0

  • Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eriz Sainz B Accelerator Towerreko (BAT) zuzendaria eta enpresen ordezkariak ekitaldi batean egon dira gaur goizean B Accelerator Towerren (BAT), Bilboko eta Bizkaiko erreferentziazko enpresa-ehunaren zati handi batek Agiriaren balioekin daukan konpromisoa erakusteko.
  • ARGAZKI-GALERIA

B Accelerator Towerreko (BAT) hogeita hamar enpresak bat egin dute gaur goizean Bilboren Balioen Agiriarekin. Dokumentua sinatzeko ekitaldian izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eriz Sainz B Accelerator Towerreko (BAT) zuzendaria eta enpresen ordezkariak.Enpresa horiek guztiek, Bilbo eta Bizkaiko enpresa-sarean erreferente direnek, Bilboren Balioen Agiriaren espiritu eta edukiarekin bat datozen jarrerak eta portaerak sustatzeko, bultzatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartu dute.

Enpresa horietako batzuek hitza hartu dute, esperientziaren berri emateko. Besteak beste, Cristina López Romera Artecheko komunikazio-zuzendariak, Estefanía Rivera Birziplastikeko Proiektuen eta Kalitatearen arduradunak eta Denis Ugalde Oreka Circular Economyko zuzendariak

2025eko lehen seihilekoan, Bilboko Udalak eta B Accelerator Towerrek (BAT) elkarrekin lan egin dute Bilbo, Balioen Hiria proiektuaren berri emateko eta dorrean dauden enpresen artean eta bertako langileen artean Balioen Agiriarekin bat egitea sustatzeko. Kanpaina horren bidez, proiektua ezagutarazi nahi izan da, eta Bilboren Balioen Agiriarekiko atxikimendua sustatu –banaka nahiz enpresa gisa–, balioak hirian zabaltzen laguntzeko.  Balioen Agiriarekin bat egitea keinu txiki bat da, haren espiritu eta edukiarekin bat datozen jarrerak eta portaerak sustatzeko, bultzatzeko eta mantentzeko konpromiso partekatua adierazten duena.  

Kanpaina hainbat hilabetez garatu da, zenbait ekintzaren bidez, hala nola bilera espezifikoak enpresekin, barne-kanalen bidezko zabalkuntza, informazio-gosariak eta sinadurak biltzeko kanpaina dorrearen harreran. Kanpainak arrakasta izan du atxikimenduen aldetik: 100 banakako atxikimendu baino gehiagotara eta mota desberdinetako hogeita hamar enpresatara iritsi dira, korporazio handiak eta start-up-ak barne.

B ACCELERATOR TOWER (BAT)

B Accelerator Tower (BAT) Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Euskadi ekintzailetzaren eta berrikuntzaren erreferente bihurtzeko egindako apustua da.  Funtsezko pieza bat tokiko ekosistemaren nazioarteko konexiorako eta sektore eta negozio berrien garapenerako. Talentu ekintzailearen eta berrikuntza irekiaren kontzentrazio- eta trakzio-puntu bat da, non start-upek, inbertitzaileek eta Administrazioak elkarrekin lan egiten duten.

Topaketan, Bilboren Balioen Agiriaren zabalkuntzan egindako lan bateratuari eta atxikitako enpresa berrien konpromisoari balioa eman nahi izan zaie. Enpresa horietako batzuk ekitaldian egon dira. Era berean, enpresa horietako langileen inplikazioa nabarmendu da; izan ere, Agiriarekin bat eginez, euren aletxoa jarri dute gizarte hobea eraikitzeko bidean.

Enpresa sinatzaileek, Bilbo eta Bizkaiko enpresa-sarearen erreferente gisa, honako balio indibidual eta kolektibo hauek defendatzeko konpromisoa hartu dute:

  • Giza Eskubideak, justizia soziala, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta elkartasuna errespetatzea.
  • Aniztasuna eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen-jasangarritasuna.
  • Erantzunkidetasuna, bizikidetza, identitatea, esfortzua.
  • Konfiantza, sormena, parte-hartzea, zintzotasuna, ilusioa, osasuna.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaurko ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du. “Bilboren Balioen Agiria eta Bilbo, Balioen Hiria proiektua hirian erreferentziazkoa den espazio batera hurbilduko ditugu, nazioarteko ekintzailetza-ekosistema batera. Agirian jasotako balioak zabaltzeko, babesteko eta garatzeko konpromisoa hartzen duten erreferentziazko ekintzaile eta enpresetara. Horrela, urrats bat gehiago ematen dugu. Balioen Agiriak, Bilbokoa eta Bilborentzat izanik, bere irismena zabaltzen du eta gure mugetatik haragoko atxikipenak lortzen ditu. Bat Dorrearen ekosistemaren parte da orain, non negozio berriak eta enplegua sortzea bultzatzen den, nazioarteko giro batean. Atxikipena sinatu duten enpresek konpromiso bat hartu dute, eta, horrenbestez, erreferenteak izan behar dute euren sektoreetan, balioetan oinarritutako jokabide bat izanik”.

BILBO, BALIOEN HIRIA

Bilbo, Balioen Hiria Bilboko Udalak sustatzen duen ekimen parte-hartzailea da, baina, hasiera batetik, herritarrekin lankidetzan eraiki eta garatu dena. Bilbo, Balioen Hiriaren helburua gure hiria ezagutua eta aintzatetsia izatea da, ez bakarrik bere berroneratze, lehengoratze eta eraldaketa ekonomiko eta hiri-eraldaketa prozesu garrantzitsuagatik, baita bere balioengatik ere. Erakundeen, mota guztietako entitateen, enpresen, komunikabideen, talde politikoen eta, oro har, herritarren arteko analisirako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako espazio bat sortzea da helburua, balio partekatuen esparru bat sustatzeko eta zabaltzeko hirian.

Proiektu horren ondorioz, 2018ko martxoan Udalaren Osoko Bilkurak Bilboren Balioen Agiria onetsi zuen. Agiri horretan Bilboko herritarren bizikidetza egituratu behar duten eta datozen urteetan hiriaren etorkizuna gidatu behar duten hamazazpi balioak identifikatzen dira.

Nahi duen pertsona edo entitate orok bat egin dezake Bilboren Balioen Agiriarekin, horretarako Udalaren eta Bilbao Balioen Hiriaren webguneetan eskuragarri dagoen online inprimaki sinple bat betez.

SARE SOZIALAK: