0

  • Juan Mari Aburto Alkateak agiri horren garrantzia azpimarratu du eta adierazi du: “uriko biztanleen bizi-kalitatearen oinarria eta bultzada izango da”.
  • Agiria asmo handiko parte-hartze prozesu baten ondoren egin da. Hain zuzen ere, 1.400 bilbotarrek hartu dute parte, beren izenean eta uriko zenbait arlotako erakunde edo elkarteen izenenan. Herritarrek erabaki dute zein 17 balio izan behar duten uriko gizartearen egunerokoan.
  • Gainera, agiri honetan Balioak Garatzeko Plan bat egiteko konpromisoa dago, zeinaren bidez zehaztuko baitira jasotako balioen inguruan garatuko diren ekintzak. Gero, Balioen Hiriaren Batzordea sortuko da, horiek kontsultatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluazioa egiteko.
  • Balio nagusia giza eskubideei zor zaien errespetua da eta horren inguruan daude justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna edo aniztasuna, besteak beste.

Udalbatzak gaur goizean onartu du “Bilboko Balioen Agiria”, 17 balio indibidual eta kolektibo jasotzen dituen agiria, eta urian gorde, zaindu eta garatu beharreko ezaugarria dela adierazi du. Gainera, Balioak Garatzeko Plana gauzatu behar dela jasotzen da eta Balioen Hiriaren Batzordea sortuko da, horiek kontsultatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko.

Juan Mari Aburto Alkateak agiri horren garrantzia azpimarratu du eta esan du “aitzindaria, berritzailea eta erreferentea da Europan, uriko biztanleen bizi-kalitatearen oinarria eta bultzada izango da”. Gainera, Alkateak uriaren konpromisoa nabarmendu du eta oso modu positiboan baloratu du bilbotarrek parte-hartze bidezko prozesuan izan duten inplikazioa. “Agiri honetan jasotzen diren balioek gure gizartearen mami egituratzailea izan behar dute, eta izango dira, gure uria eraikitzen jarraitzeko. Harro gaude Bilboz, bilbotarrez, gure gizartea osatzen duten oso arlo desberdinetako erakunde eta elkarteez, inplikatu egin direlako, parte hartu dutelako eta beren garapenaren oinarria izatea nahi duten gizartearen erradiografia egin digutelako, gure Agiriabihurtu den balioen erradiografia, Bilboko Agiria”, azaldu du.

Bilboko Balioen Agiriak” 17 balio indibidual eta kolektibo identifikatzen ditu, urian gorde, zaindu eta garatu beharreko ezaugarri modura. Balio horietatik hamar dira herritarren artean egindako inkesta baten ondorioz hasieran “Balioen Dekalogoa” osatu zutenak, eta beste zazpiak Bilboko Udalak sustatu duen parte-hartze bidezko prozesu zabalaren emaitza dira. Prozesu horretan 1.400 bilbotar inguru aritu dira, modu indibidualean edo Bilboko gizartea osatzen duten sektoreen izenean. Pertsona horiek beren ekarpenak egin dituzte agirian sartu beharreko balioak zeintzuk diren identifikatzeko.

Balio nagusia giza eskubideei zor zaien errespetua da eta horren inguruan daude justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta elkartasuna. Bilbotarren ustez, horiek “funtsezko eta ezinbesteko balioak dira”.

Gainera, herritarrentzat oso garrantzitsuak dira aniztasuna/inklusioa, konpromisoa eta ingurumenaren arloko jasangarritasuna. Era berean, Balioen Agirian sartzen dira partaidetza, konfiantza eta sormena.

Gainerako zazpi balioak parte-hartze bidezko prozesuaren emaitza dira: elkarbizitza, nortasuna, esfortzua eta erantzunkidetza, bai eta zintzotasuna, ilusioa eta osasuna ere.

Edozein bilbotarrek, erakundek, enpresak edo elkartek egin dezake bat “Bilboko Balioen Agiriarekin”, modu horretan Agiriaren espiritu eta edukiarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak edukitzeko, sustatzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartuz.

GARAPEN PLANA ETA JARRAIPEN BATZORDEA

Agiri hau abiapuntua da, prozesuak aurrera darrai. Izan ere, agirian bertan jasotzen da Balioak Garatzeko Plan bat egiteko konpromisoa, non zehaztuko baitira datozen urteetan ezarri eta garatu beharreko ekintzak, agirian hartutako konpromiso guztiak gauzatu ahal izateko.

Gainera, Balioen Hiriaren Batzordea ere osatuko da, “Bilboko Balioen Agiria” eta hori Garatzeko Plana kontsultatzeko, jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Batzorde horrek aztertuko du Agiria aldatzeko edo moldatzeko proposamenak. Horrez gain, Balioak Garatzeko Plana aldatzea edo egokitzea proposatu edo gomendatu ahal izango du.

