- Proiektuko gidaria Otxarkoaga eta Txurdinagako gizarte eta hezkuntza batzordea da, “Ni Otxarren alde” plan komunitarioaren testuinguruan. Helburua, adin eta gizarte-egoera guztietako pertsonen artean irakurketa bultzatzea.
- Parte-hartzaileek urte bakoitzeko gaiaren inguruko liburu bat hautatzen dute (aurtengoan, “balioak” da gaia), eta irakurketa-fitxa bat betetzen dute, liburuari buruzko iruzkin, argazki edo marrazki batekin, auzoko leku esanguratsuetan dagoen erakusketa batean txertatuko dena: auzo etxea (erakusketa ibiltaria), anbulatorioa, plaza, ikastetxeak, komertzioak, eta abar.
- Aburto alkateak José Antonio Marinaren “La lucha por la dignidad” liburua hautatu du, eta irakurketa-fitxan adierazi du “duintasunak berdindu egiten gaituela”. Hauek ere parte hartu dute: Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutietako zinegotziak, Alaitz Leceagaren “El bosque sabe tu nombre” lanarekin; Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak, Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” lanarekin, eta Alberto Ruiz de Azua saileko zuzendariak, Irantzu Mendiaren eta Gloria Guzmanen “En tierra ocupada” liburuarekin.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, udal gobernuko beste kide batzuekin batera, “Otxarkoaga, auzo irakurlea” ekimenean parte hartu du. Proiektu hau Otxarkoaga eta Txurdinagako gizarte eta hezkuntza batzordeak zuzentzen du, “Ni Otxarren alde” plan komunitarioaren barruan. Hirugarren edizio honetan, Bilboko Balioen Agiriarekin bat egin du, “Otxarkoaga, baliodun auzoa” izenarekin.
Horrela, Aburto alkatea ekimen honen alde agertu da, urtero Liburuaren Nazioarteko Egunean egiten dena (apirilaren 23an), adin eta gizarte-egoera guztietako pertsonen artean irakurketa sustatzeko asmoz. Iazkoan, 160 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten, eskolako umeak, irakasleak, auzokideak eta 65 urtetik gorako erretiratuak barne.
Aurreko edizioetan bezala, “Otxarkoaga, auzo irakurlea” ekimenean parte hartu gura duten pertsonek edizio bakoitzeko gaiarekin zerikusia duen liburu bat aukeratu baino ez dute egin behar izan (kasu honetan, balioak), eta irakurketa-fitxa sinple bat bete, testuan ageri diren balioak aipatuz eta hari buruzko iruzkin, argazki edo marrazki bat erantsiz.
Fitxak euskaraz nahiz gaztelaniaz bete daitezke, taldean nahiz banaka. Fitxa guztiak biltzen direnean, erakusketa bat antolatzen da, urtero, auzoko leku garrantzitsuetan jartzeko: auzo etxea (erakusketa ibiltaria), anbulatorioa, plaza, ikastetxeak, komertzioak, eta abar.
Juan Mari Aburto alkatearen kasuan, aukeratutako liburua “La lucha por la dignidad” da, José Antonio Marina filosofo, entsegu-egile eta pedagogoak idatzia. Bere irakurketa-fitxan, Bilboko alkateak hauxe idatzi du: “Pertsona guztiek dute duintasun bera. Duintasunak berdindu egiten gaitu”.
Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutietako zinegotziak ere “Otxarkoaga, auzo irakurlea” ekimenean parte hartu du. Bere irakurketa-fitxa Alaitz Leceaga bilbotarraren “El bosque sabe tu nombre” eleberriari buruz egin du, eta nabarmendu du “joan den mendearen hasierako emakume indartsu eta ezberdin baten istorioa” dela.
Bestalde, Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak “Kristalezko begi bat” liburua aukeratu du, Miren Agur Meabe lekeitiarrarena. Irakurketa-fitxan adierazi duenez, “liburu honetan, emakume batek (liburuaren egileak) bizitzako momentu zailei aurre egiteko eta gainditzeko duen ahalmena erakusten du”.
Azkenik, Alberto Ruiz de Azua saileko zuzendariak bere irakurketa-fitxa Irantzu Mendia eta Gloria Guzmanen “En tierra ocupada” liburuaz egin du. Liburua “Mendebaldeko Saharako emakumeek egiten duten erresistentzia-borrokaz, eskubideen defentsaz eta elkartasunaz da. Askatasunarekin, berdintasunarekin eta justizia sozialarekin konprometitutako emakumeak dira”, Ruiz de Azuaren hitzetan.
BALIOETAN OINARRITUTAKO PARTE-HARTZEA ETA GIZARTE-INKLUSIOA
“Otxarkoaga, auzo irakurlea” proiektua Otxarkoaga eta Txurdinagako gizarte eta hezkuntza batzordeak zuzentzen du. Proiektuaren asmoa da irakurketa norbere hazkunderako prozesuen eta gizarte eta kultur eraldaketako prozesuen motorra izan dadila. Horretarako, irakurketarako espazio publikoak sustatzen dira eta instalazio horien erabiltzaileek euren kidetasun-sareekin dituzten loturak sendotzen dira.
“Otxarkoaga, baliodun auzoa” leloarekin, ekimenak aurten Bilboko Balioen Agiriarekin bat egingo du, hainbat helbururekin: auzo osoa inguruko ikastetxeetan lantzen ari diren balio horiek transmititzeko lanean murgildu dadila, Otxarkoagan bizi diren eta lan egiten duten pertsonek elkar ezagutu ahal izateko elkargune bat sortzea, eta balioetan oinarritutako parte-hartze eta gizarte-inklusioko prozesuak mesedetzea ikastetxeetako ikasleen artean, auzoan lan egiten duten profesional eta merkatarien artean, herritarren artean, eta elkarteen eta instituzioen artean.
Xede horrekin, aurten literaturari eta balioei buruz bildutako irakurketa-fitxen erakusketak Otxarkoagako bizilagunentzat esanguratsuak diren lekuak azalduko ditu. Lehenik eta behin, auzo etxea. Bi aste emango ditu bertan. Gero, Pio Baroja, Artatse, Artabe BHI eta Birjinetxeko ikastetxeetara joango da. Gainera, anbulatorioan, plazan, komertzioetan eta abarrekoetan egongo da.
“Otxarkoaga, auzo irakurlea” ekimena “Yo Con Otxar- Ni Otxarren Alde” udal programaren garapenaren barruan sartzen da. Programa hori, hain zuzen ere, Bilboko Udalak duela hamarkada bat, auzoan bizikidetza eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, hasi zuen “Imajinatu Otxarkoaga” izenekoaren jarraipena da.
‘Yo con Otxar-Ni Otxarren alde’ herritarren partaidetzako baliabide berritzailea da, auzoa biziberritzeko lanean diharduena, besteak beste, inguruko jarduerak, merkataritza eta zerbitzuak sustatuz.