- Bilbo da, Gasteizekin batera, sari hori lortu duen 200.000 biztanletik gorako lehenengo euskal udalerria. Bi hiriburuekin batera, beste 4 euskal udalerrik jaso dute aurtengo ELoGE zigilua: Basaurik, Eibarrek, Andoainek eta Urnietak.
- Zigilu horrek tokiko gobernuen kalifikazio gorena ziurtatzen du, gobernu onaren, kalitatearen eta berrikuntza demokratikoaren 12 printzipioren arabera. Udalak giza eskubideekin, kultura-aniztasunarekin eta gizarte-kohesioarekin duen konpromisoagatik eta udal-zerbitzuen kudeaketa eraginkor eta efizientean duen erantzukizunagatik aintzatetsi da.
- Hautagai diren udalak Europa osorako tresna komunaren arabera autoebaluatzen dira, EUDELek euskal berezitasunera egokitutako 97 adierazlerekin.
Bilbok 2021eko Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortu du. Ziurtagiri hori, EloGe (European Label for Governance Excellence), Europako aintzatespenik handiena da tokiko gobernuentzat, eta bikaintasun-kalifikazioa egiaztatzen du, gobernu ona, kalitatea eta berrikuntza demokratikoaren hamabi printzipiotako zerrenda baten arabera.
Europako Kontseiluaren autoebaluazio-sistema zorrotz batean oinarritutako aintzatespena da, udal-kudeaketa eraginkor eta efizientea bideratzea helburu duena, iraunkortasun-ikuspegiarekin.
Bilbok, Gasteizekin batera, zigilu hori lortu duen 200.000 biztanletik gorako lehenengo euskal udalerria da. Bi hiriburuekin batera, EAEko beste 4 udalerrik jaso dute aurtengo ELoGE zigilua: Basaurik (Bizkaia), Eibarrek, Andoainek eta Urnietak (Gipuzkoa).
Saritutako udalerrien zerrenda gaur argitaratu da EUDELek Bilbon duen egoitzan – Euskadiko Udalen Elkartea 2017an egiaztatu zen zigilua emateko Europako lehenengo eskualde-plataforma gisa –.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin batera, Jorge Segurado Urnietako alkateak, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Jon Iraola Eibarko alkateak, Asier Iragorri Basauriko alkateak eta Borja Rodriguez Gasteizko zinegotziak saria jaso dute Gorka Urtaran EUDELeko lehendakari eta Gasteizko alkatearen eskutik.
Gainera, banaketa ekitaldian Alina Tatarenko Europako Kontseiluko Gobernantza buruak, ELoGEren erakunde bultzatzailea den aldetik, esku-hartze telematikoa egin du.
Juan Mari Aburtok azpimarratu du: “aitorpen honek gardentasun-, eraginkortasun-, efizientzia- eta berrikuntza-maila handienak dituzten Europako hirien buruan jartzen gaitu, baina, aldi berean, gogorarazi behar digu ezin dugula eta ez dugula konformatu behar”. Ildo horretan, Aburtok gaineratu du: “Bilbon lanean jarraituko dugu dagoeneko asmo handikoak diren baina gero eta zorrotzagoak diren estandarrei eusteko eta aurrera egiteko. Baita gobernantza onaren balioak partekatzeko eta zabaltzeko ere, besteak beste, berdintasuna, parte-hartzea, kultura-aniztasuna edo gizarte-kohesioa edozein erakunde publikotan kudeatzeko oinarri gisa”.
Gorka Urtaran EUDELeko presidenteak nabarmendu duenez, tresna honek garrantzi handiagoa hartzen du COVID-19aren pandemiak bizkortu duen gizarte-eraldaketaren erronkei aurre egiteko: “Zigilua da gure tokiko erakundeak indartzeko eta jasangarriago bihurtzeko tresnarik onena. Europak hobekien baloratzen duen ataletako bat gure erreakzio-gaitasuna da, une bakoitzeko premiei arintasunez erantzuteko, baita epe luzerako ikuspegia ere, oztopoei edo etorkizuneko krisiei aurrea hartzeko”.
12 PRINTZIPIO ETA 97 ADIERAZLE
Sailkapena Gobernu Onaren 12 printzipiotan oinarritzen da. Printzipio horiek Europako demokraziaren funtsezko balioak dira, eta bat datoz Nazio Batuen GJHekin:
- (1) Ordezkaritza eta bidezko hauteskundeak; (2) Erreakzio ahalmena; (3) Eraginkortasuna eta efizientzia; (4) Irekidura eta gardentasuna; (5) Zuzenbidezko estatua; (6) Jokabide etikoa; (7) Konpetentziak eta Gaitasunak; (8) Berrikuntza eta aldaketarako jarrera irekia; (9) Jasangarritasuna eta epe luzerako orientazioa; (10) Finantza kudeaketa ona; (11) Giza Eskubideak, kultura aniztasuna eta gizarte kohesioa; (12) Kontuak emateko beharra.
Udal bakoitzak bere jarduketaren alderdi guztiak barne hartzen dituzten 97 adierazleri erantzuteko dauzkan probak aztertu behar ditu, bai antolamenduaren barruan, bai zerbitzugintzan eta gizartearekiko harreman estuan.
Aztertutako atalen artean daude, besteak beste, administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, hautetsien jokabide etikoa, herritarrek parte hartzeko kanalak edo organoak, gardentasun eta berrikuntza publikoko tresnak, eta giza eskubideak sustatzea, berdintasuna, aniztasuna, inklusioa eta gizarte-kohesioa zeharkako ardatz modura hartuta.
ELOGE EUSKADIN
ELoGE 2017an iritsi zen Euskadira, EUDELen eskutik, Europako lehen eskualde-plataforma bihurtu ondoren, bere lurraldeko udalerri guztietan zigilua eman ahal izateko. Hori lortzen lagundu zuen Euskadiko Udalen Elkartearen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza-harreman estuak. Baterako lan horrek fruitua eman du estatu mailan aitzindariak diren ekimenetan, hala nola 2013an, tokiko hautetsientzako lehen jokabide etikoko kodea eta Gardentasunaren aldeko Udalen sarea, edo 2014an, tokiko finantzen Europako ebaluazioa.
2017. eta 2021. urteen artean ELoGEren lau edizio egin dira Euskadin eta, horietan, EAEko hamabi udalek lortu dute bikaintasun-ziurtagiria lortzea. Lau udalerrik bi aldiz lortu dute zigilua, besteak beste Basaurik eta Urnietak, aurten berritu egin baitute. Edizio honek Bilbo, Gasteiz, Eibar eta Andoaingo kide berriak ekarri ditu.
ELoGE zigilua duten euskal udalak tamaina guztietako udalerriak dira:
- 10.000 biztanle baino gutxiago: Andoain, Legazpi eta Urnieta*
- 10.000-20.000 biztanle: Bermeo, Ermua* eta Laudio
- 20.000 – 70.000 biztanle: Basauri*, Eibar, Irun*, Leioa
- 200.000 baino gehiago: Bilbo, Gasteiz
* (ELoGE zigilu bi)
Zerikusia duten edukiak
Irudiak
Bideoak
- Juan Mari Aburto
- Gorka Urtaran
- Agurtzane Mercader
- Maider Lainez
- Jon Iraola
- Asier Iragorri
- Borja Rodríguez
- Recursos audiovisuales