0

  • Manuela Carmena Madrilgo alkateak gonbidaturik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, apirilaren 19tik 21era Madrilen egingo den Hiri Bortizkeriei eta Bizikidetza eta Bakerako Hezkuntzari buruzko Mundu Topagunean parte hartuko du.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea ostiralean, apirilak 21, Bakerako Hezkuntza eta Balioei buruzko osoko bilkuran mintzatuko da, beste partaide batzuekin batera: Fernando Medina Lisboako alkatea (Portugal), Ton Rombouts Den Bosch-eko alkate eta VNG-eko presidenteordea (Herbeheretako Udalerrien Elkartearen Nazioarteko Aholku Batzordea), Carlos Abicalil, OEI-ko Hezkuntza, Zientzia eta Kultura zuzendari orokorra (Estatu Iberoamerrikarren Erakundea), ONUko Michel Forst (Francia),  eta Nélida Zaitegi de Miguel, Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea.

Igaro otsailean izandako bileran Manuela Carmena Madrilgo alkateari agindu bezala, Bilboko alkateak Bakearen Foroan esku hartuko du. Madrilgo Udalak antolatutako foro honek tokiko liderren, nazioarteko erakunde eta sareen eta ONGD eta jendarte zibilaren arteko harreman eta hausnarketa gunea izan nahi du, eta esperientzien, estrategien, kanpainen eta politiken trukearen bidez, hirien bakerako agenda lantzea du xede.

Berriki onarturiko Nazio Batuen Hirien eta Garapen Jasangarriaren Helburuen Agendak nazioartean hiriek hartu duten garrantzi hazkorra eta giltzarri izaera erakusten ditu. Horregatik, eta legealdi honen hasieran zehaztutako plangintzari jarraikiz, Bilboko Alkateak hiriak garatzeko mugimendu eta estrategia garrantzitsuenetan presente egon eta parte hartu nahi du.

Bilbo, Balioen Hiria

Ingurumari honetan, Bilboko Alkateak “BILBO, BALIOEN HIRIA” egitasmo berritzailea aurkeztuko du. Egitasmoaren helburua hiria eraikitzen jarraitzea da, jendarte osoak proposatutako balioen esparru partekatu batetik abiaturik. Balioek, bertan, betekizun estrategikoa dute garapen jasangarriagoaren eragile gisa, dituen hiru alderdietan, sozial, ingurumen eta ekonomikoan.

Parte hartzerik handienaz egin nahi den balioen esparrua definitzeko etapak azalduko ditu Aburtok.

Lehenengo fasean Bilboko herritarrek funtsezkotzat jotzen dituzten balioen gaineko inkesta izan da ardatza. Jasotako 1.200 inkesten emaitzen arabera, elkartasuna eta esfortzua dira gure jendarteak gehien baloratzen dituen balioak, eta ondoren, sormena, giza eskubideekiko errespetua eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

Gaur egun, Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, Udalak bigarren faseari ekin dio. Bigarren fase hau erakunde sozialen, alderdi politikoen, Hiri Kontseiluaren, Barruti Kontseiluen eta Kontseilu Sektorialen sozializazioan, parte hartzean eta elkar-sorkuntzan dago oinarrituta, eta bi alderdi nagusi ditu, batetik, balioen inguruan hirian egiten ari diren ekimenak partekatu eta nabarmentze aldera praktika onen mapa lantzea, eta bestetik, hirian garatu eta finkatu beharreko balioetan sakontzeko abian jarri beharko liratekeen ekimen berriak identifikatzea.

Azkenik, proiektu honek bi emaitza edukiko ditu: alde batetik, urteko azken hiruhilekoan Udal Osoko-bilkurak onartuko duen Bilboko Balioen Karta. Onartu ostean, hala nahi duten hiriko elkarte guztiek ere bat egin ahal izango dute Kartarekin. Eta bestalde, Balioen Karta sustatu eta garatzeko plan osoa landu eta abian jartzea.

Bilboko balioen osasun egoerari buruzko azterketa, elkarrizketa eta hausnarketa erraztu eta munduko beste tokietako antzeko proiektuekin erkatzea ahalbideratzeko asmoz, balioen vademecum edo dekalogoa osatu da: Giza Eskubideekiko errespetua, elkartasuna, partaidetza, konfiantza, sormena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ingurumen jasangarritasuna, konpromisoa, justizia soziala eta aniztasuna. Bilboko Udalaren, elkarte sozialen eta herritarren eguneroko jokabideekin lotuz, balio bakoitzaren definizio laburra ere egin da helburu pedagogiko eta didaktiko xumearekin.