0

  • Deialdi honetan, aurten, 600.000 euro izendatu dira, bizitegietarako eraikinetan igogailuak jartzeko eta arkitekturazko oztopoak kentzeko, eta kanpoaldeko eremutan ere, jabetza pribatukoak direnean, hirigintzazko oztopoak kentzeko.
  • Beste alde batetik, 75.000 euro emango dira etxebizitza-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko. Gertatu liteke zenbateko horiek gehitzea, beharrezkoa izanez gero, aurkezten diren eskabideen arabera.Aurtengo deialdian, badira berrikuntzak, eta dirulaguntzetan emango diren zenbatekoak ere gehitu dira.
  • Iaz, Bilboko Udalak, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez, 93 egikune lagundu zituen diruz Uri osoan, guztira 590.888,09 euro emanez, aurreko urtean baino % 6,76 gehiago. Jarduketa horien onuradunak 1.882 etxebizitza izan ziren.
  • Beste alde batetik, SURBISA udal sozietatearen ardurakoa da gune hauetako hiri-birgaikuntza: Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Irala –gune endekatuak eta Irala historikoa– eta Zazpilanda. SURBISAk, iaz, arkitekturazko oztopoak kentzeko 25 jardun lagundu zituen diruz, guztira 250.000 euro emanez.
  • Guztira, iaz, udalerrian, 118 egikune gauzatu ziren bizitegi-eraikinen irisgarritasunerako, eta 840.888,09 euroko zenbatekoa baliatu zen haietan, eta 2.099 bizitegiri ekarri zien onura.

Bilboko Udalak, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez, aurten ere deialdi bat egin du 2022an etxebizitza-eraikinetan arkitekturazko oztopoak kentzeko dirulaguntzetarako. Laguntza hori bizitegi-eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko da, eta, aurten, badakartza berrikuntza batzuk diruz lagun daitezkeen zenbatekoei dagokienez.

Programa horretan, aurreikuspenen arabera, 600.000 euro banatuko dira, etxebizitza-eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko igogailuak eta irisgarritasuna hobetzen dituzten beste elementu batzuk jartzeko. Beste alde batetik, 75.000 euro emango dira etxebizitza-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko.

Gertatu liteke zenbateko horiek gehitzea, beharrezkoa izanez gero, ekitaldian zehar aurkezten diren eskabideen arabera.

Aurreko urteetan bezala, deialdi honen xedea da lan hauen zati bat finantzatzea: bizitegietarako eraikinen barrualdeko elementu erkideetan dauden arkitektura-oztopoak eta atarian bertan zuzenean sartzeko dauden kanpoko oztopoak kentzeko lanak (mailak edo eskailera-mailak, esaterako) eta, halakorik ez dagoenean, igogailua jartzeko lanak.

Era berean, deialdiaren helburua izango da etxebizitza-eraikinen inguruetan lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoko urbanizazioak ––erabilera publiko zein pribatukoak–– berritzeko obrak finantzatzeko dirulaguntzak ematea, baldin eta obra horiek hirigintza-oztopoak kentzea badakarte.

Bilboko Udalak eraikin partikularretan oztopo arkitektonikoak kentzeko hainbat laguntza-programa sustatu ditu 1998az geroztik, herritar guztiei etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzearren.

DIRULAGUNTZAK ESKURATZEKO BETEKIZUNAK, 2022AN

Orokorrean, arkitektura-oztopoak kentzeko dirulaguntzak jaso nahi dituzten etxebizitza-eraikinek betekizun hauek bete behar dituzte:

  • Eraikinaren erabilera nagusia bizitegia izatea.
  • Higiezinean bizitegi-erabilerak ez direnak badaude, erabilera horiek, gehienez ere, eraikitako azaleraren % 50 izan ahalko dira, beheko solairuak eta sotoak kenduta (horrelakorik egonez gero).
  • Etxeak, gutxienez, hamar (10) urte edo gehiago izatea.
  • Eraikinaren altuera osoa lau (4) solairukoa izatea, gutxienez, beheko solairua barne.
  • Eraikinen Azterketa Teknikoaren Txostena edukitzea, 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna daukan eraikin bat bada; igogailua jartzeko bada, edozein izan daiteke eraikinaren antzinatasuna.

Era berean, Otxarkoaga auzoaren berezitasuna aintzat hartzen da, hango biztanleen ezaugarri sozioekonomikoengatik eta obren kostu handiagoarengatik; izan ere, gehienbat, eraikinen kanpoaldean jartzen dira igogailuak, eta, hala, obraren egiazko kostuaren % 20ko diru-laguntasunari eusten zaio, gehienezko muga 20.000 euro izanik – orain arte, gehienezko muga 16.000 euro zen–.

SURBISAren ardurapeko jardun-eremuak (Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Zazpilanda, Iralabarri eta Irala historikoa) ez dira diru-laguntza hauetarako deialdian sartzen, diru-laguntzen sistema propioa dutelako. Ez da dirulaguntzarik emango familia bakarreko edo familia birentzako etxeetarako, diren etxe bakanak edo elkarri atxikiak.

Diru-laguntza hauek jaso gura dituzten jabeek edota ugazaba-erkidegoek 2022ko azaroaren 14a baino lehen aurkeztu ahal dituzte eskariak. Deialdiaren barruan sartzen dira oraindik ebatzi gabe dauden eskari lehenago aurkeztuak.

Udalak ematen dituen laguntzez den bezainbatean, kontuan hartu behar da:

Obraren benetako kostuaren % 10 da zenbatekoa:

  • Igogailua jartzeko: 20.000 euro gehienez, kaletik etxebizitzetara arte mailarik gabeko ibilbide bat lortzen bada –orain arte, muga hori 16.000 euro zen–.
  • Igogailuaren ibilbidea handitzeko, 8.400 euro gehienez (lehen, 7.000 euro).
  • Plataforma jasotzaileak, atarietarako arrapalak eta abar jartzeko: gehienez 4.200 euro (lehen, 3.500 euro).
  • Zenbait atari hartuko dituen igogailua jartzeko aurreproiektua idazteko: gehienez 1.800 euro (lehen, 1.500 euro).

Lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoaldeko urbanizazioak izanez gero:

  • Igogailua jartzeko: Kostuaren % 10, eta gehienez ere 12.000 euro (lehen, 10.000 euro).
  • Oztopoak kentzeko beste esku-hartze batzuk: Kostuaren % 20, eta gehienez ere 6.000 euro (lehen, 5.000 euro).

Dirulaguntza horiek bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak eta beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten dirulaguntzekin.

2021EAN ARKITEKTURAZKO OZTOPOAK KENTZEKO EMANDAKO DIRULAGUNTZEN BALANTZEA

Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak, 2021ean, 93 egikune lagundu zituen diruz, guztira, eta 590.888,09 euro (2020an baino % 6,76 gehiago) eman, guztira. Nabarmentzekoa da eskatutako dirulaguntza guztiak eman zirela, araudia betetzen zuten guztiak.

93 egikune horietatik:

  • 19 jarduketa, igogailua jartzeko. Horietan, erabateko irisgarritasuna lortu zen.
  • 7, igogailua jartzeko.
  • 1, urbanizazioak berritzeko.
  • 1, Otxarkoaga auzoan, igogailua jartzeko eta obra-aurreproiektuak idazteko.
  • 28, igogailuaren ibiltartea luzatzeko.
  • Eta beste 37, irisgarritasunarekin zerikusia duten jardunetarako (eskailera-igogailuak, arrapalak…).

Jarduketa horien onuradunak 1.882 etxebizitza izan ziren. Horietatik, % 29,03, igogailurik ez zuten eraikinetan igogailuak jartzeko izan ziren. Eta % 70,97 beste traba batzuk kentzeko jardunetarako; esate baterako, igogailuaren ibiltartea luzatzeko, eskailera-igogailuak, arrapalak eta abar jartzeko.

1.200 eurotik 16.000era arteko laguntzak barruti guztietan banatu ziren; gehiago, jakina, igogailurik gabeko etxebizitza-eraikin gehiago dauden aldeetan. Hortaz, jarduketa gehien Abando, Deustu, Errekalde, Begoña eta Uribarriko barrutietan egin ziren.

Beste alde batetik, SURBISA udal sozietatearen ardurakoa da gune hauetako hiri-birgaikuntza: Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Zorrotzaurre, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Iralabarri, Irala zaharra eta Zazpilanda. SURBISAk, iaz, arkitekturazko oztopoak kentzeko 25 jardun lagundu zituen diruz, guztira 1,6 euro ipiniz inbertso pribatu gisa. Zenbateko horren % 35 lagundu zen diruz, 497.000 euroko zenbateko batekin ––250.000 euro, Surbisak, eta 247.000 euro Eusko Jaurlaritzak––, eta 217 etxebizitza gertatu ziren onuradun.

Egikune horiek, nagusiki, hemen gauzatu ziren: Zazpi Kaleetan (8), Bilbo Zaharrean (12), Zorrotzaurren (1), Olabeagan (2), Iralan (3). Horietatik, 20 igogailuak ipintzeko izan dira; 7, etxebizitzetan irisgarritasun-obretarako; eta 1, irisgarritasun-aurreproiektuetarako.

AHOLKULARITZAKO UDAL ZERBITZUA

Bilboko Udalak badu etxebizitza-eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko informazioa emateko zerbitzua. Hirigintza Plangintzako Zuzendaritzan ematen da, eta, kontsultarik egin nahi izanez gero, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, 94 420 43 07 telefonoan, urbanismo@bilbao.eus helbide elektronikoan edo Udalaren www.bilbao.eus webgunean, “Zure Udalak entzuten dizu” atalean. Behin eskaera erregistratutakoan, zerbitzuko langileek interesdunarengana joko dute, behar den aholkularitza ematearren.

Zerbitzu horretan sarrien egiten diren galderak, hauen inguruan izaten dira:

  • Jabeen erkidegoetan aurretiaz onartu behar dituzten akordioak.
  • Irisgarritasun unibertsala lortzeko aukerak.
  • Obra-lizentziak eskuratzeko administrazio izapideak, ondasun pribatuak edo espazio publikoak okupatzeko beharrizana, eta beste udal sail batzuekiko solaskidetza.
  • Eskura daitezkeen laguntza ekonomikoak.

2017an abian jarri zenetik, zerbitzuak 375 erkidegori eman die aholkularitza.

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak