Definizioa
Justizia soziala gizarteko ondasunen banaketa zuzena lortzean datza; horrela, pertsona guztien duintasuna eta gizarte kohesioa ziurtatzeko. Justizia sozialak esangura bikoitza du. Alde batetik, gizarte bizitzaren printzipio bat da, eta banakoaren ekintza eta erakundeen ekintza gidatzen ditu erkidego politikoan. Bestetik, pertsonen izaeraren ezaugarri bat da, gainerako pertsonen duintasuna errespetatuz jardutea, hain zuzen ere. Bi adieretan, denon ona interes pribatuari gailentzen zaio. Justizia sozialak hiru dimentsio ditu:
-
Aberastasuna banatzeko mekanismo eraginkor nahikoak behar ditu, gutxieneko baldintza materialak bermatzeko, pertsona orok oinarrizko askatasunak (Giza Eskubideetan adierazitakoak) baliatu ahal izateko.
-
Gainera, desberdintasunak aitortzeko gizarte dinamikak ere behar ditu, horrek bidegabekeria ez materialak konpontzeko eta integrazioa errazteko ahalmena indartzen duelako eta, horrela, erkidego politikoaren loturak sendotzen direlako.
-
Azkenik, denon interesekoak diren jardueretan parte hartzeko gero eta aukera gehiago eskatzen ditu; horrela, gizabanakoaren garapena eta erkidego politikoaren garapena sustatzen da, denon duintasunaren aitorpenean oinarrituta.
Lotutako jokabideak
«Justizia soziala» deritzan balioak era eta neurri desberdineko inplikazioak ditu balio horren sustatzaileak diren hiru agenteen (gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen) jokabideetan, bakoitzaren rol sozialaren arabera.
Herritarrak
Herritar zuzenengandik espero da, lehenengo eta behin, behar besteko heldutasuna edukitzea interes publikoari lehentasuna emateko pribatuaren gainetik, eta harremanetan bestearen duintasuna aintzat hartzeko eta besteek berdintasun egoeran parte hartzeko gaitasuna dutela onartzeko. Gainera, pribilejiozko posizioei uko egitea espero da, bai eta kontzientzia argia izatea gainerako herritarrekiko interdependentea dela eta haiekin batera sortzen dituela oinarrizko askatasunak eta haien baldintza materialak eragozten edo errazten dituzten botere harremanak.
Gizarte erakundeak
Gizarte erakundeengandik espero da denon onak interes pribatuaren gainean duen nagusitasunaren kontzientzia izatea. Giza eskubideez bereziki arduratzeko eskatzen zaie, batik bat oinarrizko askatasunei bide ematen dieten baldintza materialen bermeari dagokionez. Desberdintasuna (bai materiala, bai aintzatespenari dagokiona) zuzentzeko ekintzak inplementatzeko duten ahalmena erabiltzeko eskatzen zaie, eta elkarlaneko gizarte harreman zuzenak landu ditzaten espero da, batzuen irabazia sekula ez dadin oinarritu gainerako herritarren bazterketan, bereizkerian edo duintasuna behar bezala aintzat ez hartzean. Jokabide horiek toki mailan eta maila globalean espero dira.
Udala
Udala da justizia sozialaren mailarik kolektiboena eta politikoena; izan ere, herritarren arteko harremanen eredua da, botereari dagokionez. Erakunde honen zeregina da egiturazko bidegabekeria minimizatzeko politika publikoak diseinatzea eta legeria egokia prestatzea toki mailan. Udalaren lanaren bitartez, gainera, ikusi ezin dena agerian uzten duten gizarte aitorpeneko dinamikei eman behar zaie bide, bai eta parte hartzearen sustapenari ere; denon ona sustatu eta lehenetsi behar da, gizartean eztabaidatu eta adostutako irizpideekin, eta arreta eskaini behar zaie interes legitimo guztiei, modu orekatuan garatu daitezen.