- Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, eta Ignacio Galán, Iberdrolako presidentea, gaur goizean Iberdrola Dorrean egindako ekitaldiaren buru izan dira, non Bilboko enpresa-sare erreferentearen zati handi batek konpromisoa hartu baitu Agiriak aldarrikatzen dituen balioekiko.
Iberdrolak eta Iberdrola Dorreko hogeita hamar bat enpresak Bilboko Balioen Agiriarekiko atxikipena gauzatu dute gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Ignacio Galán Iberdrolako presidentea buru izan dituen sinadura-ekitaldian.
Enpresa horiek guztiek, Bilboko enpresa-sarean erreferente direnek, Bilboko Balioen Agiriaren espirituarekin eta edukiarekin bat datozen jarrerak eta portaerak sustatzeko, garatzeko eta mantentzeko konpromisoa agerian jartzen duen dokumentua sinatu dute banan-banan.
Azaroan zehar Bilboko Udalak, Iberdrolarekin eta Iberdrola Dorrearekin lankidetzan, hedapen-kanpaina egin du eraikin enblematiko honetan dauden enpresak eta horietan lan egiten duten pertsonak Bilboko Balioen Agiriarekin bat egitera animatzeko.
Kanpaina hori Iberdrolak Larraskitun duen Berroeta Zentro Korporatiboan lan egiten duten pertsonei zabaldu zaie. Eta helburuak eta emaitzak bat egiten dute arrakastaz: Bilbao Balioen Hiria proiektua enpresa-sarera hurbiltzen ari da, Iberdrola enpresak, Iberdrola Dorreak eta Bilboko Udalak berak Bilboko Balioen Agiriari atxikitzea sustatzeko eta, horrela, hirian balioak hedatzen laguntzeko elkarrekin egindako ahaleginari erantzunez.
Enpresa sinatzaileek, Bilboko enpresa-sarearen erreferente gisa, honako balio indibidual eta kolektibo hauek defendatzeko konpromisoa hartzen dute:
- Giza Eskubideak, justizia soziala, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta elkartasuna errespetatzea.
- Aniztasuna eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen-jasangarritasuna.
- Erantzunkidetasuna, bizikidetza, identitatea, ahalegina.
- Konfiantza, sormena, parte-hartzea, zintzotasuna, ilusioa, osasuna.
Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, inoiz ez bezalako ekimena nabarmendu du. “Gaur, zalantzarik gabe, egun handia da Bilbon bizi eta lan egiten dugun guztiontzat. Lan-munduak, esparru profesionalak eta enpresa munduak Bilboko Balioen Agiriari atxikiz burutu duen apustu sendo eta irmoa aurrekaririk gabeko mugarria da, eta oso positiboki baloratu behar dugu. Gaur hemen dauden enpresek gizarte hobe baten eraikuntzan euren aletxoa jartzeko konpromisoa hartu dute, nahi dugun hiri-eredurantz kolektiboki aurrera egiteko aukera izan dezagun”.
Bestalde, Ignacio Galán Iberdrolaren presidenteak nabarmendu duenez, “Iberdrola pertsonentzat lan egiten duten pertsonen enpresa bat da. Eta bokazio horren testuinguruan, duela ia 124 urte gure sehaska izan zen hiriaren ekimen honekin bat egiten dugu. Hainbat balio partekatzen ditugu: justizia soziala, berdintasuna, aniztasuna, inklusioa eta ingurumen-jasangarritasuna, adibidez. Bilbo herritarren beharrekin eta sentsibilitateekin konprometitutako hiri eredugarria da. Benetan pozgarria da Udalaren eta Aburto alkatearen eskutik lan egitea, gizarte adiskidetuago, bidezkoago eta jasangarriago baten alde”.
BILBAO BALIOEN HIRIA
Bilbao Balioen Hiria Bilboko Udalak sustatzen duen ekimen parte-hartzailea da, baina, hasiera batetik, herritarrekin lankidetzan eraiki eta garatu dena. Bilbao Balioen Hiriaren helburua gure uria ezagutua eta aintzatetsia izatea da, ez bakarrik bere berroneratze, lehengoratze eta eraldaketa ekonomiko eta hiri-eraldaketa prozesu garrantzitsuagatik, baita bere balioengatik ere. Instituzioen, mota guztietako erakundeen, enpresen, komunikabideen, talde politikoen eta, oro har, herritarren arteko analisirako, elkarrizketarako, hausnarketarako eta lankidetzarako espazioa sortzea da helburua, urian balio partekatuen esparrua sustatzeko eta zabaltzeko.
Proiektu horren ondorioz, 2018ko martxoan, Udalaren Osoko Bilkurak Bilboko Balioen Agiria onetsi zuen. Agiri horretan Bilboko herritarren bizikidetza egituratu behar duten eta datozen urteetan uriaren etorkizuna gidatu behar duten hamazazpi balioak identifikatzen dira.
Hala nahi duen pertsona edo erakunde orok bat egin dezake Bilboko Balioen Agiriarekin, horretarako Udalaren eta Bilbao Balioen Hiriaren webguneetan eskuragarri dagoen online inprimaki sinple bat betez.
SARE SOZIALAK:



