0

  • Irabazi asmorik gabeko entitateen kategorian, saria Bilboko Klub Bereziak ekimenarentzat izan da, Unión Deportiva La Merced eta Artxandako Mertxetarrak klubentzat, hain zuzen, erakustearren zelan bi klub elkarrekin bizi daitezkeen ordutegi eta leku berak partekatuz elkarren begirunez.
  • Bestalde, Otxarkoaga Modern Art Festival proiektuak, zeina Otxarkoagako Lanbide Eskolak aurkeztu baitzuen, ikastetxeen saria irabazi du, gazteen gaineko estereotipoak hausten laguntzeagatik, zehazki, Otxarkoagako gazteen gainekoak.
  • Entitate profesionalen sailean, saria Biscay Bay Startup Campus proiektuarentzat izan da, zeina gazte ekintzaileen topaleku bat izan baita, teknologiari buruz eta etorkizunari buruz ikuspegi sozial batekin pentsatzen duten gazte ekintzaileena.
  • Aurten, halaber, bi aipamen berezi entregatu zaizkie Bilboko Udaleko funtzionario Sonia Polori eta Sabina Melchorri, ordainetan ezer espero gabe eta elkartasunez lagundu dutelako Espainiako Gerra Zibileko umezurtz bat zuzeneko ahaide batekin berrelkartzen.
  • Datozen egunetan, Bilboko Udalak sari hauen edizio berri bat deituko du, hirugarren edizioa izango da eta 2020an garatutako balioetan oinarritutako proiektuei zuzenduta izango da.

Bilboko Klub Bereziak proiektua, Unión Deportiva La Merced eta Artxandako Mertxetarrak futbol taldeenaOtxarkoaga Modern Art FestivalOtxarkoagako Lanbide Eskolarena, eta Biscay Bay Startup Campus BBSCStart Up Campus enpresarena izan dira 3 proiektu sariztatuak, “Bilbao Balioen Hiria” sarien bigarren edizioan, zeina Udalak sustatzen baitu Bilboko Balioen Agiria bultzatzearren.

Hiru sari horiez gain, aurten, bi aipamen berezi entregatuko zaizkie Sonia Polori eta Sabina Melchorri, hainbat urtean erakutsi duten sentikortasun eta lan altruistarengatik, Espainiako Gerra Zibilean, 1939an, eta bost urte zituela, gurasoak hil zitzaizkiolarik Belgikara ihes egin zuen ume bati zuzeneko ahaide bat topatzen lagundu ziotelarik.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da gaur arratsaldean Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin den sari-banaketaren buru. Aburtok eskerrak eta zorionak eman dizkie saritutako proiektuen sustatzaileei; “saritutako hiru proiektuek bultzada berri bat ematen diote Bilboko Baloreen Gutunari. Bilbo bere balioengatik aitortua eta bizikidetza onaren erreferentea izateko gure asmoa lortzen laguntzen digute”. Alkateak Sonia Polo eta Sabina Melchorri ere zuzendu zaie “egin duzuen lan desinteresatuagatik, besteei laguntzeko egin duzuen lanagatik, eskuzabaltasuna, elkartasuna eta konpromiso eredugarria erakutsi duzue“, gaineratu du.

SARITUTAKO PROIEKTUAK

Bilboko Klub Bereziak proiektuak, zeina La Merced eta Artxandako Mertxetarrak klubena baita, jaso du saria irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateen kategorian.

Bi klub horiek, kirol entitate bereizi gisa erregistratuak, zeinek bere zuzendaritza batzordea duela, elkarrekin jarduten dira duela 20 urte baino gehiagotik antolaketan eta funtzionamenduan, halako moldez non familiek, koordinatzaileek, entrenatzaileek eta jokalariek espazioak eta ordutegiak partekatzen baitituzte elkarren begirunez.

Kirolean elkarrekin bizitzeko modu hori, futbolean, hain zuzen, oso lagungarria da pertsonen garapenerako, ez bakarrik kirolaren alderditik, baita gizatasunaren alderditik ere, gizarte moderno, solidario, jasangarritasunaren zale, berdintasun zale eta inklusibo orok behar dituen balioen eremuan.

Epaimahaiak bereziki baloratu du klubak berezko dituen balioak eta jarduera Bilboko Balioen Agiriarekin lotzeko egindako lana, haien zabalkundea eginez eta haietan sakonduz, ez bakarrik futbolean jokatzen duten umeekin, baita haien familiekin ere, hartara eragin positibo bat sorraraziz, belaunaldi batzuentzat eta besteentzat, eta, aldi berean, biderkatzailea.

Otxarkoagako Lanbide Eskolak irabazi du ikastetxeen kategoriako saria, Otxarkoaga Modern Art Festival proiektuarengatik.

Hasiera batean, ikastetxeko gazteek gogokoen zituzten arte-modalitateak landu zituzten, eta, ondoren, bideo bat grabatu zuten. Lehen fase horretan, ehunka ikaslek parte hartu zuten, eta hip hop, rap, dantza, kirola, komikiak eta abar landu zituzten.

Parte hartzaileen artetik, 10 talde hautatu ziren, eta ikastetxeko ingurumen-ikasgelan egindako jaialdi batean eman zuten ikuskizun bat. Ikuskizun hori online ere eman zuten, eta jendetza bildu zuen, are inguruko beste ikastetxe batzuetatik etorritako ikasleak ere.

Proiektua hainbat arlotakoa eta hainbat kultura biltzen zituena zen, eta lagundu egin zuen Otxarkoagan bizi diren gazteen gaineko estereotipoak hausten, haiek gazte prestatu, elkartasunaren zale eta balioekin eta elkarbizitzarekin engaiatu moduan erakutsiz. Gainera, jaialdiaren bidez, gazteen era bateko eta besteko gaitasunak indartu ziren.

Start up Campus ekimenak irabazi zuen enpresen, merkataritzaren, ostalaritzaren, elkargo profesionalen eta antzeko entitateen kategoriako saria, Biscay Bay Startup Campus proiektuarengatik. BBSC.

Bera da Estatuko gazte ekintzaileen arteko topaketarik handiena. Xedea du topaketarako gune bat eratzea, gazteei mundu hobea sortzen laguntzeko, startup-en bidez.

Epaimahaiak positiboki baloratu du proiektua gazteen enpresa-proiektu bat izatea, teknologiari eta etorkizunari buruz ikuspegi sozial batetik pentsatzen duena, eta hainbat ediziotan zehar Bilboko Balioen Agirian jasota dauden zenbait alderdi landu izan dituena, hala nola emakumeen lidergoa eta eragin soziala. Ekintzaile-proiektu berritzaile bat da, zer sozialarekin zerikusia duena, ez bakarrik ekonomikoarekin.

Bilbao Balioen Hiria Sarien bigarren edizio honetan, 45 proiektu aurkeztu dira guztira, 26 ekimen, irabazi asmorik gabeko elkarteek eta entitateek landuak, 6 proiektu, Bilboko ikastetxeek landuak, 13 proiektu, egoitza Bilbon duten enpresa, saltegi, ostalaritza eta elkargo profesionalek eta antzeko entitateek landuak.

2 AIPAMEN BEREZI

Bigarren edizio honetan, hiru sari horiez gain, aurten, bi aipamen berezi entregatuko zaizkie Sonia Polori eta Sabina Melchorri, zeinak Bilboko Udalaren funtzionario baitira, hainbat urtean erakutsi duten sentikortasun eta lan altruistarengatik, Espainiako Gerra Zibilean, 1939an, eta bost urte zituela, gurasoak hil zitzaizkiolarik Belgikara ihes egindako ume bati lagundu baitzioten zuzeneko ahaide bat topatzen.

Ume hura Bartzelonatik abiatu zen Belgikara, eta han familia batek adoptatu zuen, eta bizimodu eta deitura berriak eman zizkion, baina adin hain txikian, hain beldurturik gurasoak gerran galdu osteko bakardadean eta giro nahasi hartan, amnesia bat sorrarazi zuten harengan, eta iraganeko xehetasunak oroitu ezinez utzi zuten.

Vicente du izena haur hark, eta gutunak igorri zituen Estatuko Udal handi guztietara, eta, hain zuzen, Sonia Polo eta Sabina Melchor izan ziren bakarrak, ez beste inor, gutun hura irakurri eta erabaki zutenak gizon haren alde ematea beren denbora librea.

Iker eta iker arituz eta Bartzelonara bidaia ugari egin ondoren, lortu zuten lorratz bat aurkitzea, eta hari jarraituz, azkenean, pertsona bat aurkitu zuten, eta hari DNA proba batzuk egin ondoren, ohartu ziren gerran gurasoak galdu zituen haur haren zuzeneko ahaidea zela. Lehen aldia da pertsona batek jatorrizko nortasuna berreskuratzen duena identifikazio genetikoaren bidezEspainiako Gerra Zibilean atzerrira eraman eta amnesiaren gaitzak jo ostean.

BILBO BALIOEN HIRIA

Datozen egunetan, Bilboko Udalak sari hauen edizio berri bat deituko du, hirugarren edizioa izango da eta 2020an garatutako balioetan oinarritutako proiektuei zuzenduta izango da.

“Bilbao Balioen Hiria Sariak” ekimena Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan sortu zen, parte hartze bidezko ekimen bat, hain zuzen, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarrekin elkarlanean eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiriaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izan dadila ez bakarrik ekonomiaren eta hiriaren birgaikuntza, suspertze eta eraldaketagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisirako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako espazio bat sortzea.

Proiektu horren emaitza moduan, 2018ko martxoan, Bilboko Udalbatzak Balioen Agiria onetsi zuen: 17 balio izendatzen dira bertan, Bilboko herritarren elkarbizitzaren ardatz izan behar dutenak eta Uria gidatu behar dutenak datozen urteetan. Hala, uztailean, Udaleko Gobernu Batzordeak Balioen Agiria garatzeko plana onartu zuen, agirian jasotako 17 balioak gauzatzeko ekintzak garatzearren.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute inprimaki erraz bat betetzea, Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeena.

Agiriarekin bat egiten dutenek agiriaren edukiaren eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Agirian jasota daude bilbotarren ustez Uriko elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasun, partaidetza, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak