidea Sustatzeko NAOS Estrategia Saria eman dio Adinekoentzako Jarduera Fisiko Programa Integralari.
  • Adineko biztanleriaren bizitza-kalitatea hobetzea eta narriadura fisiko eta psikologiko tasa murriztea dira ospe handiko aintzatespena jaso duen programaren jarduerek lortzen dituzten helburuak.
  • Programaren barruan jarduera hauek sartzen dira: ibiltarien Sarea, Parke Bio-osasungarriak edo adinekoekin egiten diren Osasun Tailerrak.
  • Yolanda Díez Alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotzi Ordezkariak gogorarazi duenez, antolatutako jarduerekin adinekoek euren gizarte-ingurunean integratzeko aukera emango dien autonomia-mailari eutsi ahal izatea lortzen da.

Kontsumo Ministerioko Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (Aesan) Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak antolatzen duen Adinekoentzako Jarduera Fisiko Programa Integralaren lana saritu du, Familia eta Komunitate Eremuan Jarduera Fisikoaren Jardunbidea Sustatzeko NAOS Estrategia Sariarekin.

NAOS Estrategia (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Gizentasunaren Prebentzioaren gaztelaniazko siglak), eta nazioarteko erakunde sanitarioek (Osasunaren Mundu Erakundea, Europar Batasuna…) ezarritako politiken ildoari jarraituz, gizentasunaren prebalentziaren joera alderantzikatzea helburu duen osasun estrategia da, elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa sustatuz, eta, horrekin batera, erikortasun eta hilkortasun ez-kutsagarrien tasa altuak nabarmen murriztea ere bilatzen du.

Programak, azaroan banatuko diren XV. NAOS Estrategia Sarietara aurkeztu ziren 46 proiektuen artean irabazi du saria.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotzi Ordezkariak, sariarengatik pozik agertu ondoren, “saritutako programa osasun-arloko ekitatearen esparruan diseinatuta dagoela, eta I. Udal Osasun Planaren helburuei eta OMEk adierazitako arauzko neurriei erantzuteko ezarri dela azaldu du.

Adinekoei dago zuzenduta, emakumeei bereziki, aukera gutxiago dituztelako euren beharretara egokitutako jarduera fisikoa egin ahal izateko programetan eta espazioetan sartzeko, eta are gehiago, 70 urtetik gorakoak badira eta testuinguru sozioekonomiko txarretan badaude”, zehaztu du.

Sariak 70 urtetik gorako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gaitasuna aitortzen dio Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailari, haien beharretara egokitutako jarduera fisikoa sustatuz, eta horren ondorioz eman dio aintzatespen garrantzitsua. Programari esker, pertsona horien narriadura funtzionalaren tasa murriztu egiten da, eta horrek euren gizarte-ingurunean integratzea eta komunitatean elkarreragina izatea ahalbidetzen duen autonomia mailari eusten laguntze die.

PROGRAMAREN BARRUKO UDAL-JARDUKETAK:

► Osasun tailerrak adineko pertsonekin:

Duela 30 urte hasi ziren eta kolektiboan ikusitako aldaketetara egokitzen joan dira, baina izendatzaile komun batekin beti: hirurogeita hamar urtetik gorako pertsonei euren gaitasun funtzionaletara egokitutako ariketa fisikoa egin ahal izateko aukera eskaintzea –biztanleria orokorrari zuzendutako beste gune batzuetan ez zegoen horrelako aukerarik–, eta, aldi berean, pandemian hain beharrezkoa den berdinen arteko elkarreragineko testuinguru babestua ahalbidetzea.

99 talde dira, begiraleek (jarduera fisikoko 12 profesional) zuzenduta. Jarduera 26 lokaletan inplementatzen dute, gehienak udalekoak eta beti ere izena eman duten pertsonen bizilekutik hurbil daudenak, urtarriletik ekainera eta urritik abendura bitartean astean ordubete edo bi. Pandemia baino lehen, batez beste 79 urte zituzten 2.843 parte-hartzaile zeuden. Gaur egun, 1.200 inguru dira, hartu behar izan diren prebentzio-neurriak direla eta. Gehienak emakumeak dira.

► Ibiltarien sarea. Bilbo ezagutzeko ibilbideak zure burua zaintzen duzun bitartean:

Bilbon zehar ibilaldi osasungarriak egitea proposatzen du. Ibilbideak bost zailtasun-mailatan sailkatzen dira, distantzia, denbora, altuera eta jaitsiera eta zoru-mota kontuan hartuta, eta udalerriko hainbat eremutatik igarotzen dira.

2021ean, 183 aldiz inplementatu dira Ibilbide Osasungarrietako jarduera gidatuak, begirale batek gidatutako hamabost ibilbide proposamenak txandakatuz. Guztira 4.804 erabiltzailek hartu dute parte, egunean batez beste 26k baino gehiagok, 11:00etatik 13:00etara, urte osoan zehar.

Osasun Tailerretan parte hartzen duten adinekoak Ibiltarien Sareko ibilbide errazetan inplikatu dira ehuneko handi batean; proiektu hau harremanetarako eta sozializaziorako espazioa eta alternatiba segurua izan da COVID garaietan, eta nahi gabeko bakardade-egoerak saihestu ditu.

► Parke Bio-osasungarriak:

Parke Bio-osasungarriak dinamizatzeko proiektua 2018an hasi zen, Sailak egindako “Mugi zaitez zure osasunaren alde. Bilboko jarduera fisikorako baliabideak eta parke bio-osasungarrien aprobetxamendu maila” ikerketaren ondoren.

Gaur egun, udalerriko 16 Parke Bio-osasungarri dinamizatzen dira, jarduerak Bilboko 8 barrutietan txandakatuz. Begiraleek 183 dinamizazio-saio egin dituzte 11:30etik 13:00etara, eta horietan 3.197 pertsonak parte hartu dute; batez beste, 17 pertsona baino gehiagok saio bakoitzean, gehienak adinekoak. Nabarmentzekoa da aurreko urteekin alderatuta parte-hartzeak gora egin duela, ziurrenik proiektua aire zabalean delako, aukera bideragarria egungo osasun-egoeran.

► “Osasun Parkeak” Aplikazioa:

Adinekoek jarduera gainbegiratuak eskatzen ohi dituzten arren, haien autonomia bultzatzea ere Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailaren helburuetako bat da. Garrantzitsua da tutoretzarik behar barik eta egoki iritzitako uneetan jarduera fisikoa egiteko aukera ematea, ordutegi jakinen menpe egon barik.

Mugikorretarako aplikazio horrek Parke Bio-osasungarrien instalazioak behar bezala erabiltzea sustatzen du, eta hainbat funtzionalitate ditu, horien artean parkeen geolokalizazioa, aparatuak erabiltzeko bideo tutorialak, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako klase gidatuak, pauso-kontagailua edo jarduera fisikoaren asteko helburuak ezartzeko aukera.

Proposamena, Parke Bio-osasungarrien ekimenaren barruan aplikazioa telefono mugikorretan erabiltzeko jarraibideak ere jaso ahal izatea da, ondoren, eguneroko jardunean aplikatu ahal izateko.

► Denbora pasarako eta harremanetarako espazioak:

Jarduera honen bidez, interakzio soziala aktibatu gura da, hori faktore garrantzitsua delako estresa arintzeko. Berdinen arteko interakzio soziala sustatzeko ekintza horrek ahalduntzea bultzatzen du, bizitza-kalitatea eta, ondorioz, zahartze positiboa hobetuz.

Pandemia garaia alde batera utzita, aldiro-aldiro, udalerriko auzoetan “Osasuna Adinekoekin” taldeetako pertsonak elkartzen diren guneak antolatzen dira, adinari egokitutako jarduera fisikoaren erakustaldi bateratua eskaintzeko, eta adinekoek partekatzen duten janari osasungarriarekin amaitzen dira.

► Informazioa eta kolektiboaren prestakuntza:

Hautemandako beharretara egokitutako aldizkakotasunarekin, osasun-tailerretan parte hartzen duten adinekoak kezkatzen dituzten gaiei buruzko informazio-hitzaldiak ematen dira. Informazio hori elikadura osasungarriari (dietan azukrea murriztea bultzatuz, besteak beste), gernu-inkontinentziari, COVID-19ari, erorketei, automedikazioari, parke bio-osasungarriei, jarduera fisikoari eta abarri buruzkoa da.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak

Audioak

BILBOKO UDALAK OLABEAGA AUZOAN IRISGARRITASUNA ETA ARGITERIA HOBETZEKO OBRAK HASI DITU

  • Hainbat eskailera-tartetan jarduketak egitea aurreikusten da, hala nola Dike kalera sartzeko eskaileretan, bide horren eta Ventosa bidearen artekoetan, Trokabideko eskaileretan, Olabeaga kaiko 36 zenbakian daudenetan eta Olabeaga kaiko 22 zenbakiko atzealdean dauden eskailera metalikoetan.
  • Urgozo kaleko aparkalekuan ere esku hartuko da.
  • Aste honetan hasi eta sei hilabeteko epea duten lan horietara 435.321,31 euroko aurrekontua bideratuko da.
  • Lan horiek Auzokide Planaren barruan daude, eta lehenetsi egin dituzte, horrenbestez, 8. barrutiko bizilagunek.

Bilboko Udalak Olabeaga auzoko hobekuntza-planaren barruan jasotako hainbat lan hasiko ditu aste honetan. Lan horiek zenbait gunetan egingo dira, eta funtsean, ingurune horretako oinezkoentzako bideak hobetzeko dira. Lan gehienak auzoko zenbait eskailera-tartetan egingo dira.

Guztira, sei jarduera egingo dira hiru tokitan; lanok 435.321,31 euroko aurrekontua dute, eta datozen sei hilabeteetan egingo dira.

DIKE KALERA SARTZEKO ESKAILERAK

Eskailerak eta arrapala bat daude Olabeaga kaiko espaloitik Dike kalera sartzeko, baina dagoen barandak ez ditu betetzen irisgarritasun-parametroak, ezta desnibelak babestekoak ere.

Baranda horren ordez beste bat jarriko da, desnibelak babestuta eta altzairu herdoilgaitzezko eskudel bikoitzaz hornitua, irisgarritasun-parametroak bete ditzan.

Gainera, sarbideko zoladura eta horma garbituko dira, lirdinga eta hezetasunak sortutako kalteak daudelako. Hormaren paramentua mortero-geruza batez tratatuko da.

DIKE KALEAREN ETA VENTOSA BIDEAREN ARTEKO ESKAILERAK ETA PASABIDEA

Dike kalearen amaieran, 10 zenbakiaren parean, Ventosa bidera igotzeko eskailerak hasten dira. Eskailera horiek pasabide baten bidez zeharkatzen dute trenbide zaharra. Oinezkoentzako ibilbide hori pasabide estua da; eskailera-mailak, itxiturak eta barandak hondatuta daude, eta argiztapena ez da nahikoa.

Eskailera-tarteak ezin izango dira zabaldu, ez baitago aski espazio publikorik. Eskaileretan hormigoizko zoladura hobetuko da, halere, mortero inprimatuko geruza batez, hala eskailera-mailetan, nola eskailera-buruetan eta pasabidean.

Baranda guztiak eta metalezko itxitura kenduko dira; azken horrek ez du zentzurik, pasabidearen azpian trenik ez baitabil orain. Gaur egun trenbidea ez da erabiltzen, eta ADIFek Udalari laga dio lursaila.

Goiko zatian lorategiko zintarri bat jarriko da alboko ezpondekin mugatzeko, eta altzairu herdoilgaitzezko eskudel bikoitza eta babes-baranda jarriko dira bi aldeetan, zati horren luzera osoan. Eskaileretarako sarbideetan, norabidezko baldosa gorrizko banda bat jarriko da.

Eta dagoen luminariaren ordez LED sistemakoa jarriko da, bai eta ezaugarri bereko beste argi-puntu bat ere eskaileren goiko aldean.

TROKABIDEKO ESKAILERAK

Trokabidea kaleko eskailerek bi zati dituzte: lehenak Olabeaga kaia –3 zenbakiaren parean– eta Dike kalea lotzen ditu, eta bigarrenak trenbide gaineko pasabideraino jarraitzen du. Eskailera horiek horma artean daude, eta ez dago, ondorioz, handitzeko aukerarik.

Asmoa da eskailera horiek berriz egitea, eta haien mailen neurriak eta kopurua egokitzea, irisgarritasunari buruzko araudia bete dadin (35×15 zentimetroko mailak, alegia). Horretarako, maila batzuk atzeraeman eta beste batzuk gehitu behar dira; eskailera-zatiak aldatuko dira, halaber, eta bere horretan utziko da Dike kalearekiko elkarguneko eskailera-burua.

Mailak granitozkoak izango dira, eta granitozko baldosa ere jarriko da eskailera-buruetan eta elkarguneetan. Alboko gidak kenduko dira, eta eskudel bikoitza jarriko da eskaileren bi aldeetan.

Era berean, norabidezko baldosa-bandak jarriko dira, orobat, eskaileretarako sarbideetan, eta argiak, ur-sarearen zati bat eta euri-urak biltzeko sistema berrituko dira.

OLABEAGA KAIKO 22KO ATZEALDEKO ESKAILEREN METALEZKO EGITURA

Olabeaga kaiko 22ko atzealdean metalezko egitura baten gaineko eskailera batzuk daude. Eskailera horiek –goiko aldeko pasabide baten bidez– San Nikolas kalearekin lotzen dute. Haien egitura oxidatuta dago, eta errekarrizko zoladura, berriz, hondatuta.

Eskailera-mailetako eta pasabideko zoladura kendu eta granitozko baldosa jarriko da; horrez gain, metalezko egitura saneatu eta konponduko da. Egitura hori zutabeen bidez indartuko da, eta goiko korridorean barandaren garaiera 1,10 metroraino handituko da.

Eskaileraren eremuak errepasatuko dira eta esmalte sintetikozko bi geruzaz margotuko dira; halaber, baldosa ipini aurretik, iragazgaizte elastikoa jarriko da goiko tranpalean, eskailera-buruetan eta mailetan, oxidatzea eragozteko.

OLABEAGA KAIKO 36KO ESKAILERAK

Bi eskailera-tartek Olabeaga kaia, 36 zenbakiaren parean, eta San Nikolas kalea, 29 zenbakiko atariaren inguruan, lotzen dituzte.

Alde horretan honako lan hauek egingo dira: maila guztiak granitozko batzuez ordeztuko dira, eta eskailera-buruetan, dagoen zoladuraren ordez, baldosazkoa jarriko da; azkenik, norabidezko baldosa ipiniko da sarbideetan.

Horrez gain, dagoen eskudelaren ordez altzairu herdoilgaitzezko eskudela bikoitza jarriko da, eta hormigoizko balaustrada garbituko da.

URGOZO KALEKO APARKALEKUKO ITXITURA

Bihurdura soileko sarezko itxitura batek Urgozo kaleko aparkalekua eta trenbidearen lurrak bereizten ditu. Itxituraren zati batzuk erorita daude, alde horretan baterian aparkatzen duten autoek bultzatuta, zintarritik gertu dagoelako.

Horregatik, ezaugarri bereko beste itxitura bat jarriko da, baina aparkalekua mugatzen duen zintarritik metro eta erdi bereizita, ibilgailuek uki dezaten eragozteko. Guztira, 2 metroko garaierako 360 metro lineal.

Itxiturako oinezko eta ibilgailuentzako ateak gaur egun dauden toki berean egongo dira.

AUZOKIDE-PLANA

Olabeaga auzorako aurreikusitako lanak hiriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan sartzen dira.

Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat da hori. Horren bitartez, aurrekontuaren bidezko banaketa egiten da Bilboko 8 barrutien artean; hau da, 1,5 milioi euro barruti eta urte bakoitzeko.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

 

PDFak

BILBOK LGTBIQ+ PERTSONEN AURKAKO DISKRIMINAZIO ORO GAITZESTEN DU

    • Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, Udalak sentsibilizazio-kanpaina berri bat jarri du abian, LGTBIQ+ pertsonen aurkako bereizkeria-mota oro baztertzeko eta salatzeko.
    • Udalak prebentzioa eta herritarrak sentsibilizatzea planteatzen ditu estrategia gisa, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko uria lortze aldera.

    Bilboko Udalak bihar, maiatzak 17, Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, sentsibilizazio-kanpaina berri bat jarri du abian, LGTBIQ+ pertsonen aurkako bereizkeria-mota oro baztertzeko eta salatzeko. Izan ere, sexu-aniztasunarekiko eta LGTBIQ+ pertsonekiko fobia munduan hedatuen dagoen gorroto-moduetako bat da.

    Kanpaina honetarako diseinatutako irudian, atzealde gorrian, gomutatzen den eguna da protagonista. Egunaz gain, honako esaldi hau dago nabarmenduta: “giza eskubideak dira”, sexu-eskubideak giza eskubideak direla azpimarratzeko, Giza Eskubideak eta Sexu Eskubideak Unibertsalak direla azpimarratzeko, “inor ez dela beste inor baino gehiago eta eskubide horiek ez daudela tradizio edo sinesmen kulturalen mende”, Berdintasuneko Sailetik zehaztu dutenez.

    Udalak planteatzen du, estrategia gisa, Bilboko herritarren prebentzioa eta sentsibilizazioa, bereizkeriarik eta indarkeriarik gabeko uria lortzeko –uria osotasunean, auzoen eta kaleen artean bereizketarik egin gabe–, batez ere errespetua nagusi eta benetako berdintasuna, normalizatua eta aurreiritzirik gabea, izango dituena.

    “Gorroto-diskurtsoak ahozko eta idatzizko adierazpenak dira, Bilboko herritarrak, gure auzokide izan daitezkeen pertsona-taldeak, lagunak eta, besterik gabe, lanera joatean gurutzatzen ditugun pertsona ezagunak mehatxatzen dituztenak. Udalean elkarbizitza aske eta seguruaren aldeko apustua egiten dugu, errespetuan, tolerantzian eta aniztasunean oinarrituta”, esan du Nekane Alonsok, Berdintasuneko zinegotziak, eta erantsi du “balioen uriaren aldeko apustua sendotzeko oinarria dela”.

