0

  • Bizkaiko hiriburuko Udalak “Aintzatespena Bilboko emakume migratzaileei” ekimenaren hirugarren edizioko sariak banatu ditu.
  • Immigrazioaren Tokiko Kontseiluaren ekimena da, eta emakume etorkinek bizitza sozial eta publikoan duten presentziaren garrantzia aitortzea eta hiriari aniztasunaren erreferentziazko eta aintzatespeneko espazioak ematea du helburu.
  • 7 emakume saritu dituzte 6 kategoriatan, Emakume Politikaria, Artista, Giza Eskubideen Defendatzailea, Gaztea, Komunitate Eragilea eta Ekintzailea.

Gaur goizean, BBK KUNAko Ganbara aretoak, Bilboko Udaleko Immigrazioaren Tokiko Kontseiluak bultzatutako “Aintzatespena Bilboko Emakume Migratzaileei” ekimenaren III. Edizioaren sari banaketa ekitaldia hartu du.

Ekitaldi instituzional horren buru Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izan da, eta emakume horiek hiriaren bizitzari egiten dioten ekarpena balioetsi du. “Bilbon, biztanleria etorkina dugu, indar handikoa, ekintzarako gaitasun handikoa eta harrera egin dien hiriaren garapen sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalari ekarpenak egiteko gogo handia duena. Eta biztanleria-talde horren barruan, funtsezko lekua betetzen duten emakume asko nabarmentzen dira, erreferentzia komunitarioko eragile, profesional, lider, pentsalari, politikari eta ekintzaile gisa, eta, aldi berean, euren familientzat eta beste gizarte-zirkulu batzuentzat ongizatearen eta garapenaren eragile gisa”.

Ekitaldi honek kulturarteko ereduaren oinarrietako bat azpimarratzen du, hau da, aniztasuna tokiko garapenerako faktore gisa onartzea, eta martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, ospatuko da. Itziar Urtasunek Bilboko Udalak kulturartekotasuna zeharkako tokiko ekintzaren printzipio gisa indartzeko duen konpromisoa nabarmendu du, “oso harro gaude, eta eskerrak eman gura dizkiegu Bilboko gizartera migratu duten bizilagun guztiei, emakumeen zeregina nabarmenduz”.

Aurtengoa ekimenaren hirugarren edizioa da, eta helburu hauek ditu: batetik, emakume etorkinek bizitza sozial eta publikoan duten presentziaren garrantzia aitortzea, eta, bestetik, Bizkaiko hiriburuan aniztasunaren erreferentziazko eta aintzatespeneko espazioak posizionatzea.

Horri dagokionez, zinegotziak azaldu duenez, “funtsezkoa da komunitatean erreferenteak izatea, norberaren burua begiratzeko ispiluak, hurrengo belaunaldiak inspiratzen eta babesten dituzten emakumeak, daudenak eta etorriko direnak. Lan, superazio, ahalegin pertsonal eta helburuen lorpeneko eredu horiek gidari izan daitezke bide berean dauden beste emakume batzuentzat”.

Oraingo deialdirako, Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzi eta Immigrazioaren Tokiko Kontseiluko (CLI) presidenteak; Milagros Acea Asociación Sierra Maestra – Comunidad Cubana residente en Euskadi elkarteko kide eta CLIko bigarren presidenteordeak; eta Norma Vázquez psikologo eta feministak osatu dute Epaimahaia. Epaimahaiaren iritziz, baldintzak betetzeaz gain, hautatutako zazpi emakumeak dagozkien kategorietan egindako ekarpen bereziarengatik nabarmentzen dira:

  • EMAKUME POLITIKARIA: Kehinde Akeju (Nigeria)
  • EMAKUME ARTISTA: Karina Perla (Peru)
  • GIZA ESKUBIDEEN DEFENTSAN ARITZEN DEN EMAKUMEA: Rosario del Carmen García (Kolonbia)
  • EMAKUME GAZTEA: Manuela Correa Jaramillo (Kolonbia)
  • KOMUNITATEKO EMAKUME ERAGILEA: Victorine Damasse Atakiti (Kamerun) eta Marie Lucia Monsheneke (Kongoko Errepublika Demokratikoa)
  • EMAKUME EKINTZAILEA: Fatou Dieng (Senegal, Afrika)

Itziar Urtasunen berbetan, “saritutako emakume horiek ibilbide luzea dute, hainbat arlotan dute esperientzia, lotura berezia dute mugimendu sozial eta komunitarioekin, eta inplikazio pertsonala dute aktibista gisa Giza Eskubideen Defentsan eta arrazakeriaren kontrako borrokan, ikuspegi feministatik”.

ATZERRITAR JATORRIKO EMAKUMEAK: % 52,5 ETA 26.654 ERROLDATU

Bizkaiko hiriburuko datu demografikoei dagokienez, hirian bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen erdia baino gehiago emakumeak dira, erroldatuta daudenen % 52,5a dira, 26.654 guztira. Profil ohikoena Latinoamerikako emakumea da, 17.531, hau da, atzerriko emakume guztien % 65,8a.

Kolektibo horrek bizitzeko aukeratutako barrutiei dagokienez, Ibaiondok eta Errekaldek dute atzerritar jatorriko emakume gehien, Bilbon erroldatutako atzerritar jatorriko emakume guztien % 21,4 eta % 18,3, hurrenez hurren. Ibaiondo, Errekalde eta Deustu dira Latinoamerikako emakume gehien biltzen dituzten barrutiak (3.378, 3.206 eta 2.611, hurrenez hurren), eta Begoñan daude emakume bulgariar, errumaniar edo kroaziar gehien (321). Ibaiondo da Afrikatik (Magrebetik eta Afrikako gainerako lekuetatik) datozen emakumeen gune nagusia, eta Errekalde nabarmentzen da jatorri txinatarreko emakumeak bizi diren eremu nagusi moduan (erroldatutako emakume txinatarren % 43,7a barruti horretan bizi da).

Zifrek sendotu egiten dute “Aintzatespena Bilboko Emakume Migratzaileei” ekimenaren izaera estrategikoa, Immigrazioaren Tokiko Kontseiluak gauzatzen duen lanaren barruan. Finkatuta dago, eta “Bilbao Balioen Hiria“ proiektuaren Balioen Agiriarekin lerrokatuta, kultur aniztasunetik abiatuta inklusioa, tolerantzia eta bizikidetza bultzatuko duten ekintzak gauzatzearen aldeko apustuan. Balio horiek beti daude presente, justizia soziala, giza eskubideekiko errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta partaidetza, besteak beste.

Modu berean, 2030 Agenda Garapen Jasangarrirako Helburuei lotzen zaie, eta Bilbo Plana, Kulturarteko Hiria planaren barruan dago. Plan horrek emakume migratzaileen ahalduntzea sustatzeko lan-eremu espezifikoa jasotzen du, eta bere lehentasunetako bat gizarte-zaurgarritasun handiagoa duten kolektiboekin esku hartzea da. Kolektibo hori horien artean dago.

HIRIAREN GARAPENARI EGINDAKO EKARPENAREN 19 TESTIGANTZA

Gainera, jatorriz migratzaileak diren emakumeek Bizkaiko hiriburuari egiten dioten ekarpena ikusarazteko asmoz, Laura Caorsi kazetariak eta Rubén Arribas erredaktoreak “Geu- Nosotras” aurkeztuko dute gaur arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, euren bizipenak eta istorioak kontatzen dituzten emakume migratzaileei egindako 19 elkarrizketa, Hiribilduaren garapenari egindako ekarpena nabarmenduz.

Adin eta ibilbide anitzekoak, jakintza eta jatorri desberdinekoak, artetik merkataritza-ekintzailetzara eta politikatik giza eskubideen aldeko lanera doazen talentuak, guztiek lagundu dute Bilbo gaur egun den hiria izaten eta bihar izango den hiria eraikitzen.

Kolonbia, Filipinak, Errumania edo Senegal bezalako leku desberdinetan jaiotako Marta, Aura, Milagros, Porciana, Georgina, Esperanza, Nilda, Manuela, Farah, Viorica, Karla, Noreida, Doris, Maylin, Lidia, Norma, Luz, Irina eta Fatou, hirira sentsibilitatea, lana eta talentua ekarri duten emakumeak dira.

Argitalpenaren aurkezpen-ekitaldiaren ostean, solasaldia egingo da eguneko protagonistekin Emakume Migratu Ekintzaileen Elkartearen eskutik. Solasaldi horretan emakume horiek arlo pertsonaletik hasi eta arlo profesionalera egindako bide luzea nabarmendu ahal izango da, emakume guztiek komunean dituzten espazioak eta erronkak agerian utziz.

  • GEU-NOSOTRAS” ARGITALPENA ERANSTEN DA.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

 

 

Bideoak

PDFak

Audioak