- Janari-bilketa handia egiten den seigarren aldia da. Bilketa gaur, hilak 16 (astelehena) hasi eta zapatuan, hilak 21, amaituko da.
- Elikagaiak establezimenduetan boluntarioei poltsetan eman beharrean, ELIKAGAI-BONUA erabiliko da. Bonu hori kutxatik pasatzean eskuratuko du bezeroak, nahi duen zenbatekoa jarrita.
Bilboko Udalak bat egin du aurten ere Bizkaiko elikagaien bankuaren janari-bilketa handiarekin eta bide batez, kanpainan parte hartzera animatzen ditu herritarrak –bakoitzak ahal duen neurrian-, gaur, azaroak 16 (astelehena), hasi eta hilaren 21era (zapatua) arte. Antolatzaileek diotenez, “Euskadiko elkartasun-ekitaldi garrantzitsuena izango da ziurrenik, baina aurtengoa oso bestelakoa izango da, bizi dugun pandemiak janaria jasotzeko egiteko modua aldarazi digulako”.
Elikagaien Bankuak adierazi duenez, elikagaiak establezimenduetan boluntarioei poltsetan eman beharrean, ELIKAGAI-BONUA erabiliko da. Sistema horrekin, kutxatik pasatzean janari-bonu bat eskuratzen du bezeroak, nahi duen zenbatekoa ordainduta. Diru hori urtean zehar erabiliko da, elikagaiak erosteko.
Halaber, jakinarazi dute web orriaren bidez beste bide batzuk erabili daitezkeela laguntzeko: Bizum, kreditu-txartela, kontu korrontea eta Paypal. Dohaintza-formula berri horri dagokionez, adierazi dutenez “sekula ez dugu dirua zuzenean eskatu nahi izan, gure asmoa elikagaiak bildu eta banatzea baita; baina, gaur egungo inguruabarrek bultzatuta, salbuespenez, aurten dirua eskatu beste biderik ez daukagu, eta argi utzi gura dugu Bizkaiko Elikagaien Bankuak ez duela sekula dohaintzarik edo bankuko daturik telefonoz eskatuko”.