0

  • Hamargarren osoko bilkura honetan, Bilboko Alkateak berrikitan aurkeztutako 2019-2023ko Agintaldi Planaren xehetasunak ezagutzera eman eta “Bilbao, Balioen Hiria” proiektuaren bilakaera eta egungo egoera aztertu dituzte.
  • Bilboko Hiri Kontseilua tokiko ekonomiaren garapenaz, Bilboren plangintza estrategikoaz eta hiriko proiektu nagusiez kontsultatu eta eztabaidatzeko organoa da, eta erakunde ekonomiko, sozial, kultural eta profesional zein auzo-elkarte nagusien ordezkariek osatzen dute.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru, gaur arratsaldean egin da Bilboko Hiri Kontseiluaren osoko bilkura, kontsulta-organo honen aurtengo lehena, Aburto Alkateak urtarrilaren 21ean aurkeztu zuen 2019-2023ko Agintaldi planaren ildo nagusiak ezagutzera emateko eta “Bilbao, Balioen Hiria” proiektuaren bilakaera eta egungo egoera aztertzeko.

Bilboko Hiri Kontseilua tokiko ekonomiaren garapenaz, Bilboren plangintza estrategikoaz zein hiriko proiektu nagusiez kontsultatu eta eztabaidatzeko organoa da, eta 90 pertsona inguruk osatzen dute, erakunde ekonomiko, sozial, kultural eta profesional zein auzo-elkarte nagusien ordezkariak tarteko direla.

Bilboko Hiri Kontseiluko kideak dira, halaber, Ibon Areso, lehengo Bilboko Alkatea, eta itzal handiko pertsona ospetsuak; hala nola, Pedro Luis Uriarte, Gaspar Martínez Fernandez de Larrinoa, Maria Jesus Cava, Cosme Naveda, Itziar Lazkano, Alberto Campos Saavedra, Maitane Leizaola, Hector Sánchez, Pedro Ontoso, Mercedes de Miguel, Miguel Ángel Lujua, Antonio Barandiarán, Montserrat Barquín, Juan Carlos Matallanes, Regina Zalbide, Marcelo Borja Motos, Jokin Gorokiza, Iñaki Orbe Onaindia eta Jesus Antonio Pérez-Arrospide, besteak beste.

Gaurkoa Hiri Kontseiluaren hamargarren osoko bilkura izan da, organo hau 2010ean sortu zenez geroztik, eta bertan, Aburto Alkateak ezagutzera eman ditu, urtarrilaren 21ean Gotzone SagarduiAlfonso Gil eta Nekane Alonso alkateordeekin batera aurkeztu zuen 2019-2023ko Agintaldi Planaren xehetasunak.

2019-2023KO AGINTALDI PLANA

2019-2023ko Agintaldi Plana lantzeko, abiapuntutzat hartu da “Eduki dugun Bilbo” deritzon errealitateari buruzko azterketa, eta Alkatearen hitzetan, gure hiriak “irudi bikaina eta gizarte zibil aberatsa dauzka, baita kalitatezko zerbitzu publikoak eta kudeatzeko esperientzia aitortua ere, baina azken krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioak jasaten ari da oraindik”.

Testuinguru honetan, “enplegua eta ekonomiaren hazkundea, gizartea nahiz hiria gaztetzea, munduko klima-larrialdia eta egungo bizikidetza maila guztiz altua eta herritarren balioak egunero mantentzeko premia” dira, Juan Mari Aburtoren iritziz, Bilboko gizartek gainditu beharreko etorkizuneko erronka nagusiak.

Etorkizunari dagokionez, helburu nagusia Bilbo iraunkorra eraikitzen jarraitzea da, pertsona guztientzat, auzo guztietarako eta jarduera ekonomikoari begira, betiere Nazio Batuen 2030erako Agendarekin eta honetan bildutako Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lerrokatuta”, eta horretarako, 2023ko Agintaldi Planaren “Gura dugun Bilbo” delako atalak egun abian dauden 10 hiri-proiektu nagusiak zehaztu ditu:

