0

  • Sanchez Marcos ikastetxearen “Arbotante/Arbota-arkua” eta The Eko Laben “La Bobina” belaunaldi arteko ekimenak dira, hezkuntzaren eta komunitatearen eremukoak, hurrenez hurren.
  • Sarituetako hirugarrena Bakuvaren “David” proiektua da, entitatearen eskola-laguntzako programan parte hartzen duten gazteei orientazio pertsonala, akademikoa eta soziala emateko zerbitzua.
  • Hiru ekimenek elkarrekin sustatzen dituzte bizikidetza, berdintasuna, jasangarritasuna edo sormena bezalako balioak, denak ere Bilboren Balioen Agirikoak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak “Bilbo Balioen Hiria Sariak” banatu ditu. Bosgarren edizio honetan, honako hauen lana aitortzeko izan dira: Juan Manuel Sanchez Marcos HLHI (“Arbotante/Arbota-arkua”), The Eko Lab elkartea (“La bobina”) eta Bakuva fundazioa (“Proyecto David”).

Aburto alkateak esan duenez, “sarituak izan diren proiektuetako bakoitzak lagundu egiten digu Bilboko Balioen Agiria sustatzen; sari horien xedea da, hain zuzen, balioak bultzatzen dituzten ideiak sustatzea eta haien alde egitea, aditurik balioak direla gizartean bizikidetza ardazteko eta gure Uria aurrerantzean ere hobetzeko tresna batzuk, eta guztiz sinetsita ekintza txiki oro, ahalegin oro eta jokabide oro dela garrantzitsua Bilbon bizi garen guztion ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egiteko”. Aburtok gogorarazi duenez, “Bilbok bere hirigintza-eraldaketagatik da ezaguna batez ere. Orain badakizue gure ahalegina dela balioen hiri gisa ere ezaguna izatea, eta helburu hori lankidetzan soilik lortuko dugu, elkarrekin lan eginez, konpromisoz eta konbentzimenduz. Zuek bezalako pertsonez betetako gizarte bat behar dugu, pertsona aktibo, parte-hartzaile eta kolaboratiboez betea”.

Juan Mari Aburtok azpimarratu duenez, “Bilbok gero eta inklusiboagoa, anitzagoa, konprometituagoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan nahi badu, balioen erreferente izan behar du, Garapen Jasangarrirako Helburuekin dugun konpromisoarekin lerrokatutako erronka”.

SARITUTAKO 3 PROIEKTUAK

THE EKO LAB

“La Bobina” izeneko proiektuan belaunaldi arteko ikasgela bat sortu da ehungintzaren inguruan; joskintzako eta artisautzako teknikak partekatzeko eta ikasteko espazio ireki bat.

Joskintza-eskola bat sortzetik haratago, belaunaldi eta kulturen arteko topaketarako eta elkarrizketarako leku bat eskaini nahi da, zeinetan ezagutzen, balioen eta esperientzien trukaketa eta ikaskuntza bat sortuko den, komunitatearen garapenean eta kohesioan aktiboki laguntzeko helburuz. Era berean, kontzientziatzeko eta praktika jasangarriak, upcycling-a, birziklatzea eta konponketa sustatzeko gune bat da. Ideiak sustatzen dituen balioen artean, bizikidetza, berdintasuna, jasangarritasuna eta sormena nabarmentzen dira.

Ildo horretan, epaimahaiak aho batez baloratu ditu proiektuaren erakargarritasuna eta belaunaldi arteko izaera, elkartzeko eta elkarrengandik ikasteko gune gisa duen ikuskera, eta jasangarritasunaren aldeko apustu nabarmena, bai eta egindako tailerrek parte-hartzaileen ingurumen-kontzientzian duten eragina ere.

JUAN MANUEL SANCHEZ MARCOS HLHI

Sanchez Marcos ikastetxearen ekimenak “Arbotante/Arbota-arkua” du izena, eta bertan ikastetxeko lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek parte hartu dute, Francisco Javier García de la Torre arkitektoarekin batera.

Ekimena arkitekturaren, artearen eta zientziaren inguruko belaunaldien arteko hezkuntza-esperientzia batean datza. Esperientzia horrek balioa ematen die uriko eraikin historikoei, bai eta garai bateko lanbideei ere. Gainera, aukera-berdintasuna, talde-lana, sormena, jasangarritasuna, hezkidetza eta bilbotar sentimendua sustatzen ditu.

Epaimahaiak proposamenaren sormena eta duen motibazio-potentzialagatik bokazioak sortzeko gaitasuna nabarmendu ditu.

BAKUVA FUNDAZIOA

Bakuva Fundazioa ere “Bilbo Balioen Hiria Sariak” sarien edizio honetako beste sarituetako bat da, “David” proiektuaren ekimenagatik: Bakuvaren eskola-laguntzako programan parte hartzen duten gazteei orientazio pertsonal, akademiko eta sozialeko zerbitzu bat eskaintzea du helburu, derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren mailatik lanbide-heziketara.

Epaimahaiak nabarmendu ditu proiektuaren irismena eta profil oso desberdinetako gazteen hezkuntzarekin eta prestakuntzarekin duen lotura.

Orientazio-zerbitzu hori eskaintzeaz gain, proiektuaren helburua da hausnarketarako gune bat eskaintzea, prestakuntza-alderdiei buruzko informazioa ematea, gazteen eta haien familien eskaerei erantzutea, eta nork bere burua ezagutzen laguntzea, besteak beste. Horretarako, konfiantzazko giroa sortzen dute.

Saritutako entitate bakoitzak 3.300 euro jasoko ditu, deialdiaren xedearekin lotutako helburuetarako.

43 EKIMEN AURKEZTU DIRA

“Bilbo Balioen Hiria Sarien” bosgarren edizio honetan, 43 proiektu aurkeztu dira, hiru kategoriatan banatuak:

  • Bilbon irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateek garatutako 29 ekimen (aurreko edizioan baino 7 gehiago).
  • Hiriko ikastetxeek garatutako 13 ideia (aurreko edizioan baino 4 gehiago).
  • Bilbon dauden enpresek, saltokiek, ostalaritzak, lanbide-elkargoek edo antzeko entitateek garatutako proiektu 1 (aurreko edizioko kopuru bera).

BILBO, BALIOEN HIRIA

“Balioen Hiria Sariak” Bilbo Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbo Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea, ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da gune bat sortzea, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzarako.

Horren emaitza gisa, 2018ko martxoan Bilbo Balioen Agiria onartu zuen Udalbatzarrak, non datozen urteetan uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu baitziren.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbo Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak
Bideoak
PDFak
Audioak