    “Bilboko Udalak uriko LGTBIQ+ kolektiboen elkarlana eta aktibismo handia ditu gizarte bidezkoagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa elkarrekin eraikitzeko”, azaldu du zinegotziak. “Berdintasunerako eta sexu- eta genero-orientazioagatik diskriminaziorik ez jasateko eskubidearen alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasuna nahi bezala bizitzea sustatzeko”, gehitu du.

    Horrela, bada, Udalak pertsona guztiek dituzten eskubide sozialen inguruan sentsibilizatzen jarraitzen du. Kanpaina hori hedatuz, bai euskarri fisikoetan eta hiri-altzarietan, bai formatu digitalean (www.bilbao.eus web orrian eta sare sozialetako udal-kontuetan), Udalak sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzen ditu, eta LGTBI-fobiaren aurkako erabateko gaitzespena adierazten du.

    Bilboko Udalak LGTBIfobia gaitzesteko konpromiso aktiboa, indibiduala eta kolektiboa hartzeko deia egin du, eta herritar guztiak animatu nahi ditu “Nazioarteko Egun hau dela-eta urian antolatzen diren mobilizazio, kanpaina eta gainerako aldarrikapen-jardueretan parte hartzera”.

    Sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko apustua uri inklusibo, anitz eta solidario baten oinarri gisa balioak lantzen dituzten bi udal-estrategiaren barruan dago: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH).

    SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

BILBOKO ALKATEAK TXINBO PARKEA INAUGURATU DU ZORROTZA AUZOAN

  • Izen berria Zorrotzako barrutiko elkarteekin batera hautatu da, parte-hartze bidezko prozesu batean.
  • Izen hori hautatu da, ingurunea antzina hezegune bat izan zelako eta espezie horretako txori ugari ikusten zirelako. Gainera, gogoratuko duzuenez, txori horietatik hartu zuen izena Jabón Chimbo marka ikonikoak bere produktu ospetsuenarentzat. Arean ere, duela urte batzuk arte, egungo parkearen inguruan fabrikatzen zen xaboi hori.
  • Parkea “Landa” izeneko inguruan dago, Zorrotza auzoko kiroldegiaren ondoan. Eremuak 14.000 m2 inguru ditu, eta 2018an urbanizatu zen, egoteko, olgetarako eta gorputz ariketarako aire zabaleko guneak eginarazita.
  • Bilboko kale-izendegiak, gaurtik hasita, 920 izen dauzka.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur goizean inauguratu du Txinbo parkea, Zorrotza auzoan. Parke hau “Landa” deritzon inguruan dago, udal kiroldegiaren ondoan, Clara Campoamor eta Renferen trenbidearen artean.

Eremuak 14.000 m2 inguru ditu, eta 2018an urbanizatu zen, egoteko, olgetarako eta gorputz ariketarako aire zabaleko guneak eginarazita.

Gaur goizean, alkatearekin batera izan da Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako, Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia, udal korporazioko ordezkariak eta Barrutiko Batzordeko kideak, izen berria hautatzeko prozesuan parte hartutakoak.

Auzotarrek Txinbo izena hautatu dute, eremu horretan hezegune bat egon zelako antzina, eta hango kanaberadi batean mota horretako txori asko ikusten zirelako. Gainera, gogoratuko duzuenez, txori horietatik hartu zuen izena Jabón Chimbo marka ikonikoak bere produktu ospetsuenarentzat. Arean ere, duela urte batzuk arte, egungo parkearen inguruan fabrikatzen zen xaboi hori. Gaur egun, askoz ere txinbo gutxiago egon arren, oraindik ere ikus daitezke eremu horretan.

Hala, Aburto alkateak hau nabarmendu du: “Txinboek beti izan dute lotura bilbotarrekin, eta bereziki Zorrotza auzoarekin, eta hango auzotarrek maitasun berezi bat diete hegazti horiei, eta horregatik, parke honetarako hautatu duten izenak ezin hobeto ordezten du inguru hau”.

Juan Mari Aburtok balioa aitortu dio izena hautatzeko parte hartze prozesuari, “ardura handikoa da Zorrotza auzoan egin duguna moduko parte hartze prozesuak egitea; hemen, auzotarrek euren ideiak eta proposamenak eman dizkigute jakitera, eurek atseginen dituztenak, eurak hobetoen eta gehien ordezkatzen dituztenak, Txinbo parke honek bezala”.

Bilboko kale-izendegiak, gaurtik hasita, 920 izen dauzka.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak
Bideoak
PDFak
Audioak

 

BILBOKO ALKATEA UME ETA NERABEEN UDAL KONTSEILUAREN ORDEZKARIEKIN BILDU DA MATXISMOAZ, ARRAZAKERIAZ, GENERO-INDARKERIAZ ETA ANIMALIEN AURKAKO TRATU TXARREZ HITZ EGITEKO

  • Adingabeek eurek eskatuta egin da bilera, ikasturtean egin duten lana Juan Mari Aburtori azaltzeko.
  • Ume eta Nerabeen Udal Kontseilu honen bitartez, Bilboko Udalak Bilboko ume eta nerabeen parte-hartzea sustatzen du uriaren eraikuntzan.
  • Hilaren 7an, San Frantziskoko Udaltegian, Udal Kontseiluaren hamargarren osoko bilkura egin zen, kontseilua osatzen duten 46 adingabeen parte-hartzeaz.

Juan Mari Aburto Alkateak eta Ume eta Nerabeen Udal Kontseiluak bilera egin dute gaur eguerdian Bilboko Udaletxean, adingabeek eurek eskatuta, ikasturtean martxismoaz, arrazakeriaz, genero-indarkeriaz eta animalien aurkako tratu txarrez egin duten lana alkateari azaltzeko.

Alkatearekin batera izan dira bileran Isidro Elezgarai Unicefen Euskadiko Batzordeko Presidentea, eta Gizarte Ekintza Saileko Zinegotziak eta Zuzendaria, Juan Ibarretxe, Iñigo Zubizarreta eta Kontxi Claver, baita Berdintasuneko; Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako, eta Osasun eta Kontsumoko Zinegotziak ere: Itziar Urtasun, Nekane Alonso eta Yolanda Díez, hurrenez hurren.

Umeek matxismoa, arrazakeria, genero-indarkeria eta animalien aurkako tratu txarrak gaitzesteko manifestua irakurri dute, Ume eta Nerabeen Udal Kontseiluko lan batzordeetan beraiek egindakoa. Era berean, ikastetxeetan horrelako bazterketa eta tratu txarren egoerak errotik kentzeko proposamenak helarazi dizkiote Alkateari, eta horien artean, honako hauek nabarmendu dira: edozein erasoren salaketa eta esku-hartze goiztiarra, biktimen defentsa, enpatiaren sustapena, gizarte-arazo honi buruzko eskola mailako lana, kulturaniztasunaren defentsa edota arriskua identifikatzeko keinuren baten sorrera.

UME ETA NERABEEN UDAL KONTSEILUA

Apirilaren 7an, 46 adingabek osatzen duten Ume eta Nerabeen Udal Kontseilu honen hamargarren osoko bilkura egin zen San Frantziskoko Udaltegian.

Kontseilu honen bitartez, Bilboko Udalak Bilboko ume eta nerabeeen parte-hartzea sustatzen du uriaren eraikuntzan. Ordezkariak urtean birritan biltzen dira Osoko Bilkuran, eta, gainera, lan-batzorde batean eta bestean parte hartzen dute. Era horretan, gazteek Udalaren jarduera ebaluatzen dute, eta uria hobetzeko interesgarriak eta beharrezkoak deritzen proiektuak aurkezten dituzte.

Uriak “Bilbo, umeen laguna” titulua lortu zuen 2018ko azaroan UNICEFen eskutik. Zigilu horrekin, UNICEFek ezagutza agertzen dio Bilboko Udalak umeen eta nerabeen alde egiten duen lanari eta lan horren garrantzia azpimarratzen du.

SARE SOZIALAK

#Bilbouriaumeenlaguna

Zerikusia duten edukiak

Irudiak
Bideoak
PDFak

 

 

NORAI ELKARTEA ETA BERRIO-OTXOA ETA ARTXANDAPE IKASTETXEAK, «BILBAO BALIOEN HIRIA SARIAK» EKIMENAREN LAUGARREN EDIZIOAREN SARIDUNAK

  • Norai elkarte hezitzaile, humanizatzaile eta ekintzaileak saria jaso du «Etorkizuna musikatan» proiektuagatik. Ibaiondoko haur eta gazteen bizikidetza eta gizarteratzea sustatzen du, musikaren bitartez.
  • «Bideotutorialak» da Berrio-Otxoa Ikastetxearen ekimen sariduna. Helburu du arrakala digitala txikitzea, norbanako guztiei lineako prestakuntza eskainiz eta teknologia hurbilduz.
  • Artxandape Ikastolaren «Ohar Gaitezen» programa da Epaimahaiak hautatutako hirugarren proiektua. Erantzukidetasuna sustatzea bilatzen du, emakumeek eta gizonek zaintzaren ardura modu ekitatiboan partekatu dezaten.
  • Beste urte batez, Bilboko Balioen Agiriaren balio bat edo batzuk sustatu eta/edo gauzatzen dituzten ekimenak garatu dituzten edo garatzen ari diren lana saritu du Bilboko Udalak, eta aintzatespen publikoa egin die.

NORAI elkartea, Berrio-Otxoa ikastetxea eta Artxandape Ikastola izan dira «Bilbao Balioen Sariak» ekimenaren laugarren edizioan saria jaso duten entitateak.

Sari horiekin, elkarbizitza hobea lortzen laguntzeko eta Bilboko Balioen Agiriaren balioetakoren bat sustatzen dutenen lana eta konpromisoa balioetsi eta publikoki aintzatesten du Bilboko Udalak.

Sariak gaur arratsaldean banatu dituzte, udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendutako ekitaldian, non Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzia eta Udalbatzako beste ordezkari batzuk ere egon diren.

Aburto alkateak nabarmendu du proiektuetako bakoitza «desberdina eta bakarra» dela, baina «denek laguntzen» dutela «gizarte bidezkoago eta hobe baterantz aurrera egiten». Gainera, azpimarratu du badagoela zerbait non bat datozen aurtengo saridun guztiek: haur edo gazteak direla beren ekimenen protagonistak. «Pozgarria da ikustea elkarrekin lan egin duzuela, zuen ingurukoen bizimodua hobetzeko», esan du alkateak. «Zintzoki, harro egoteko modukoa da, gizarte osoarentzat hain aberasgarriak diren ekimen hauek haur eta gazteen ekimenez sortu izana», esan die alkateak sarituei.

ARTXANDAPE IKASTOLA

Saritutako ekimen bat Artxandape Ikastolarena da. Bere izenburua da Ohar gaitezen: kontziliazio eta erantzukidetasunerantz, genero-berdintasunetik abiatuta. Horren barruan, ikastetxeko ikasleek zuzendutako Eguzkimoreak talde feministak prestakuntza-saioak eskaini ditu, genero-berdintasunaren alorreko aditu baten eskutik, gizonen eta emakumeen artean dauden berdintasun ezak identifikatu eta ikusarazteko beharrezko gaitasunak garatzeko.

Prestakuntza horrek talde eragile bihurtzen ditu, bai eskuratutako ezagutzak hezkuntzako gainerako eragileei helarazteko, bai gainerako ikasleak informatu eta sentsibilizatzeko.

Epaimahaiak nabarmendu du proiektu horrek genero-berdintasunaren balioarekin duen «konpromiso sendoa».

Sariaren 3.300 euroei esker, proiektuak aurrera egin ahalko du, helburu bera duten ekintza gehiagorekin.

BERRIO-OTXOA IKASTETXEA

Berrio-Otxoa Ikastetxeak gartu du aurtengo beste ekimen sarituetako bat: Bideotutorialak. Batxilergoko 1. mailako ikasleek IKT irakasgaian egindako lana da, non zenbait aplikazio, programa eta plataforma informatiko helburu sozialarekin erabiltzeari buruzko bideotutorialak egin dituzten.

Ekimenaren helburua da arrakala digitala txikitzea, norbanako guztiei lineako prestakuntza eskainiz eta teknologia hurbilduz.

Proiektua bi kolektiborentzako da. Batetik daude gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden, eta Caritasen laguntza sozioedukatiboko proiektuetan parte hartzen duten familiak. Familia horiek eskolarako eta lanerako komunikazio-plataformak ezagutu behar dituzte, seme-alabei eskola-lanekin laguntzeko.

Eta bestetik daude Caritas erakundean kualifikazio baxua duten helduei sustapen soziopertsonaleko ikastaroak ematen dizkieten boluntarioak, gailu digitalak behar dituztenak tailerrak diseinatzeko, aurrera eramateko eta horien jarraipena egiteko.

Sarien Epaimahaiak aintzat hartu du proiektuaren sen pedagogikoa. Ekimena, bestalde, joan den ikasturtean abiatu zen, pandemian zehar, eta gaur egun garrantzi handikoa den arazo baten balizko irtenbideak jorratzen ditu.

Bideotutorialak egiteko proiektua zuzenki lotuta dago, besteak beste, honako balio hauekin: giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna (bideoetan, arreta berezia jarri diote hizkuntzari, inklusiboa izan zedin), konpromisoa eta ilusioa.

Sariaren 3.300 euroak Caritasi emango dizkiote, lanean jarraitu dezaten digitalizazioan eta arrakala digitalak bilbotarrengan duen inpaktua txikitzen.

NORAI

NORAI elkarte hezitzaile, humanizatzaile eta ekintzailearen Etorkizuna Musikatan da «Bilbao Balioen Sariak»en saritutako ekimenetako bat.

Ibaiondoko Barrutiko auzoetan bizi diren zenbait kulturatako haur eta nerabeei zuzendutako proiektua da, helburu duena gizarteratzea eta dinamizazio sozioedukatiboa bultzatzea musikaren bitartez; zehazkiago, haur-orkestrak sortuz.

Ekimenak praktika musikal kolektiboa proposatzen du pobreziaren, gizarte-bazterkeriaren eta zaurgarritasunaren aurka borrokatzeko tresna eraginkor gisa, eta kulturaren eta musika-ikaskuntza kolektiboaren ahalmena aldarrikatzen du, gizartea eraldatzeko bitarteko moduan. Modu horretan, musika-prestakuntza tradizionalaren paradigmak hautsi, eta proiektuak musika hurbiltzen die haur guztiei (batez ere, egoera okerrenean dauden gizarte-sektoretakoei), doan eta aukera-berdintasunean.

Epaimahaiak nabarmendu du proiektuak «lan ona egiten» duela «auzo-mailan», eta oso positibotzat jo du musika bitarteko moduan erabiltzea. Gainera, azpimarratu dute ekimenak «genero-ikuspegiarekin duen konpromisoa: neskak orkestran parte hartzera eta haren ordezkari izatera gonbidatzen ditu, mutilen maila berean edo gehiago»; eta, hala, «neskak gehiago ikusarazten eta gizartean aintzat hartuak izaten laguntzen du, neskak ahalduntzen ditu (pertsonalki eta kolektiboki), genero-kontzientzia eraikitzea sustatzen du, eta parte-hartzaileen autoestimua eta autonomia areagotzen du».

Proiektu horrek bat egiten du Bilboko Balioen Agiriaren 17 balioekin. Batez ere, honako hauekin: justizia soziala, elkartasuna, aniztasuna, gizarteratzea, inklusioa eta parte-hartzea.

Sariaren 3.300 euroak erabiliko dituzte musika-tresnak erosteko eta kontzertu batera joateko, Musika Soziala Sareko beste entitate batzuekin.

BALANTZEA

«Bilbao Balioen Hiria Sariak» ekimenaren lau edizioetan, balioei lotutako 12 proiektu saritu dituzte —edizio bakoitzean, 3—.

2018/2019 edizioan, Askabide Elkartearen Mari Makeda laneratzeko proiektua, Artagan Ikastetxearen Conéctate teknologia berriena eta IMQ Igurco Zorrozgoiti Eguneko zentroko Soñando Zorrozgoiti izan ziren aintzatetsitako ekimenak.

Hurrengo edizioan, 2019/2020koan, La Merced Kirol Elkartearen Bilboko Klub Bereziak eta Artxandako Mertxetarrak Kirol Kluba, Otxarkoagako Lanbide Eskolaren Otxarkoaga Modern Art Festival, eta Biscay Bay Startup Campusaren Start Up ekimena saritu zituzten. Gainera, edizio hartan aipamen berezia jaso zuten Sonia Polo Escobesek eta Sabina Melchor Larrazek.

Iazko edizioan, 2020/2021ekoan, honako proiektu hauek jaso zuten saria: Aldauri Fundazioaren proiektu bat, pandemia garaian herritar guztiei teknologia berriak erabiltzeko aukera emateko helburua zuena; Zabalburu Ikastetxearen La hora del té proiektua, eta Jazz Cultural Theatre of Bilbaoren Mi Botella Amiga del Planeta ekimena.

Aurreko urteetako saridun horiei aurtengo hiru entitateak batu zaizkie.

BILBO BALIOEN HIRIA

«Bilbao Balioen Hiria Sariak» Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Proiektu hori parte-hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarrekin lankidetzan eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaitze, berreskuratze eta eraldatze ekonomikoagatik, baizik eta bere balioengatik ere bai. Helburua da gune bat sortzea erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzan aritzeko.

Proiektu horren ondorioz, 2018ko martxoan Bilboko Balioen Agiria onartu zuen Udalbatzak, non datozen urteetan uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu baitziren. Ildo horretan, joan den uztailean, Gobernu Batzordeak Balioen Agiria garatzeko Plana onetsi zuen, dokumentuan jasotako 17 balioak gauzatzeko ekintzak ezartzeko.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkien norbanako edo erakundeek nahikoa dute udal webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraza betetzea.

Agiriarekin bat egiten dutenek konpromisoa hartzen dute agiriaren eduki eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko. Agirian, bestalde, jasota daude bilbotarren ustez uriaren elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, elkartasuna, aniztasuna eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasuna, parte-hartzea, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak
Bideoak
PDFak
Audioak

BILBOKO UDALAK BILBAO BALIOEN HIRIA PROIEKTUA EMAN DIE EZAGUTZERA NAZIOARTEAN TOKIKO GOBERNUEI ETA HIRIEI

  • Bilbo da aitzindari Local4Action Hub Bilbao Cities of Values ekimenean, zeinak gaur egingo baitu bere bigarren bilkura.
  • UCLG (United Cities and Local Governments -Hiri eta Tokiko Gobernu Batuak) delakoaren HUB bat da, zeinaren ardatz nagusia Bilbao Balioen Hiria izeneko proiektua baita, beste hiri batzuetarako ekimen inspiratzaile eta eredu moduan.
  • Asmoa da baterako gogoeta bat sustatzea balioek, elkarren arteko esparru batean, hirien garapen eta eraldatze jasangarriaren eragile moduan duten garrantziari buruz, eta gogoeta hori parte hartzearen bidez egitea, munduko beste hiri batzuekin batera.

Gaur arratsaldean egingo da Local4Action HUB Bilbao Cities of Values delakoaren bigarren bilkura telematikoa, balioek hiri-eraldaketaren eta garapenaren eragile moduan duten garrantziari buruz. HUB honetan Bilboko Udala bera izango da aitzindari, eta UCLG nazioarteko sarearen barruan gauzatuko da.

Munduko hiri batzuen eta besteen arteko topaketarako gune bat da, eta 2021eko urrian abiatu zen. Urtebete honetan, bigarren jardunaldi hauez gain, beste bi saio telematiko egingo dira, eta, 2023ko martxoan egingo da atzenengo saioa, aurrez aurre.

HUB honen saio guztien ardatz nagusia Bilbao Balioen Hiria izeneko proiektuaren esperientzia da, beste hiri batzuendako hiri inspiratzaile eta eredu moduan. Xede nagusia, bestalde, gogoeta eragitea da, beste tokiko gobernu eta hiri batzuekin batera eta parte hartzearen bidez, gizartean sustatu beharreko balioez eta elkarrekiko balio batzuk eduki beharraz.

Gaurko aurkezpenean, Bilbok ez ezik, beste hiri batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Valongo (Portugal), Montevideo (Uruguai), Caracas (Venezuela); Lusaka (Zambia), Glasgow (Eskozia), Ruiru (Kenya) eta Kajiado (Kenya).

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak

BILBOK BAT EGIN DU ARRAZA-BEREIZKERIA MOTA GUZTIAK DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNAREKIN, “ZUBIGILEAK” KANPAINA INSTITUZIONAL BATEN BIDEZ

  • Aukeratutako leloarekin, Bilboko Udalak keinu bat egin nahi die elkar ezagutzea, bizitako esperientzietara hurbiltzea, harreman berriak eraikitzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka partekatua errazten duten herritarrei.
  • Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, martxoaren 21ean, musika, zinema, eztabaidak eta antzerkia egongo dira Bilbon.

Bilboko Udalak bat egin du, aurten ere, Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Egun hori martxoaren 21ean (domeka) egingo da eta, Udalak kanpaina instituzional bat antolatu du, egun seinalatu horretako xedeekin bat datozen jarduerekin.

Hain zuzen ere, eta bertan bizi diren pertsonen elkarreraginerako mekanismoak ezartzen dituen komunitate baten garrantzia azpimarratze aldera, Bilboko Udaleko Lankidetza eta Bizikidetza Sailak aurtengo ediziorako lelo hau aukeratu du: “Zubigileak”. “Lelo horrekin keinu bat egin nahi zaie elkar ezagutzea, bizitako esperientzietara hurbiltzea, harreman berriak eraikitzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka partekatua errazten duten herritarrei” adierazi du Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetza Saileko zinegotziak.

BILBOKO ZUBIAK

Oraingo honetan, sentsibilizazio-kanpainaren irudia Kike Infame ilustratzaile bilbotarrak egin du, eta Udalak 2022. urte osorako eta arrazakeriaren, kultura-aniztasunaren, babeslekuaren eta pertsona migratzaileen arloan egindako lan kontzeptual baten parte da. Hain zuzen ere, Bilboko zubiak ditu ardatz,pertsonak igarotzen diren lekuaren metafora gisa, banakako nahiz taldeko jarrera eta mobilizazioen planoan”, azaldu du Udalak.

Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Eguna Nazio Batuen proposamen bat da, “balio duena sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta atentzioa emateko; seinalatzeko badela konpondu gabeko arazo bat, gai garrantzitsu bat, gizartean konpontzeke dagoena; hartara, lortu nahi da, sentsibilizazio horren bidez, administrazioek jardun dezaten eta neurriak har ditzaten edo herritarrek hala exijitu diezaieten beren ordezkariei”.

Arrazakeria eta diskriminazioa prebenitzeko lehentasun horri heltzeko, Bilboko Udalak Bilbo, Kulturarteko Uria III. Udal Plana du. Plan horrek prebentziozko sentsibilizazio-programak garatzeari eman dio lehentasuna, diskriminazio-jokabide larrienen oinarrian dauden aurreiritziak eta estereotipoak osatzeko.

Sentsibilizazio-kanpainaz gain, Bilboko Udalak, efemeride horren harira, hainbat ekimen sozial eta kultural jarri ditu abian, eta urian arlo horretan diharduten beste erakunde batzuekin lankidetzan aritu da:

ZINE-FORUMA: DESCENDENTS, ZINEMA IKUSEZINAREN JAIALDIAREKIN LANKIDETZAN

Martxoaren 24an (eguena), goizez eta arratsaldez, DESCENDENTS dokumentalaren inguruko bi zine-forum hartuko ditu Bilborockek, Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren azken edizioan kulturartekotasunaren kategorian saritua izan zen lana. Judit Arandak —filmaren zuzendarietako batek— eta Moviment Afrobanyolí Social elkarteko Assa Macalouk hartuko dute parte proiekzio bietan.

Goizeko saioa 11:00etan izango da eta hezkuntza-komunitateko eta esku-hartze sozialaren alorreko entitateei zuzenduta egongo da. Saioa Bilbao (UPV-EHUren Hezkuntza Fakultatea) arduratuko da foruma dinamizatzeaz.

  • Behar besteko edukiera bermatzeko, izena aurretiaz eman beharko da, mezu elektronikoa bidalita inmigracion@bilbao.eus helbidera, izen-abizenak, telefono-zenbakia eta erreferentziazko entitatea adieraziz.

Arratsaldeko saioa 18:30ean izango da, eta sarrera librea izango da; nerabe eta gazteei zuzenduta egongo da, bereziki. Immigrazio Kontseiluaren gazte taldearen bost kidek dinamizatuta egongo da —metodologia landu dute Immigrazioko eta Berdintasuneko udal taldeekin—.

Topaketa horrekin, Bilboko Udalak eta KCD garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak lankidetzari ekin diote, ZINEMA IKUSEZINAREN-FILM SOZIALAK JAIALDIAN kulturartekotasunaren kategorian saritutako lanek komunitatean eragin handiagoa izatea sustatzeko. Helburua da zubi-lana egitea jaialdiak azaroan saritutako filmen eta ikusle bilbotarren artean: ekitaldi bat antolatzea, saritutako lanak berriro proiektatzeko eta film horiek eragin dezaketen eztabaidan sakontzeko.

Proposamen pilotu hori planteatzen da ZINEMA IKUSEZINAREN Jaialditik sortutako ekintza gisa, eta Bilboko Udalarekin lankidetzan.

ANTZERKI SOZIALA: “Las latinas son…

Martxoaren 26an (zapatua), 19:00etan, Bizkaia Aretoan “Las latinas son…” taularatuko da. Antzerki sozialeko lana da, Abya Yaleko (Amerikako kontinentea) hainbat herrialdetako emakume migratzaileek Teatro Sin Papeles konpainian sortutakoa. Lan honekin, beren migrazio-esperientziak ikusarazi eta herritarrak sentsibilizatu, eta esperientzia horien inguruko narratiba berriak proposatu nahi dituzte. Ez da ohiko antzezlan bat, biltzeko, entzuteko, elkarrekin sortzeko eta erresistentziarako espazioa ere bada. Izan ere, lanak tresna bat izan nahi du, altuago, ozenago, seguruago hitz egiteko eta, azkenean, entzunak izateko.

Bilboko Udalak EHUren Esperientzia Gelekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen Zine Batzordearekin, CNAAE eta FIREKUTZEN-ekin batera egin du lan hau, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka.

Antzezpenaren ondoren, elkarrizketa sustatuko da ikusleekin. Sarrera doakoa izango da.

ATZERRITARTASUNARI BURUZKO SAIOA AHOLKU SAREAREKIN

Marxtoaren 31n, Bilboko Udalak informazio-saio bat eskainiko du atzerritartasunaz, arlo horretan izaten diren zalantzei erantzuten laguntzearren, batez ere urian bizi diren migratzaileen kolektiboarentzat.

Biltzen Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak antolatu du tailerra, Bilboko Udalaren Immigrazioko Kontseiluarekin batera (UIK), eta Deustuko udaltegian egingo da, 18:00etatik aurrera.

Saioa irekia da herritarrentzat. Parte hartu nahi dutenek baieztatu egin beharko dute, immigracion@bilbao.eus helbidera mezu bat bidaliz.

Aurten beste 3 informazio-saio egingo dira maiatzean, irailean eta azaroan (Errekaldeko, San Frantziskoko eta Basurtuko barrutietako udaltegietan).

BESTE ERAKUNDE BATUK ANTOLATUTAKOAK:

Martxoaren 19an (barikua), Bilborock Aretoak Damba Arrazakeriaren aurkako Jaialdia hartuko du. Kartela Betto Snay Angolako raperoak diseinatu du, eta Frank T, Marina Lays, Gara Freedom, Arrano Pertxa eta Gun To The Flow artistek parte hartuko dute, besteak beste.

Horrela, bertaratzen direnek ezberdintasunetik eta kultura-aniztasunetik sorkuntzan aritu diren artistez gozatzeko aukera izango dute. Artista horiek uriko kultura-gune batean biltzen dira, San Frantzisko auzoan, eta elkarbizitzaren erreferente dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko Power Recordsen, Bilbon, bertara joanda, edo Entradium webgunean.

Betto Snay artistak ibilbide luzea egin du, ia 20 urtekoa, musikan, betiere aniztasunaren eta integrazioaren ikuspegitik. Bere karrera San Frantzisko auzoari lotuta egon da beti, eta, beraz, Bilborock aretoak balio erantsia du berarentzat eta bere ibilbide musikala jarraitu dutenentzat.

Martxoaren 25ean (barikua), 17:00ean, Munduko Medikuak (Euskadiko) elkarteak arrazakeriaren aurkako jardunaldi bat antolatu du BBK KUNA aretoan. Bertan, kiroletako -haur eta nerabeen kirolean, profesional edo afizionatua, banakakoan edo taldekakoan- arrazismoaren eta arraza-bereizkeriaren aurkako borrokan hausnartzeko eta aurrera egiteko balioko duten mahai tematiko bi izango dira. Informazioa eta izena ematea: mediacioneuskadi@medicosdelmundo.org.

Baieztatutako parte-hartzaileen artean, honako hauek daude: Aauri Lorena Bokesa Abia, saskibaloiko eta atletismoko denboraldiak aldi batez uztartu zituen kirolari espainiarra; Abdessamad Oukhelfen BenHaddou, U23 Europako Kros Txapelketan brontzezko domina lortu zuena; Jaël-Sakura Bestué, 4 x 100 erreleboko zilarrezko domina 23 urtez azpiko Europako Txapelketan; eta Elsa Mouthe, streetlifting-eko atleta.

Bertan izango dira, halaber, Guillem Balboa Buika politikaria, AESAN, EHUko Ikasle Antiarrazisten Elkartea, eta CNNAE Euskadi, Afrikako komunitate beltzaren eta Euskadiko afrikarren ondorengoen elkartea. Jarduera honetan, gehienez 50 lagunentzako lekua egongo da eta bi ordukoa izango da.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak