- Norai elkarte hezitzaile, humanizatzaile eta ekintzaileak saria jaso du «Etorkizuna musikatan» proiektuagatik. Ibaiondoko haur eta gazteen bizikidetza eta gizarteratzea sustatzen du, musikaren bitartez.
- «Bideotutorialak» da Berrio-Otxoa Ikastetxearen ekimen sariduna. Helburu du arrakala digitala txikitzea, norbanako guztiei lineako prestakuntza eskainiz eta teknologia hurbilduz.
- Artxandape Ikastolaren «Ohar Gaitezen» programa da Epaimahaiak hautatutako hirugarren proiektua. Erantzukidetasuna sustatzea bilatzen du, emakumeek eta gizonek zaintzaren ardura modu ekitatiboan partekatu dezaten.
- Beste urte batez, Bilboko Balioen Agiriaren balio bat edo batzuk sustatu eta/edo gauzatzen dituzten ekimenak garatu dituzten edo garatzen ari diren lana saritu du Bilboko Udalak, eta aintzatespen publikoa egin die.
NORAI elkartea, Berrio-Otxoa ikastetxea eta Artxandape Ikastola izan dira «Bilbao Balioen Sariak» ekimenaren laugarren edizioan saria jaso duten entitateak.
Sari horiekin, elkarbizitza hobea lortzen laguntzeko eta Bilboko Balioen Agiriaren balioetakoren bat sustatzen dutenen lana eta konpromisoa balioetsi eta publikoki aintzatesten du Bilboko Udalak.
Sariak gaur arratsaldean banatu dituzte, udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendutako ekitaldian, non Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzia eta Udalbatzako beste ordezkari batzuk ere egon diren.
Aburto alkateak nabarmendu du proiektuetako bakoitza «desberdina eta bakarra» dela, baina «denek laguntzen» dutela «gizarte bidezkoago eta hobe baterantz aurrera egiten». Gainera, azpimarratu du badagoela zerbait non bat datozen aurtengo saridun guztiek: haur edo gazteak direla beren ekimenen protagonistak. «Pozgarria da ikustea elkarrekin lan egin duzuela, zuen ingurukoen bizimodua hobetzeko», esan du alkateak. «Zintzoki, harro egoteko modukoa da, gizarte osoarentzat hain aberasgarriak diren ekimen hauek haur eta gazteen ekimenez sortu izana», esan die alkateak sarituei.
ARTXANDAPE IKASTOLA
Saritutako ekimen bat Artxandape Ikastolarena da. Bere izenburua da Ohar gaitezen: kontziliazio eta erantzukidetasunerantz, genero-berdintasunetik abiatuta. Horren barruan, ikastetxeko ikasleek zuzendutako Eguzkimoreak talde feministak prestakuntza-saioak eskaini ditu, genero-berdintasunaren alorreko aditu baten eskutik, gizonen eta emakumeen artean dauden berdintasun ezak identifikatu eta ikusarazteko beharrezko gaitasunak garatzeko.
Prestakuntza horrek talde eragile bihurtzen ditu, bai eskuratutako ezagutzak hezkuntzako gainerako eragileei helarazteko, bai gainerako ikasleak informatu eta sentsibilizatzeko.
Epaimahaiak nabarmendu du proiektu horrek genero-berdintasunaren balioarekin duen «konpromiso sendoa».
Sariaren 3.300 euroei esker, proiektuak aurrera egin ahalko du, helburu bera duten ekintza gehiagorekin.
BERRIO-OTXOA IKASTETXEA
Berrio-Otxoa Ikastetxeak gartu du aurtengo beste ekimen sarituetako bat: Bideotutorialak. Batxilergoko 1. mailako ikasleek IKT irakasgaian egindako lana da, non zenbait aplikazio, programa eta plataforma informatiko helburu sozialarekin erabiltzeari buruzko bideotutorialak egin dituzten.
Ekimenaren helburua da arrakala digitala txikitzea, norbanako guztiei lineako prestakuntza eskainiz eta teknologia hurbilduz.
Proiektua bi kolektiborentzako da. Batetik daude gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden, eta Caritasen laguntza sozioedukatiboko proiektuetan parte hartzen duten familiak. Familia horiek eskolarako eta lanerako komunikazio-plataformak ezagutu behar dituzte, seme-alabei eskola-lanekin laguntzeko.
Eta bestetik daude Caritas erakundean kualifikazio baxua duten helduei sustapen soziopertsonaleko ikastaroak ematen dizkieten boluntarioak, gailu digitalak behar dituztenak tailerrak diseinatzeko, aurrera eramateko eta horien jarraipena egiteko.
Sarien Epaimahaiak aintzat hartu du proiektuaren sen pedagogikoa. Ekimena, bestalde, joan den ikasturtean abiatu zen, pandemian zehar, eta gaur egun garrantzi handikoa den arazo baten balizko irtenbideak jorratzen ditu.
Bideotutorialak egiteko proiektua zuzenki lotuta dago, besteak beste, honako balio hauekin: giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna (bideoetan, arreta berezia jarri diote hizkuntzari, inklusiboa izan zedin), konpromisoa eta ilusioa.
Sariaren 3.300 euroak Caritasi emango dizkiote, lanean jarraitu dezaten digitalizazioan eta arrakala digitalak bilbotarrengan duen inpaktua txikitzen.
NORAI
NORAI elkarte hezitzaile, humanizatzaile eta ekintzailearen Etorkizuna Musikatan da «Bilbao Balioen Sariak»en saritutako ekimenetako bat.
Ibaiondoko Barrutiko auzoetan bizi diren zenbait kulturatako haur eta nerabeei zuzendutako proiektua da, helburu duena gizarteratzea eta dinamizazio sozioedukatiboa bultzatzea musikaren bitartez; zehazkiago, haur-orkestrak sortuz.
Ekimenak praktika musikal kolektiboa proposatzen du pobreziaren, gizarte-bazterkeriaren eta zaurgarritasunaren aurka borrokatzeko tresna eraginkor gisa, eta kulturaren eta musika-ikaskuntza kolektiboaren ahalmena aldarrikatzen du, gizartea eraldatzeko bitarteko moduan. Modu horretan, musika-prestakuntza tradizionalaren paradigmak hautsi, eta proiektuak musika hurbiltzen die haur guztiei (batez ere, egoera okerrenean dauden gizarte-sektoretakoei), doan eta aukera-berdintasunean.
Epaimahaiak nabarmendu du proiektuak «lan ona egiten» duela «auzo-mailan», eta oso positibotzat jo du musika bitarteko moduan erabiltzea. Gainera, azpimarratu dute ekimenak «genero-ikuspegiarekin duen konpromisoa: neskak orkestran parte hartzera eta haren ordezkari izatera gonbidatzen ditu, mutilen maila berean edo gehiago»; eta, hala, «neskak gehiago ikusarazten eta gizartean aintzat hartuak izaten laguntzen du, neskak ahalduntzen ditu (pertsonalki eta kolektiboki), genero-kontzientzia eraikitzea sustatzen du, eta parte-hartzaileen autoestimua eta autonomia areagotzen du».
Proiektu horrek bat egiten du Bilboko Balioen Agiriaren 17 balioekin. Batez ere, honako hauekin: justizia soziala, elkartasuna, aniztasuna, gizarteratzea, inklusioa eta parte-hartzea.
Sariaren 3.300 euroak erabiliko dituzte musika-tresnak erosteko eta kontzertu batera joateko, Musika Soziala Sareko beste entitate batzuekin.
BALANTZEA
«Bilbao Balioen Hiria Sariak» ekimenaren lau edizioetan, balioei lotutako 12 proiektu saritu dituzte —edizio bakoitzean, 3—.
2018/2019 edizioan, Askabide Elkartearen Mari Makeda laneratzeko proiektua, Artagan Ikastetxearen Conéctate teknologia berriena eta IMQ Igurco Zorrozgoiti Eguneko zentroko Soñando Zorrozgoiti izan ziren aintzatetsitako ekimenak.
Hurrengo edizioan, 2019/2020koan, La Merced Kirol Elkartearen Bilboko Klub Bereziak eta Artxandako Mertxetarrak Kirol Kluba, Otxarkoagako Lanbide Eskolaren Otxarkoaga Modern Art Festival, eta Biscay Bay Startup Campusaren Start Up ekimena saritu zituzten. Gainera, edizio hartan aipamen berezia jaso zuten Sonia Polo Escobesek eta Sabina Melchor Larrazek.
Iazko edizioan, 2020/2021ekoan, honako proiektu hauek jaso zuten saria: Aldauri Fundazioaren proiektu bat, pandemia garaian herritar guztiei teknologia berriak erabiltzeko aukera emateko helburua zuena; Zabalburu Ikastetxearen La hora del té proiektua, eta Jazz Cultural Theatre of Bilbaoren Mi Botella Amiga del Planeta ekimena.
Aurreko urteetako saridun horiei aurtengo hiru entitateak batu zaizkie.
BILBO BALIOEN HIRIA
«Bilbao Balioen Hiria Sariak» Bilbao Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz. Proiektu hori parte-hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarrekin lankidetzan eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaitze, berreskuratze eta eraldatze ekonomikoagatik, baizik eta bere balioengatik ere bai. Helburua da gune bat sortzea erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzan aritzeko.
Proiektu horren ondorioz, 2018ko martxoan Bilboko Balioen Agiria onartu zuen Udalbatzak, non datozen urteetan uria eta bilbotarren elkarbizitza egituratu behar duten 17 balioak identifikatu baitziren. Ildo horretan, joan den uztailean, Gobernu Batzordeak Balioen Agiria garatzeko Plana onetsi zuen, dokumentuan jasotako 17 balioak gauzatzeko ekintzak ezartzeko.
Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkien norbanako edo erakundeek nahikoa dute udal webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraza betetzea.
Agiriarekin bat egiten dutenek konpromisoa hartzen dute agiriaren eduki eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko. Agirian, bestalde, jasota daude bilbotarren ustez uriaren elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, elkartasuna, aniztasuna eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasuna, parte-hartzea, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.
SARE SOZIALAK: