0

  • Aukeratutako leloarekin, Bilboko Udalak keinu bat egin nahi die elkar ezagutzea, bizitako esperientzietara hurbiltzea, harreman berriak eraikitzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka partekatua errazten duten herritarrei.
  • Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, martxoaren 21ean, musika, zinema, eztabaidak eta antzerkia egongo dira Bilbon.

Bilboko Udalak bat egin du, aurten ere, Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Egun hori martxoaren 21ean (domeka) egingo da eta, Udalak kanpaina instituzional bat antolatu du, egun seinalatu horretako xedeekin bat datozen jarduerekin.

Hain zuzen ere, eta bertan bizi diren pertsonen elkarreraginerako mekanismoak ezartzen dituen komunitate baten garrantzia azpimarratze aldera, Bilboko Udaleko Lankidetza eta Bizikidetza Sailak aurtengo ediziorako lelo hau aukeratu du: “Zubigileak”. “Lelo horrekin keinu bat egin nahi zaie elkar ezagutzea, bizitako esperientzietara hurbiltzea, harreman berriak eraikitzea eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka partekatua errazten duten herritarrei” adierazi du Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetza Saileko zinegotziak.

BILBOKO ZUBIAK

Oraingo honetan, sentsibilizazio-kanpainaren irudia Kike Infame ilustratzaile bilbotarrak egin du, eta Udalak 2022. urte osorako eta arrazakeriaren, kultura-aniztasunaren, babeslekuaren eta pertsona migratzaileen arloan egindako lan kontzeptual baten parte da. Hain zuzen ere, Bilboko zubiak ditu ardatz,pertsonak igarotzen diren lekuaren metafora gisa, banakako nahiz taldeko jarrera eta mobilizazioen planoan”, azaldu du Udalak.

Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Eguna Nazio Batuen proposamen bat da, “balio duena sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta atentzioa emateko; seinalatzeko badela konpondu gabeko arazo bat, gai garrantzitsu bat, gizartean konpontzeke dagoena; hartara, lortu nahi da, sentsibilizazio horren bidez, administrazioek jardun dezaten eta neurriak har ditzaten edo herritarrek hala exijitu diezaieten beren ordezkariei”.

Arrazakeria eta diskriminazioa prebenitzeko lehentasun horri heltzeko, Bilboko Udalak Bilbo, Kulturarteko Uria III. Udal Plana du. Plan horrek prebentziozko sentsibilizazio-programak garatzeari eman dio lehentasuna, diskriminazio-jokabide larrienen oinarrian dauden aurreiritziak eta estereotipoak osatzeko.

Sentsibilizazio-kanpainaz gain, Bilboko Udalak, efemeride horren harira, hainbat ekimen sozial eta kultural jarri ditu abian, eta urian arlo horretan diharduten beste erakunde batzuekin lankidetzan aritu da:

ZINE-FORUMA: DESCENDENTS, ZINEMA IKUSEZINAREN JAIALDIAREKIN LANKIDETZAN

Martxoaren 24an (eguena), goizez eta arratsaldez, DESCENDENTS dokumentalaren inguruko bi zine-forum hartuko ditu Bilborockek, Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren azken edizioan kulturartekotasunaren kategorian saritua izan zen lana. Judit Arandak —filmaren zuzendarietako batek— eta Moviment Afrobanyolí Social elkarteko Assa Macalouk hartuko dute parte proiekzio bietan.

Goizeko saioa 11:00etan izango da eta hezkuntza-komunitateko eta esku-hartze sozialaren alorreko entitateei zuzenduta egongo da. Saioa Bilbao (UPV-EHUren Hezkuntza Fakultatea) arduratuko da foruma dinamizatzeaz.

  • Behar besteko edukiera bermatzeko, izena aurretiaz eman beharko da, mezu elektronikoa bidalita inmigracion@bilbao.eus helbidera, izen-abizenak, telefono-zenbakia eta erreferentziazko entitatea adieraziz.

Arratsaldeko saioa 18:30ean izango da, eta sarrera librea izango da; nerabe eta gazteei zuzenduta egongo da, bereziki. Immigrazio Kontseiluaren gazte taldearen bost kidek dinamizatuta egongo da —metodologia landu dute Immigrazioko eta Berdintasuneko udal taldeekin—.

Topaketa horrekin, Bilboko Udalak eta KCD garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak lankidetzari ekin diote, ZINEMA IKUSEZINAREN-FILM SOZIALAK JAIALDIAN kulturartekotasunaren kategorian saritutako lanek komunitatean eragin handiagoa izatea sustatzeko. Helburua da zubi-lana egitea jaialdiak azaroan saritutako filmen eta ikusle bilbotarren artean: ekitaldi bat antolatzea, saritutako lanak berriro proiektatzeko eta film horiek eragin dezaketen eztabaidan sakontzeko.

Proposamen pilotu hori planteatzen da ZINEMA IKUSEZINAREN Jaialditik sortutako ekintza gisa, eta Bilboko Udalarekin lankidetzan.

ANTZERKI SOZIALA: “Las latinas son…

Martxoaren 26an (zapatua), 19:00etan, Bizkaia Aretoan “Las latinas son…” taularatuko da. Antzerki sozialeko lana da, Abya Yaleko (Amerikako kontinentea) hainbat herrialdetako emakume migratzaileek Teatro Sin Papeles konpainian sortutakoa. Lan honekin, beren migrazio-esperientziak ikusarazi eta herritarrak sentsibilizatu, eta esperientzia horien inguruko narratiba berriak proposatu nahi dituzte. Ez da ohiko antzezlan bat, biltzeko, entzuteko, elkarrekin sortzeko eta erresistentziarako espazioa ere bada. Izan ere, lanak tresna bat izan nahi du, altuago, ozenago, seguruago hitz egiteko eta, azkenean, entzunak izateko.

Bilboko Udalak EHUren Esperientzia Gelekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundearen Zine Batzordearekin, CNAAE eta FIREKUTZEN-ekin batera egin du lan hau, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka.

Antzezpenaren ondoren, elkarrizketa sustatuko da ikusleekin. Sarrera doakoa izango da.

ATZERRITARTASUNARI BURUZKO SAIOA AHOLKU SAREAREKIN

Marxtoaren 31n, Bilboko Udalak informazio-saio bat eskainiko du atzerritartasunaz, arlo horretan izaten diren zalantzei erantzuten laguntzearren, batez ere urian bizi diren migratzaileen kolektiboarentzat.

Biltzen Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak antolatu du tailerra, Bilboko Udalaren Immigrazioko Kontseiluarekin batera (UIK), eta Deustuko udaltegian egingo da, 18:00etatik aurrera.

Saioa irekia da herritarrentzat. Parte hartu nahi dutenek baieztatu egin beharko dute, immigracion@bilbao.eus helbidera mezu bat bidaliz.

Aurten beste 3 informazio-saio egingo dira maiatzean, irailean eta azaroan (Errekaldeko, San Frantziskoko eta Basurtuko barrutietako udaltegietan).

BESTE ERAKUNDE BATUK ANTOLATUTAKOAK:

Martxoaren 19an (barikua), Bilborock Aretoak Damba Arrazakeriaren aurkako Jaialdia hartuko du. Kartela Betto Snay Angolako raperoak diseinatu du, eta Frank T, Marina Lays, Gara Freedom, Arrano Pertxa eta Gun To The Flow artistek parte hartuko dute, besteak beste.

Horrela, bertaratzen direnek ezberdintasunetik eta kultura-aniztasunetik sorkuntzan aritu diren artistez gozatzeko aukera izango dute. Artista horiek uriko kultura-gune batean biltzen dira, San Frantzisko auzoan, eta elkarbizitzaren erreferente dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko Power Recordsen, Bilbon, bertara joanda, edo Entradium webgunean.

Betto Snay artistak ibilbide luzea egin du, ia 20 urtekoa, musikan, betiere aniztasunaren eta integrazioaren ikuspegitik. Bere karrera San Frantzisko auzoari lotuta egon da beti, eta, beraz, Bilborock aretoak balio erantsia du berarentzat eta bere ibilbide musikala jarraitu dutenentzat.

Martxoaren 25ean (barikua), 17:00ean, Munduko Medikuak (Euskadiko) elkarteak arrazakeriaren aurkako jardunaldi bat antolatu du BBK KUNA aretoan. Bertan, kiroletako -haur eta nerabeen kirolean, profesional edo afizionatua, banakakoan edo taldekakoan- arrazismoaren eta arraza-bereizkeriaren aurkako borrokan hausnartzeko eta aurrera egiteko balioko duten mahai tematiko bi izango dira. Informazioa eta izena ematea: mediacioneuskadi@medicosdelmundo.org.

Baieztatutako parte-hartzaileen artean, honako hauek daude: Aauri Lorena Bokesa Abia, saskibaloiko eta atletismoko denboraldiak aldi batez uztartu zituen kirolari espainiarra; Abdessamad Oukhelfen BenHaddou, U23 Europako Kros Txapelketan brontzezko domina lortu zuena; Jaël-Sakura Bestué, 4 x 100 erreleboko zilarrezko domina 23 urtez azpiko Europako Txapelketan; eta Elsa Mouthe, streetlifting-eko atleta.

Bertan izango dira, halaber, Guillem Balboa Buika politikaria, AESAN, EHUko Ikasle Antiarrazisten Elkartea, eta CNNAE Euskadi, Afrikako komunitate beltzaren eta Euskadiko afrikarren ondorengoen elkartea. Jarduera honetan, gehienez 50 lagunentzako lekua egongo da eta bi ordukoa izango da.

SARE SOZIALAK:

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak