- Ekainaren 15etik 17ra, Bilbao Exhibition Centre erakustokian gauzatuko da ekitaldi hau, elikagaigintzaren industriari lagunduz hurrengo hamarkadan aurkituko dituen erronkei aurre egiten teknologia eta berrikuntza baliatuz.
- Digitalizazioa, jasangarritasuna eta elikadura osasungarria izango dira biltzarraren hiru ardatzak, osagarri izango dituztelarik robotizazio-soluzioak, teknologia aurreratuak (adimen artifiziala, IoT, Blockchain, hozketa eta elikagaien logistika.
Food 4 Future – ExpoFoodTech 2021 biltzarrean elikagaien eta edarien sektoreko 5.000 profesional bilduko dira, 20 herrialdetatik etorrita, ekainaren 15etik 17ra bitartean, BEC- Bilbao Exhibition Centre erakustokian. Biltzarra inauguratzeko ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izango da, beste agintari batzuekin batera.
Albert Planas Food 4 Future biltzarraren zuzendari nagusiaren iritzian, “industriak industriarentzat prestatutako ekitaldi bat da, eta hainbat herrialdetako 170 enpresa-erakunde baino gehiagoren babesa du, betiere elikagaigintzako industriari laguntzeko asmoarekin, datorren hamarkadan herritar geroz eta adinduagoentzako elikadura osasungarriago sortzeko erronkei aurre egiten laguntzeko asmoarekin. Foodtech industria estrategikoa da mendebaldeko herrialdeetan; eta, hemen, Euskadin, aukera handia dugu sektorean berrikuntzaren aitzindari izateko”.
“Ospakizun hau berri handia da BECentzat eta lurraldearentzat”, adierazi du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak; haren ustean, “Euskadi, dagoeneko, kokatuta dago nazioartean bere gastronomiari esker, eta garaia da kokapen hori baliatzeko eta elikagaigintzako industriaren berrikuntzara eta digitalizaziora zabaltzeko. Food 4 Future biltzarrak aukera bikain bat dakarkigu, eta baliatu egin behar dugu erantzukizunik eta adimenik handienarekin”.
Arantxa Tapiaren ustean, Euskadik lortu du dagoeneko berrikuntza elikagaigintzako balio-kate osoan sartzea, hainbat ordezkariren bidez, hala nola Neiker, agritech ikerkuntzan, AZTI, foodtech arloan, eta Basque Culinary Centre gastronomiaren arloan; halaber, baditu organismoak ere, hala nola EIT FOOD elikagaigintzako klusterraren hegoaldeko egoitza edo HAZI bera.
BILBOK BILTZARRAK ABIARAZI DITU BERRIZ ERE
Food 4 Future biltzarrak orobat du Bilboko Udalaren babesa. Xabier Ochandiano Bilboko Udalaren Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, “biltzar jarduera hilabete luzeetan zehar etenda egon ondoren, Food 4 Future-Expofoodtech 2021 biltzarrarekin berrabiarazi egingo da Bilbon sektorea. Era honetako biltzarrekin, elikagaigintzako eta edarigintzako industriako erreferenteak bilduko dira gure urian, eta Bilboren nazioarteko alderdia erakutsiko digute ostera ere, talentua atxikitzeko eta sustatzeko gai den uria, berritzailea eta 4.0 industriaren aldeko apustua egiten duena”.
Food 4 Future biltzarra NEBEXTek eta AZTIk antolatu dute, eta 200 konpainia baino gehiagoren ordezkariak bilduko ditu erakusle moduan, beren soluzio, ekipo, teknologia eta proiektu berritzaileenak aurkeztera etorriak; eta, haiekin batera, bioteknologian, nazioarteko 280 aditu, arlo hauetakoak: zientzia eta elikagai segurtasuna, digitalizazioa, Blockchain delakoa, adimen artifiziala, automatizazioa eta robotika. Japoniako i-Tokio Unibertsitatea, Bill and Melinda Gates Fundation, Campofrío, Bonduelle, Coca-Cola, Aginaga Angulak edo Danone izango dira beren industria-transformazioko proiektuak aurkezten Bilbon.
HIZLARI OSPETSUAK
Hiru egunean, nazioarteko 300 hizlari arituko dira 56 hitzaldi baino gehiago ematen, elikagaigintzako industriaren egungo erronkei aurre egiteko gakoak azaltzen. Agendan, 3 gai nagusi izango dira: digitalizazioa, jasangarritasuna eta elikadura osasungarria.
Adrian David Cheok Australiako Ordenako kide eta Japoniako i-Tokio Unibertsitateko irakasleak analizatuko du nola aurre egin arrakastaz elikagaien eta edarien industriaren digitalizazioari. Cheok espezializatua da Internet bidezko zentzumen anitzeko komunikazioaren ikerkuntzan eta pertsona-ordenagailua interfazeetan espezializatua da.
Pere Puigdomènech ikerkuntzako irakaslea da Zientziazko Ikerkuntzen Goi Kontseiluan (CSIC), Agrigenomikako Ikerkuntzako Zentroan (GRAC), eta egungo negozio-ereduen jasangarritasunaz jardungo da. Landareen biologia molekularrean berezitua da, eta aditua da barazki transgenikoen kontsumoaren arloko segurtasunean.
Elikadura osasungarria izango da Food 4 Future biltzarreko beste gai nagusi bat, José María Ordovás Tufts University unibertsitateko irakaslea delarik nabarmentzekoa hizlarien artean. Nutrizioko katedraduna da, eta aitzindaria eta espezialistarik handienetako bat mundu mailan nutrigenetikan eta nutrigenomikan. Nabarmentzeko moduko hitzaldien artean dago, orobat, Dipika Matthias, Bill eta Melinda Gates Fundazioko The Global Alliance for Improved Nutrition sailaren zuzendaria.
Aitzindariak eta erreferenteak izango ditugu, Munduko BPGaren % 11 ordezkatzen duen industria baten beharrizanetarako erantzunak bilatzen; industria horretan, espero da elikagaigintzako produktuen eskaria % 70era arte haziko dela 2050ean. Erakusketak, hitzaldiak eta kasu praktikoen erakusketak hainbat gairen inguruan, dela digitalizazioa, negozio-eredu berrien bilaketa, balio-kate osoaren eraginkortasuna, produktuaren jasangarritasuna edo berrikuntza, hara hor edizio honen hiru jardunaldietan zehar BECen izango diren jarduera ugarietako batzuk. Gainera, Food 4 Future biltzarraren agendaren osagarri, soluzio teknologikoen erakusketa ere izango da, arlo hauetan: industria automatizazioa, robotika, elikagaien paketatzea eta elikagaiak prozesatzeko teknologia, adimen artifiziala, Blockchain delakoa, IIOT, (Industrial Internet of Things), zibersegurtasuna nahiz Cloud delakoa.