- Bilboko Udalak antolatutako sariak dira, Bilbao Balioen Agiriaren edukiak sustatzen dituzten entitateen ekimenei ezagutza agertzeko.
- Sariok Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan daude, eta agiriak jasotzen dituen 17 balioak garatzeko ardatzetako bat dira; dagoeneko 2.108 atxikipen dauzka.
- Askabideren Mari Makeda proiektuak xedetzat du lan-aukerak eskaintzea kalitatezko enplegu bat lortzeko zailtasunak dauzkaten emakumeei.
- Artagan ikastetxearen Konekta zaitez proiektuak gertuko harreman bat lortu nahi du nahiz ikasleen artean, nahiz irakasleekin, zailtasunen bat dutenek ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen laguntza jaso ahal izan dezaten.
- IMQ IGURKO ideiak, Zorrozgoiti Amestuz, adinduen eta hainbat eragileren arteko harreman sozialak eta parte hartzea sustatzea du helburu––hala nola gazteen kolektiboak–– Zorrotzako auzoan.
- Epaimahaiak hiru proiektu horiek bereizi ditu aurkeztutako 59 proiektuen artean (39 elkarteen kategorian, 14 ikastetxeen kategorian eta 6 entitate profesionalen kategorian). Saritutako proiektu bakoitzak 4.000 euro jaso ditu, saritutako ekimenarekin zerikusia duten xedeetarako erabiltzeko.
Askabideren Mari Makeda proiektuak, Artagango Santa Maria ikastetxearen Konekta zaitez proiektuak eta IMq IGURCOren Zorrozgoiti Amestuz proiektuak irabazi dituzte “Bilbao Balioen Hiria Sarien” lehenbiziko edizio honetako sariak, zeintzuk Bilboko Udalak antolatu baititu Bilboko Balioen Agiria sustatzen duten entitateen ekimenak saritzeko eta haiei ezagutza agertzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru gaur arratsaldean Udaletxeko Arabiar Aretoan sariak banatzeko egin den ekitaldian. Sari hauek Balioen Agiriko Garapenerako Planean aurreikusitako hiru ardatzetako bat eta hamabost ekimenetako bat dira hain zuzen ere, Bilboko Balioen Agiria osatzen duten balioak garatzeko eta sustatzeko onartu zen plan hori.
Juan Mari Aburtok gogorarazi du Bilbo eredua dela “aldaketan, eraldaketan eta hobetzen“, eta hau erantsi du: “bere burua balioen erreferente gisa aurkez dezan ere nahi dugu“. Alkateak berretsi egin du Udalak Bilbo Balioen Hiria proiektuaren alde egindako “apustu argia“, “zeina guztien parte hartzetik sortu baitzen, eta orain garatzen ari baita, guk espiritu horri berorri eusten diogun artean“. Aburto alkateak nabarmendu egin du “elkarrekiko lanaren garrantzia Agiri horretako balioetako bakoitzean aurrera egiteko“, eta eskerrak agertu dizkie proiektu sarituen arduradunei, beren “ahalegin, konpromiso eta eguneroko lanarengatik“. Bilboko alkatearen esanetan, balio horiek, “banan-banan, gutako bakoitza hobetzen gaituzte pertsona gisa, eta, multzoan, gure hiriko gizartea ere hobea izan dadin eragiten dute“.
3 PROIEKTU SARITU
- Askabideren Mari Makeda proiektuak irabazi du saria irabazteko xederik gabeko elkarte eta entitateen kategorian. Proiektu horren helburu nagusia da lan-aukerak eskaintzea kalitatezko enplegua lortzeko zailtasunak dauzkaten emakumeei. Askabide elkarteak abian jarri du Senegaldik ekarritako afrikar ehunekin egindako arropa berezien joera berri bat, tokiko diseinatzaileek diseinatua eta elkarteko emakumeek josia. Arropa horiek Gorte kaleko 4. zenbakian daude salgai: elkartzeko eta kultur fusiorako gune bat ere sortu da han. Askabidek modaren munduko eragileen aholkularitza lortu du proiektu horretarako, eta baita ere auzoko merkataritzaren, formazio-zentroen, denden eta pertsonen aholkularitza. Epaimahaiak, erabakian, adierazi du proiektu horrek, zeinak emakume migratzaileen kolektiboa baitu xede, “Agiriaren balioetako asko” jasotzen dituela, eta, gainera, “ikasteko eta laneratzeko” aukerak eskaintzen dituela. Gainera, epaimahaiaren ustez proiektua “kohesionatua, inklusiboa eta berritzailea” da.
- Artagan ikastetxearen Konekta zaitez proiektuak irabazi du saria ikastetxeen kategorian. Proiektuaren xedea laguntza-sare bat eratzea da, ikasleen eta irakasleen artean, gainerakoei eskainiz nork bere trebetasunak eta ahalmenak, eta gazteen artean eragitea elkarlana, elkartasuna, elkarbizitza, ilusioa, sormena eta baliabiderik eta motibaziorik ezagatik zailtasun handiagoak dauzkaten kolektibo jakin batzuen inklusioa. Hain zuzen, xedea da sareak eratzea, konektatzea, ikasleekiko harreman hurbilago bat ezartzea. Halako moldez non zailtasunak dauzkatenek ––diren ikasteko, harremanetarako edo pertsonalak–– aukera izan dezaten Artagan hezkuntza-komunitatearen laguntza jasotzeko. Ikastorduetan nahiz ikastorduz kanpo garatzen da.
Epaimahaiak azpimarratzen duenez, proiektua “eraldatzailea eta iradokitzailea” da beste ikastetxe batzuentzat ere, eta haren izaera “inklusibo eta belaunaldi artekoa” nabarmentzen du, garrantzi berezia baitu “gizarte-kohesioak eta maila guztietako dibertsitateak“. Horrez gain, epaimahaikideek, beren erabakian, ekimenak eskola-komunitatean nahiz auzoan izan duen eragina baloratu dute. - IMQ IGURCOri ezagutza agertu zaio bere Espazio publikoen eraldaketa parte hartze bidezkoa proiektuagatik Zorrozgoiti amestuz entitate profesionalen kategorian. Proiektuak Igurco eguneko zentroaren ondoko plaza birdiseinatu eta berrerabiltzeko asmoa du, espazio hori erakargarriago bihurtzeko gazte nahiz helduentzat, halako moldez non komunitatean integratzen lagunduko duen, eguneko zentroaren gertutasuna dela-eta. Komunitate-partizipazio edo –integrazioko plan hori gauzatzeko, Zorrozgoitiko Igurco egoitzak ideia hori gauzatzen lagun dezaketen agenteen parte hartzea bilatu zuen komunitatean. Hala, bada, proiektua Gure Lurra eta Zorrotzako elkarteekin batera garatzen da, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin. Proiektuak dakarren proposamena hainbat belaunaldirentzat da; izan ere, ekimenaren xede nagusia dira adinduak eta zahartze aktiboa. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du auzo-elkarteen, merkatarien elkarteen eta Zorrotzako beste eragile sozial batzuen parte hartzearengatik.
(Dosierra erantsi da, saritutako 30 proiektuen informazio xehearekin).
Saritutako proiektu bakoitzak 4.000 euro jasoko ditu, saritutako ekimenarekin zerikusia duten xedeetarako.
PROPOSAMENAK ETA EPAIMAHAIA
Epaimahaiak hiru proiektu horiek bereizi ditu aurkeztutako 59 proiektuen artean (39 elkarteen kategorian, 14 ikastetxeen kategorian eta 6 entitate profesionalen kategorian). Epaimahaiak jasotako proposamenen “kantitatea eta kalitatea” nabarmendu ditu.
Epaimahaiak, sarituak aukeratzeko, faktore hauek hartu ditu kontuan: ekimenaren helburuak eta horiek Balioen Agiriarekin duten lotura; proiektuaren sormena, originaltasuna eta izaera berritzailea; partaide-kopurua eta belaunaldiarteko izaera.
2100 ATXIKIPEN BAINO GEHIAGO IZAN DITU BALIOEN AGIRIAK
“Bilbao Balioen Hiria Sariak” Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan daude. Bilboko Udalak sustatutako ekimen parte-hartzailea da, baina, hasiera-hasieratik herritarren lankidetzari esker eratu eta garatua. Bilbao Balioen Hiriaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisirako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako espazio bat sortzea.
Horren emaitza, 2018ko martxoan Udalbatzarrak Bilboko Balioen Agiria onartu zuen; datozen urteetan Uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu ziren agiri horretan. Alde horretatik, uztailean Udaleko Gobernu Batzordeak Balioen Agiria garatzeko plana onetsi zuen, agirian jasotako 17 balioak gauzatzeko ekintzak txertatzeko.
Gaur arte, Bilboko Balioen Agiriak 2.108 atxikipen izan ditu, 1.990 norbanakoenak, eta 118 entitateenak.
Pertsona edo entitate oroko ager diezaioke atxikipena Balioen Agiriari. Nahikoa du horretarako inprimaki errez bat betetzea online, hemen: www.bilbao.eus nahiz hemen: Bilbao Balioen Hiria.
Agiriarekin bat egiten dutenek agiriaren edukiaren eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Agirian jasota daude bilbotarren ustez Uriko elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasun, partaidetza, konfiantza, sormena, intzotasuna, ilusioa eta osasuna