0

  • Mugikorretarako aplikazio honek parke bio-osasungarrien instalazioak behar bezala erabiltzea sustatzen du eta hainbat funtzionalitate ditu, hala nola parkeen geolokalizazioa, aparatuak erabiltzeko bideotutorialak, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako klase gidatuak, urratsen kontagailua edo jarduera fisikoaren asteroko helburuak ezartzeko aukera.
  • Bilbok 53 parke bio-osasungarri ditu aire zabaleko gimnasia-makina eta -aparatuekin. Sarritan, adinekoen kolektiboarekin bakarrik lotzen badira ere, edozein adinetako pertsonek erabil ditzakete jarduera fisikoak egiteko.
  • 2018. urteaz geroztik, Bilboko Udalak “Parke Bio-osasungarriak” programa garatzen du, doakoa eta izena eman beharrik gabekoa. Programa honen bidez, jarduera fisikoa sustatzen da adin-tarte desberdinetako pertsonen artean.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak, gaur goizean Sarrikoko parkean “Osasun Parkeak” izeneko app-a aurkeztu du, hiriko parke bio-osasungarriei buruzko informazio guztia biltzen duen telefono mugikorrerako aplikazio berri bat. Aurkezpenean zehar, monitore batek zuzendutako pertsona talde batek aplikazioan eskaintzen diren jardueretako batzuk praktikan jarri ditu, aire zabaleko gimnasiako makina eta aparatuek instalazioen erabiltzaileentzat dituzten funtzioen adibide gisa.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotzia, Yolanda Díez, izan da ekitaldiaren buru eta aplikazio honekin “Udalak herritarrei ematen dien osasun-eskaintza handitu” egiten dela azpimarratu du, “parke biosaludagarrien instalazioak erabiltzeko oztopoak murriztuz”. Zentzu horretan, “aire zabaleko gimnasia aparatuen erabilera adineko pertsonen kolektiboarekin lotzen den arren”, hori guztiz zuzena ez dela esan du, “edozein adinetako pertsonek osasunerako onurak lor baititzakete horiek erabiltzean”.

“OSASUN PARKEAK” APP-A

Aplikazio berri honen helburu nagusia Bilbok dituen 53 parke bio-osasungarrietan jarduera fisikoa sustatzea da, erabiltzaileei funtzionaltasun batzuk emanez, hiribilduan aire zabalean jarduteko erabilgarri dauden ekipamenduen erabilera errazteko. Interesa duten pertsonek izena eman dezakete eta ariketa-errutinak sortu. Parke bio-osasungarriak berdeguneetan eta espazio irekietan jarduera fisikoa egiteko aparatu eta makinen instalazioak dira.

Herritarrei Bilboko edozein parke bio-osasungarritan jarduera fisikoko eskola gidatuak bere telefono mugikorraren bidez egiteko aukera ematen dien aplikazio honek hainbat erabilera eskaintzen ditu, mota horretako instalazioak erabiltzeko oztopoak minimizatzera zuzenduta. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Hiriko parke bio-osasungarri guztiak geolokalizatzea; beraz, erabiltzaileek egiaztatu ahal izango dute zein den etxetik, lantokitik edo ikasketetatik gertuen dagoena, etab. APP-ak aire zabaleko parke eta ekipamendu guztien kokapena nabarmentzen duen mapa bat du. Puntu bakoitzean, lekuraino iristeko moduari eta dituen ariketei buruzko informazioa eskaintzen du.
  • Parkeetan eskuragarri dagoen makina eta aparatu bakoitza behar bezala eta segurtasunez erabiltzeko bideotutorialak.
  • Jarduera fisikoko klase gidatuak. Erabiltzailea edozein parketan dagoenean, jarduera fisikoko hainbat klase gidatu hauta ditzake, bere behar eta lehentasunetara egokituta. Parke bio-osasungarri bakoitzerako berariazko klaseak dira, bertan dauden makinen eta aparatuen hornidura kontuan hartuta.
  • Pertsona bakoitzak egiten dituen urratsak kontatzen dituen podometroaren funtzioa.
  • Jarduera fisikoaren asteko helburuak ezartzea. Gomendatutako jarduera kontuan hartzen da, pertsonak osasunerako onurak lor ditzan. Planifikatzaileak astean zehar burututako jarduerak, egun bakoitzeko helburua eta egindako ariketaren erregistro historikoa markatzen ditu.

Gainera, aplikazioa edozein parke bio-osasungarritan eta edozein ordutan erabil daiteke. Horrela, Bilboko Udalak herritarrei eskaintzen dien osasun eskaintza zabaltzea lortzen da. Gaur egun, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Arloak hilean 5 parke bio-osasungarri dinamizatzen ditu txandaka, “Osasun Parkeak” aplikazioari esker, parke guztietan eta eguneko edozein ordutan erabil dezakete zerbitzu hori.

PARKE BIO-OSASUNGARRIAK

Bilboko Udalak parke bio-osasungarriak dinamizatzeko programa bat garatzen du 2018. urteaz geroztik. Programa horren helburua herritarren osasuna hobetzea da, bizimodu aktiboa sustatuz eta herrian aire zabalean egon daitezkeen gimnasiako instalazioak ezagutaraziz. Bilbok horrelako 53 instalazio ditu, eta, gaur egun, 5 parke bio-osasungarri dinamizatzen dira (bat asteko lanegun bakoitzean), txandaka, 11:30etik 13:00etara.

Ordu eta erdi horretan, lanegunetan, monitore batek berariaz bertaratzen diren pertsonei laguntzen die eta parkean edo aire zabaleko espazioan daudenak jarduera fisikoko makinak eta aparatuak aprobetxatzera animatzen ditu. Monitoreak aparatuak erabiltzeko modu zuzena azaltzen du, aparatu bakoitzean egin daitezkeen ariketak erakusten ditu, makina eta ariketen sekuentzia bat sortzen du herritar bakoitzaren helburuak lortzeko, eta erabiltzaile-talde txikien prestakuntza errazten du, talde-lanaren onurak sustatzeko.

Urte honetan ikusi da herritarrek nabarmen egin dutela gora baliabide horren erabileran eta nabarmen bikoiztu da erabiltzaileen batez bestekoa aurreko urtearekin alderatuta. Ziur asko, pandemia-garaian biztanleek nahiago dutelako jarduera fisikoa egitea eta aire zabaleko pertsona-talde txikiekin elkarreragitea, beste jarduera-mota batzuen aldean.

Programa honetan parte hartu nahi duten bilbotarrek libreki eta doan parte har dezakete, ez baita beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.. Interesdunek Bilboko Udalaren webgunean (www.bilbao.eus) ikus dezakete argitaratutako egutegia eta udal zentroen sarean eta 010 zerbitzuaren bidez ere eskura dezakete.

Zerbitzuarekiko harremanak
Osasun eta Kontsumo Saila
Osasuna Sustatzeko Atala
Kristoren kalea 1, 4. solairua. 48007 Bilbo
Telefonoa: 94.420.44.70
E-posta: promosalud@bilbao.eus
Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara

 

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

PDFak