0

  • Azaroaren 25aren kariaz, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen baita, Bilboko Udalak ostera ere antolatu du irakurketa instituzional eta parte hartze bidezko bat Arriaga Antzokian.
  • Ekitaldi honetan ez dute horrenbeste lagunek parte hartu, egoera sanitarioa dela-eta, baina Udaleko eta gizarte entitateetako ordezkarien parte hartzea izan da.
  • Uria morez tindatu da, Udalaren egoitza batzuetan eta besteetan puntu morearen ikurra ipinita, eta, gaur arratsaldean, Udalaren eraikin nagusia, udaletxea, kolore horrekin argiztatuko da, Bilbok emakumeenganako indarkeria horren aurka duen jarrera irudikatzeko.

Bilboko Udalak, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren kariaz, irakurraldi instituzional eta parte hartze bidezko bat antolatu du gaurko, azaroak 25, herritarrak batzearren indarkeria matxistaren kontrako gaitzespen irmoan; “axola handiko kontua da Bilborentzat indarkeria matxistaren kontrako gaitzespen kolektiboa agertzea, eta ikusten edo pairatzen den emakumeenganako edozein indarkeria salatzea, eta agerira ekartzea gizarte berdintasunezko bat eraikitzearren emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiten den borroka”.

Aldarrikapenezko ekimen hau ohikoa bihurtu da urian, eta bertan izan da buru Amaia Arregi, Bilboko lehen alkateordea, eta berarekin batera Nekane Alonso, Berdintasun Saileko zinegotzia, bai eta Bilboko beste zenbait zinegotzi ere. Gainera, agintariek agindutako neurri sanitario eta segurtasunezkoak betez, gonbidapena egin zaie Emakumeen Udal Kontseiluko zein Immigrazioaren Udal Kontseiluko kide batzuei parte har dezaten, eta baita ere Amuge, Bizitu Elkartea, Down Sindromea Fundazioa, Bizitegi, Euskal Gorrak, Petra eta Bagabiltza gizarte-entitateetako ordezkariei. Halaber, Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteko presidenteak eta Maria Goiricelaya aktoreak ere parte hartu dute.

Nekane Alonsok eman dio hasiera ekitaldiari, eta hark nabarmendu du beharrezkoa dela gizarte osoak parte hartzea indarkeria matxista ezabatzeko eginkizunean, “erakundeok ezin dugu izan emakumeenganako indarkeriaren kontrako borrokan ageriki parte hartzen duten bakarrak, arduradun bakarrak. Beharrezkoa da guztion lana batzea, sare lanean jardutea, adostasuna eta ekintza bateratua bilatuz, arrakasta handiagoa izatearren indarkeria hori ezabarazteko eginkizunean. Eta, gainera, lan hori legitimitatez, eraginkortasunez, kalitatez, agerikotasunez eta koherentziaz hornitu behar dugu”.

Beste alde batetik, Amaia Arregik EUDELek (Euskadiko Udalerrien Elkartea) proposatutako erakunde-adierazpena irakurri du; aurten, agiri horretan, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioan emakumeek aurre egin behar izan dieten inguruabarrak nabarmendu dira. “Pandemiak eragindako egoera honetan, arreta jarri behar dugu etxe barruan, lantokietan, bizimodua egiteko lekuetan indarkeriari aurre egin behar izaten dioten emakume eta neskatoengan, bizirik irauteko iharduki beharrean aurkitzen diren emakume eta neskatoengan. Egoera horretan, lanean jarraitu beharra dugu, haien bakartzea, babesgabezia eta ikusezintasuna eragozteko inguruabar egokiak sortzearren. Gizartearen ezagutza eta elkartasun osoa merezi dute”, adierazi du mintzaldian.

Hainbat testu eta argitalpen zatiak, poemak, diskurtsoak eta abestiak irakurri dira, denak emakumeenganako indarkeriaren gaitzespenari edo andrazkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunari buruzkoak.

BILBO, MOREZ

Aste honetan zehar, uria morez tindatu da, ohiko puntu morearen ikurra jarriz udal egoitza batzuetan eta besteetan. Udalaren eraikin nagusian, udaletxean, balkoian ipini dute puntu morea, eta arratsaldean kolore horrekin argiztatuko da eraikina, Bilbok emakumeenganako indarkeria horren aurka duen jarrera agertzeko.

BEHAR BADUZU, EZ IZAN ZALANTZARIK ETA ESKATU LAGUNTZA PROFESIONALA:

  • Informazio eta orientazio espezializatua
  • Lagun egite soziala
  • Laguntza psikologikoa
  • Aholkularitza juridikoa
  • Hitzordua eska dezakezu 944204838 telefonoan edo berdintasuna@bilbao.eus helbide elektronikoan

LARRIALDIA IZANEZ GERO:

  • Udaltzaingoa: 092
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua – GLUZ: 944701460

 

Zerikusia duten edukiak

Irudiak

Bideoak

PDFak

Audioak