  • Zorrotzaurre, Ezagutzaren Uhartea
  • Bilbo, unibertsitatearen hiria
  • Bilbo, ekintzailetzaren hiria
  • Bilbo, kulturaren hiriburua
  • Merkataritzaren eta aisiaren dinamizazioa
  • Gure konektagarritasuna hobetzea
  • Segurtasunaren aldeko Ituna
  • Hiri Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Ituna
  • Gizarte Politiken aldeko Ituna
  • Auzoen aldeko Ituna

Era berean, Alkateak “egungo udal gobernuaren bide-orritzat” jo duen Bilboko Udalaren 2023ko Agintaldi Planak “10 ekintza-ildoren inguruko lehentasunezko 100 ekintza” jaso ditu, “gero eta kohesionatuagoa dagoen Bilbo iraunkorraren aldeko apustuari eusteko, pertsona guztien bizi-kalitatea eta auzo guztietara hedatutako kalitatezko zerbitzuak bermatzeko, Bilbo inbertsio zein enpleguaren sorkuntzarako erakargarri bihurtzeko eta herritarrek partekatutako balio sendoak mantentzeko, batez ere gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunarena”:

  • Jarduera ekonomikoa eta enplegua: 16 ekintza
  • Gizarte politikak: 18 ekintza
  • Garraioa, mugikortasuna eta irisgarritasuna: 10 ekintza
  • Gazteria, balioak, hezkuntza eta prestakuntza: 8 ekintza
  • Kultura eta kirola: 11 ekintza
  • Bizikidetza eta segurtasuna: 8 ekintza
  • Iraunkortasuna eta hiri eraldaketa: 15 ekintza
  • Auzoen garapena: 7 ekintza
  • Bilbo euskalduna: 3 ekintza
  • Gardentasuna, parte hartzea, zorroztasuna eta kudeaketa ona: 4 ekintza

Bilboko Hiri Kontseiluaren egungo osoko bilkuran aztertu eta eztabaidatu ondoren, parte-hartzea, gardentasuna eta kontuak ematearen aldeko apustu argiari eutsiz, 2019-2023ko Agintaldi Planak etengabeko jarraipena izango du www.bilbao.eus webgunean nahiz auzoetan eta maila sektorialean antolatutako topaketen bitartez.

“BILBAO, BALIOEN HIRIA”

Bestalde, agintaldi honetan egindako lehenengo osoko bilkuran, Bilboko Hiri Kontseiluak “Bilbao, Balioen Hiria” proiektuaren bilakaera eta egungo egoera aztertu ditu, izan ere, Kontseiluak 2018an egin zuen azken osoko bilkuraren ondoren, proiektua ingelesera, frantsesera, txinera, arabierara, errumanierara etra portugesera itzuli eta hizkuntza horietan argitaratu da, Bilbon bizi diren pertsona guztiek, jatorria edo ama-hizkuntza edozein izanda ere, “Bilboko Balioen Agiria” eskuratu eta ulertzeko aukera izan dezaten.

Era berean, beste hainbat ekintzaren artean, Udalak nerabeei zuzendutako sentsibilizazio eta balioak sustatzeko kanpaina garatu du, “Bilbi, balioak ibilian” deritzona, eta iazko azaroan, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearen Estatuko Sareak Bilbon antolatu zuen “Balioen Hiria, Hiri Hezitzailea” IV. Foroaren barruan, “Bilbao, Balioen Hiria” proiektua jarraitu beharreko eredutzat aukeratu zen balioen hirietan duten garrantzia zehazteko eta sare osoan aplikatzeko moduko balioen eta jardunbide egokien mapa adosteko.

“Bilbao, Balioen Hiria” proiektua 2016an abiatu zen, eta lankidetza bidezko prozesu bati esker, hiria bereizten duten balioei buruzko azterketa, gogoeta eta definizioa adostu zuen erakundeekin, gizarte-entitateekin, kultura zein kirol elkarteekin, enpresekin, komunikabideekin, ikastetxeekin eta herritarrekin batera.

2018 maiatzaren 22an, Bilboko Udalbatzak “Bilboko Balioen Agiria” onartu zuen, honi atxikitako banakako zein taldekako 17 balioak barne hartuta:

  • Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasuna, elkartasuna.
  • Aniztasuna/inklusioa, konpromisoa, ingurumenaren arloko jasangarritasuna.
  • Partaidetza, konfiantza, sormena, elkarbizitza, nortasuna, esfortzua
  • Erantzunkidetasuna, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak