Parte hartzea

Definizioa

Herritarrek parte hartzea da pertsonek eta erantzukizun instituzional zuzenik ez duten gizarte erakundeek ekarpena egitea bizikidetza hobetzeko. Parte hartzeak jarduera ugari hartzen ditu, besteak beste, boluntariotza edo protesta publikoa. Zentzurik hertsienean, herritarren parte hartzea herritarrek beren ahotsa entzunarazteko eta erakunde publikoen erabakietan eragiteko erabiltzen dituzten mekanismoekin identifikatzen da. Ohiko mekanismoak eztabaida publikoa, kontsultak eta herritarren mobilizazioak dira.

Parte hartzea eztabaidatzeko mekanismoen bidez instituzionalizatzeak bost efektu positibo ditu: (i) herritarrek parte gehiago hartzen dute prozesu politikoetan eta, hartara, legitimazio handiagoa ematen diete eta demokraziarekiko konpromisoa sendotzen dute; (ii) herritarrak aktiboagoak egiten dira eta denon onaren ardura eta erantzukizun handiagoa hartzen dute; (iii) politika publiko eraginkorragoak eta testuingurura egokitzen direnak diseinatzen laguntzen du; (iv) erakunde demokratikoen gizarte kontrola sustatzen du; eta (v) erakunde publikoen erreforma prozesuei ematen die bide.

Herritarren parte hartzeak boterearen banaketa dakar. Banaketa hori bidezkoa izateko, erakundeek eta gizarte taldeek sentsibilitate berezia izan behar dute parte hartzeko prozesuetan normalean ahotsik izan ez duten taldeak sartzeko. Ekintza positibo horren bidez lortu nahi dena da, botere asimetria handiak dituen gizartean, parte hartzeko mekanismoak beren interesak gailentzeko ahalmen eta baliabide gehien duten gizarte taldeek hauta ditzaten ekiditea.

Lotutako jokabideak

Herritarren parte hartzea sustatzeak honako eragin hauek ditu gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen jokabideetan.

Herritarrak

Kontu publikoetan parte hartzea kostu handikoa da, ikuspuntu pertsonaletik. Interesa, ahalegina eta denbora behar dira beharrezko informazioa biltzeko, proposamenak sortzeko eta eztabaidatzeko espazioetan parte hartzeko. Gainera, herritarrek, sarritan, beren ideiak behar den forora eramateko eta arlo publikoaz edo komunaz duten ardura eraginkor egiteko, beste batzuekin batera joan behar dute. Parte hartuz ikasten da parte hartzen.

Gizarte erakundeak

Gizarte erakundeek funtsezko eginkizuna dute parte hartzearen egituraketan. Halako erakundeetan ikasten dute herritarrek parte hartzen, haien zeregina ezinbestekoa da proposamenak sortzeko, eta gizarte sektoreen interesak biltzen dituzte. Hori dela eta, erakundeek euren barruan parte hartzeko mekanismoak sustatu behar dituzte. Parte hartzea eraginkorra izan dadin boterea zuzentasunez banatzeko, gizarte erakundeek ahalegin berezia egin behar dute baztertutako taldeen ikuspegia txertatzeko, bai eta zailtasun gehien dutenena ere, haien ahotsa entzunarazteko.

Udala

Herritarrek hiriko gobernuan parte hartzeko, eztabaidari eta kontsultari bide ematen dieten mekanismo instituzionalak behar dira. Parte hartze eraginkorrerako balio izateko, parte hartzaileek aukera izan behar dute parte hartzeko espazioen arauak diseinatzen eta eztabaidagaiak zehazten laguntzeko. Ordezkari demokratikoek, erakundeen funtzionamendu zuzenaren bermatzaile gisa, ahalegina egin behar dute (i) herritarren parte hartzea funtsezkoa eta eraginkorra izateko beharrezko informazio guztia eskaintzeko; (ii) taldeen parte hartzea bermatzeko eta errazteko, bereziki gaitasun gutxiago dutenena; (iii) hartutako akordioen betetzeaz kontuak emateko mekanismoak ezartzeko.

igo