Batzorde hori Bilboko Herritarren Kontseiluaren barruan eratuko da eta uriko ordezkari politikoek eta sozialek osatuko dute.

17 BALIO, 17 KONPROMISO

1.Giza Baliabideen errespetua: Gure urian bizi diren pertsona guztien oinarrizko eskubideak errespetatu, bermatu eta sustatuko dira, pertsona guztiek – bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartu gabe – euren duintasunaren arabera bizi ahal izateko behar diren baldintza sozialak, ekonomikoak eta kulturalak bultzatuko dira.

2.Justizia soziala: Aberastasuna berriro banatzeko benetako eta behar besteko mekanismo eraginkorrak ahalbidetuko dira, oinarrizko askatasunak baliatu ahal izateko gutxieneko baldintza materialak bermatu daitezen.

3.Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna: Emakumeak gizarteko eremu guztietan presentzia aktiboa izatea bultzatuko da, emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasunaren alde lan egingo da eta genero-indarkeriaren aurrean, 0 tolerantzia.

4.Elkartasuna: Bidegabekeria-egoerei buelta emateko jardungo da, egoera ahulean eta desabantailan dauden pertsonen edo taldeen alde eginda.

5.Aniztasuna eta inklusioa: Aniztasuna ikusaraziko da; inguru baztertzaileak ezereztatuko dira eremu eta inguruabar guztietan; kultur arteko elkarrizketarako eta aniztasunaren onarpenerako zeharkako proposamenak garatuko dira; sektore anitzen parte-hartzea eta inklusioa sustatuko dira; bereizkeria nola sortzen den erakutsiko da, modu pedagogikoan; eta gure urian aurreiritziak eta estereotipoak elikatzen dituzten diskurtsoei aurre egingo zaie.

6.Konpromisoa: Baliabideak eta bitartekoak jarriko dira guztion ongiaren zerbitzura eta helburu kolektibo partekatuen zerbitzura, hortik datozen betebeharrak onartuz.
7.Ingurumenaren arloko jasangarritasuna: Ingurumenaren arloko arazoei buruzko kontzientzia hartzeko ekintzak bultzatuko dira; kontsumoko ereduak eta bizitzeko moduak aldatuko dira; gure uriko ekosistemaren inguruko jarrera arduratsuagoa, konprometituagoa eta solidarioagoa; baliabideen erabilera eraginkorrerako irtenbideak bilatuko da eta gure urian daukan eragina murriztuko da.

8.Elkarbizitza: Elkarbizitzarako espazioak sortuko dira, errespeturako eta gure inguruko pertsonen zaintzarako; eta gure urira etortzen diren pertsonak hartzeko espazioak.

9.Nortasuna: Gure nortasuna osatzen duten elementu kulturalak eta sozialak gordeko dira. Aldi berean, sormenerako eta berrikuntzarako daukagun gaitasunetik datozen beste batzuk sartuko dira, eta gure urira etorri edo etortzen ari diren pertsonen ekarpenak sartuko dira.

10.Esfortzua: Profesionaltasun eta esku-zabaltasunetik abiatuta, uri bezala hobetzeko, etorkizunean ipinitako helburuak lortzeko ahaleginak egingo dira.
11.Erantzunkidetasuna: Auzokoen artean erantzunkidetasuna sustatuko da; eta uriko erakundeen, enpresen eta entitateen arteko erantzunkidetasunerako egiturak eta prozesuak erraztuko dira.

12.Parte hartzea: Pertsonak parte hartzeko prozesuetan esku hartzeko erakarriko dira, egoerarik ahulenetan dauden kolektiboen inklusioaz sentiberatasun berezia izanik.

13.Konfiantza: Elkarrenganako konfiantza sustatuko da, ezberdinen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako espazioak sortuz; baita, sinesgarritasunari eta konfiantzari begira, gardentasunez eta egiazkotasunez jokatuko da.

14.Sormena: Sormena pizteko eta hori bideratzeko ingurune aproposa sortuko da. Eta berrikuntzarako tresnak emango dira, guztion ongirako sormenezko alternatibak identifikatuz, proposatuz eta esperimentatuz.

15.Zintzotasuna: Pertsonen, erakundeen, enpresen eta entitateen jokamoldean zintzotasuna finkatuko da. Gardentasunaren kultura sendotuko da.

16.Ilusioa: Sormenezko ideietan eta proiektu berritzaileetan, baina batez ere errealitate eta lorpenetan oinarritutako ilusio, itxaropen eta baikortasun-giroa sortuko da.

17.Osasuna: Herritarren artean ohitura osasungarriak zabalduko dira; dauden kirol ekipamendu, instalazio eta programak osatuko dira; elikadura eta ondo elikatzeko kultura hobetuko da; eta osasunerako kaltegarriak diren substantzien kontsumoa murrizteko lan egingo da.

“Bilboko Balioen Agiria”