Emakume eta gizonen arteko berdintasuna

Definizioa

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna pertsonaren duintasun unibertsalean oinarritzen den balioa da, nazioarteko zuzenbidearen betebeharra eta, ondorioz, gainerako oinarrizko eskubideen printzipio inspiratzailea. Berdintasuna lortzeko, bazterketarik eza (legezko berdintasuna) ez ezik, aukera berdintasuna (aukerak eta baliabideak) ere behar da. Parekotasuna justizia kontua da eta erronka jotzen dio demokraziari; izan ere, parekotasuna lortuko bada, ekintza positiboko neurriak behar dira. Halako neurriak are beharrezkoagoak dira, generoaren araberako botere asimetriak gizarte klasearen, arrazaren edo erlijioaren ondorioz handiagoak direnean. Bestalde, berdintasunak ez du homogeneotasunaren edo uniformetasunaren sinonimo izan behar, ezta desberdinak garela jakin eta onartzea desberdintasuna justifikatzeko erabili ere.

Historikoki, feminismoa –filosofia moral eta politikoa eta gizarte mugimendu plurala– emakumeen mendekotasunaren aurkako eta patriarkatutik emantzipatzearen aldeko borrokaren eragilea izan da, kontuan hartuta patriarkatuak etxeko esferan eta zaintzan ixten zituela emakumeak, beheragoko mailan dauden eta babes eta zaintza maskulinoaren beharra duten gizakitzat hartuta. Berdintasunaren defentsan inplikatutako hainbeste emakume belaunaldiren memoria kolektiboak argi erakusten digu norainokoa den aldaketen irismena, etikoki aintzatetsi beharrekoa. Borroka horien ondorioz, nazio eta nazioarte mailako erakundeek eta arauek, pixkanaka, emakumeen giza eskubideak jaso eta berdintasun planak sustatu dituzte, bai administrazioetan bai gizartean, emakumeen ahalduntze pertsonala, laborala eta soziopolitikoa sustatzeko.

Hala ere, asimetriek bere horretan diraute, zuzeneko indarkeriaren, egiturazko indarkeriaren eta indarkeria kulturalaren arteko konplizitateen ondorioz. Lehenengoa (fisikoa, ahozkoa, sexuala, psikologikoa) da agerikoena. Baina, horren azpian, gizarte egitura bidegabeak daude, hainbat ondorio dakartenak, bi aipatzearren, soldata arrakala , “kristalezko sabaia” deritzona, emakumeak goi karguetara iristea zailtzen duena, eta emakumezkoen jardunaldi bikoitza. Aldi berean, egitura horiek legitimatuta eta naturalizatuta daude; izan ere, bada marko legitimitzaile ikusezin bat genero estereotipoak eta hainbat motatako mikro matxismoak elikatzen jarraitzen duena.

Lotutako jokabideak

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeak honako eragin hauek ditu gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen jokabideetan.

Herritarrak

Genero berdintasuna defendatzen duten herritarrengandik espero da sozializazio eragileek, familiak barne, haurtzarotik transmititzen dituzten zenbait eredu eta mezuren osagai sexisten kontziente izatea. Eta bikote harremanak eta gurasotasuna bizitzeko moduan parekidetasuna zaintzea eta identitate maskulino eta femenino egokiak bultzatzea, biek modu harmonikoan uztartu ahal izateko lanbidean aurrera egiteko gogoa, gainerakoen zaintza eta afektuzko sentimenduen adierazpena.

Gizarte erakundeak

Gizarte erakundeengandik espero dugu beren barne eta kanpo jarduera gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko moduan diseinatzea. Garrantzitsua da parekotasunaren alde borrokatzen diren emakume eta gizonen elkarteen arteko sinergiak sustatzea, eta beste elkarte batzuekikoak ere bai, ze hainbat elkartek, parekotasuna haien helburu nagusia ez ba ere, irizpide hori hartuta beste era batera birdefinitu ditzakete euren lehentasunak eta estrategiak. Zeregin garrantzitsuak dituzte, hala nola emakumeek gizateriari jakintzaren hainbat eremutan eginiko ekarpenak ezagutaraztea eta balioestea, esfera publikoan eta komunikabideetan hizkera ez sexista defendatzea, feminitate eta maskulinitate berriak eratzeko lan egitea eta genero indarkeriaren aurka borrokatzea.

Udala

Erantzukizun publikoko eremu honetan, emakumeen elkarteekiko elkarreraginean, jarduera eraginkorrak garatu behar dira honako alderdi hauek sustatzeko: a) emakumearen lidergoa eremu politiko, ekonomiko, sozial, zientifiko, kultural eta mediatikoan; b) laneko bizitzaren eta norberaren bizitzaren arteko kontziliazioa, gizon eta emakumeen erantzunkidetasunaren ikuspegitik; c) zero tolerantzia genero indarkeriarekin.

igo