Egilea: 0

  • BILBAO BALIOEN HIRIA, proiektu erabat berritzailea da Europa osoan. Hiri-eraldaketaren prozesua dela-eta uria aintzat hartu ondoren, Udalak beste urrats bat eman nahi du, gizarte osoak erantsitako balioak partekatuta eraikitzeko Bilbo.
  • Horretarako, hemendik aurrera lan egiteko erabiliko den Balioen Dekalogoa osatu da: Giza-Eskubideekiko Errespetua, Elkartasuna, Konfiantza, Partaidetza, Kreatibitatea, Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasuna, Ingurumen-Jasangarritasuna, Konpromisoa, Justizia Soziala eta Aniztasuna.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko Errektorearekin batera, jendaurrean aurkeztu du gaur Europa mailan berritzailea den “BILBAO, BALIOEN HIRIA” proiektua, uriaren eraikuntzan aurrerapauso berriak ematea helburu duena, baina oraingoan balioen ikuspegitik.

Helburua lehenengo etapa bat sortzea da, azterketarako, elkarrizketarako eta erakundeekin, gizarte, kultur zein kirol arloko entitateekin, enpresekin, komunikabideekin, ikastetxeekin eta herritarrekin lan kolaboratiboa bultzatzeko, betiere Bilbon balio partekatuen esparrua sustatzeko asmoz, giza eskubideekiko errespetua, elkartasuna, konfiantza, partaidetza, kreatibitatea, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, ingurumen-jasangarritasuna, konpromisoa, justizia soziala eta aniztasuna bezalako printzipioetan oinarrituta.

BILBO, BERE BALIOENGATIK EZAGUNA

Hiri askorentzat eredugarri izan diren azpiegitura berriekin (Metroa, aireportua, tranbia, Guggenheim Museoa, Euskalduna Jauregia, eraikin enblematikoak…) ekonomia eta uria onbideratu eta indarberritzeagatik Bilbo aintzat hartu eta saritu egin dute; nazioarte mailan ere bai. Arrakasta horren ondorioz, Udaleko gobernu-taldeak, Alkatea buru dela, uria bere-bereak diren balioengatik ere ezagutu dezatela gura du.

Juan Mari Aburtoren iritziz, “oso harro gauden gure uriaren argazkia ikusita, aurreraxeago egiteko ordua iritsi da, baina aurrena pentsatzen eta hausnartzen jarrita ea zeintzuk diren jorratu gura ditugun balioak, nahi dugun gizartea eraikitzen jarraitzeko, eta ezagutu gaitzatela horregatik, Bilbok duen muinagatik, nolabait esatearren. Eta etapa “eraikitzaile” berri honetan partaidetzari eta lankidetza osoari zabaldu nahi dizkiegu ate-leihoak; izan ere, Bilbo, batik bat, bertan bizi direnek eta bisitari datozenek osatzen dute. Gu geu gara, modu berezian, gure eguneroko jokamoldea bideratzen duten balioak. Denoi esker egiten eta hazten da Bilbo.”

Deustuko Unibertsitateko Errektorearen esanetan, “Bilbao Balioen Hiria ez da edonolako proiektua, balio horiek gure unibertsitate-proiektuaren muinean txertatuta baitaude. Gainera, ekimenak gaur egungo errealitatearen eraldaketan gehiago inplikatzeko aukera emango digu, izan ere, mintzagai darabiltzagun balio horiek egungo eta etorkizuneko proiektuei eutsi eta gaurko munduak dauzkan erronkei erantzuten lagunduko die, hala nola, migrazioak, zahartzea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, integrazio sozial eta ekonomikoa, enplegagarritasuna, guztiontzako hiri-eredu baten diseinua, irisgarritasuna, mugikortasuna, esparru eta baliabideen erabilera jasangarria, konektibitatea eta alfabetismo digitala, aberastasunaren banaketa, kreatibitatea, talentua eta berrikuntza, hospitalitatea, garapenerako lankidetza, etab.”

SOZIALIZAZIO ETA PARTAIDETZA-PROZESUA

Taxutzeko orduan Deustuko Unibertsitatearen laguntza estua izan duen proiektua gaur aurkeztu da lehenengoz gizartearen aurrean, Bilboko Hiri Kontseiluarekin egindako bileraren ostean. Kontseilua aholku eta eztabaida-batzordea da tokiko ekonomia-garapenean, hiriaren plangintza estrategikoan eta hiri-proiektu handietan. Ekonomia eta gizarte arloko erakundeetako ordezkariek, erakunde profesional eta auzokoen elkarte nagusien ordezkariek osatzen dute.

Lehenengo bilera honen ostean, “BILBAO, BALIOEN HIRIA” abian jarri da dagoeneko, www.balioenhiria.bilbao.eus web orriaren bidez, sozializazio eta partaidetza-prozesuarekin. Bertan egongo dira prozesu osoaren edukia eta materialak (balio nagusien zerrenda, inkesta…), baita balorazioak egiteko galde-sorta bat ere.

Era berean, galde-sorta hori uriko 1.500 elkarteei bidaliko zaie, balioak sustatzeko Udalak lehentasuna eman beharko liekeen gaiei eta zenbait gizarte-eragile eta sektorerekin elkarlanean bideratu beharko lituzkeen gaiei buruzko iritzia eman dezaten.

Bilboko Hiri Kontseiluarekin bilera egin den moduan, lan-saioak egingo dira barrutietako kontseiluekin, kontseilu sektorialekin, erakundeekin, alderdi politikoekin, kirol elkarteekin, enpresekin, komunikabideekin, ikastetxeekin…

Sozializazio eta partaidetza-prozesua aurtengo estreinako seihilekoan egingo da, ondoren, ekintza-etapa berri batean murgiltzeko, urte amaieran. Etapa horretan Udalak bere ekintzatik ateratako balioak abiarazteko lekuen mapa egingo du.

AURRETIAZKO LANA

“BILBAO, BALIOEN HIRIA” egiteko eta orain hasi den hausnarketa eta elkarrizketarako abiaburu legez, Bilboko Udalak, Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, oinarrizko dokumentu bi landu ditu: Balioen Vademecuma eta Inkesta bat. Lanok web orrian daude dagoeneko.

Balioen dekalogoa

GIZA ESKUBIDEEKIKO ERRESPETUA, ELKARTASUNA, KONFIANTZA, PARTAIDETZA, KREATIBITATEA, GIZON ETA EMAKUMEEN ARTEKO BERDINTASUNA, INGURUMEN-JASANGARRITASUNA, KONPROMISOA, JUSTIZIA SOZIALA ETA ANIZTASUNA.

Inkesta

Dokumentuan inkesta telefonoz egin zitzaien 1.200 lagunen erantzunak daude. Gaur egun Bilboren irudia ondoen duten ezaugarriei buruzkoa zen inkesta, eta zein beste ezaugarrik ordezkatu beharko luketen ere erantsita.

Ondorio nagusien artean, hauek dira aipagarrienak:

  • Bilbotarrek euren uriaren, nazioarteko proiekzioaren eta etorkizunaren inguruan duten ikuspegi baikorra eta positiboa
  • Guggenheim Museoa da uriaren irudia ondoen eskaintzen duen ikonoa.
  • Uria erakargarria eta abegitsua dela uste dute.
  • Bilbotarren proiektatzen duten Bilboren nortasunak zerikusia du bere iraganarekin (ahaleginaren balioaren) eta etorkizunarekin (sortzeko ahalmena).
  • 31-45 urteko belaunaldia da kritikoena eta 65 urtetik gorakoek, berriz, balio positibo gehiago dituen irudia dute.
  • Uriak kapital sozial esanguratsua du, aktibo moduan.

Dokumentu bi horiek eta galde-sorta, gaur hasi den sozializazio eta partaidetza-prozesuaren barruan sartzen dira. Oinarri horrekin Bilbok hiri moduan dituen balioak zeintzuk diren jakin nahi da, zeintzuk diren nabarmenduko genituzkeenak bertan eta zeintzuek identifikatzen duten.

Bilboko Balioen Jardunbide Egokien Mapa egiteaz gain, partekatutako printzipio horiek guztiak Balioen Karta batean bildu nahi dira, elkarteek, ikastetxeek, enpresek, komunikabideek, herritarrek eta erakundeeikagiri horrekin bat egiteko aukera izan dezaten. Horrenbestez, Bilbo izango da seguruenik era horretako agiri bat izango duen lehenengo hiria.

Alkatearen ustetan, “jakin nahi dugu zer egiten dugun geure esparru espezifikoan, Udal honetan, baliook jorratzeko eta sustatzeko. Asmo handikoak gara eta urrunago joan gura dugu; hartara, uriak funtzionatzen jarraitu dezan eta garrantzizko ekonomi eragilea izan dadin lan egiteaz gain, etorkizunean pentsatu nahi genuke eta, batez ere pertsonengan: zer egin genezakeen identifikatu ditugun balio horiek sustraitu eta gure Bilboko ezinbesteko osagai bilakatu daitezen.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude