- 31 ekimen, pertsona eta/edo kolektibo gazteen kategoriakoak dira, eta gainerakoak, 22, unibertsitate-graduko edo goi-mailako zikloetako ikasleenak.
- Sariak 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat dira, eta bi kategoriatan banatzen dira; epaimahaiak 5 ekimen hautatuko ditu bakoitzeko. Proiektu sarituek 3.000 euro jasoko dituzte garatzeko.
- Proposamen guztiek dute zerikusia GJHekin (NBEaren 2030 Agendaren garapen jasangarriaren helburuekin).
“Bilbo Gazte Balioak Martxan” sarien bigarren edizio honetan, 53 proposamen jaso dira. Sari hauen bidez, Uriko gizarte-ingurunea hobetzen laguntzen duten gazteen ekimenak sustatu nahi dira, eta gazteek Bilboko Balioen Agirian jasota dauden balioetan oinarritutako gizarte bat garatzeko duten zeregina indartzea.
Jasotako 31 ekimen horiek pertsona eta/edo kolektibo gazteen kategoriakoak dira, eta gainerakoak, 22, unibertsitate-graduko edo goi-mailako zikloetako ikasleenak. Sariok 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat dira.
10 sari banatuko dira guztira, 5 kategoria bakoitzean. Sari bakoitzak 3.000 euro ditu. Gazte sarituek beren proposamenak garatzeko baliatuko dute diru hori. Ideia irabazleak 2019an zehar gauzatu beharko dira.
GJH, GARAPEN JASANGARRIAREN HELBURUAK
Bigarren edizio honetan, proiektuek zerikusia izan behar dute Nazio Batuen 2030 Agendako garapen jasangarriaren helburuekin.
Nazio Batuen Erakundeak garapen jasangarrirako adierazitako 17 helburu ia guztiak jasotzen dituzte aurkeztu diren 53 ekimenek. Kopuruari begiratuta, nabarmenak dira jasangarritasun sozialaren ideia indartzen duten 13 proposamenak; gero datoz emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desparekotasuna desagerrarazi nahi duten 9 ekimenak, kalitatezko hezkuntza hobetu nahi duten 8 ekimenak, eta ekoizpen-sistema eta kontsumo arduratsuagoaren aldeko 7 proposamenak.
Bilboko gazteak era askotakoak direla argi geratzen da proiektuetarako proposatzen dituzten espazioetan eta diziplinetan. Hain zuzen ere, proiektu horiek unibertsitateekin lotutako ikerketa-espazioak, musikarekin, dantzarekin, ikus-entzunezkoen ekoizpenarekin lotutako proposamen artistikoak eta sentsibilizazio eta aktibazio sozialerako esperientziak dira.
Gazteek Bilbao Gazte Balioak Martxan sarien bigarren edizio honetan eman duten erantzunak erakusten du haien sormena, ideiak sortzeko eta proiektuak zuzentzeko gaitasuna eta Bilboren orainarekin eta etorkizunarekin daukaten konpromisoa.
EPAIMAHAIA
Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: bat, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Saila ordezkatuz; beste bat, Deustuko Unibertsitatekoa, Bilbao Balioen Hiria agiria idatzi zuen taldearen izenean; eta, beste bat, Euskadiko Gazteriaren Kontseilukoa (EGK).
Saritutakoak hautatzeko, epaimahaiak irizpide hauek beteko ditu:
- sormena, originaltasuna eta izaera berritzailea,
- proiektua edo ideia gauzatzeak gizartean duen eragina eta interesa,
- sustatzaile gazteen lidergoa, ekimena diseinatu eta gauzatzeko prozesuan,
- gizartearen parte-hartzea, ideia diseinatzean edota gauzatzean,
- proiektuaren kalitate teknikoa
- eta proiektuaren bideragarritasuna.