Definizioa
Elkartasuna da gizakiok elkarrekin erlazionatzeko dugun moduaren ondorioz gertatzen diren bidegabekerietan dugun erantzukizun partekatua aitortzea, errealitate horretaz jabetzea eta halako egoera bidegabeei buelta ematea, giza eskubideen ezarpenaren bidez.
Elkartasuna agindu bat da, eta erkidego politikoari eskatzen dio ahultasun eta desabantaila egoeran dauden gizabanako edo gizataldeen alde jarduteko, esku hartze kolektiboaren bidez, bidegabeko kalterik gerta ez dadin edo dagoeneko badagoen kaltea luzatu edo errepika ez dadin.
Elkartasuna pertsona guztien duintasun komunaren aitorpenean oinarritzen da; beraz, duintasun hori hautsiz gero, kolektiboari eragingo dio. Elkartasunezko jokabidean, enpatia sentimendu handia dago pertsona gisa barik gauza gisa tratatzen denaren aurrean. Halako egoeretan nork erantzukizuna bere gain hartu eta kalteen gaineko analisi zorrotza egin behar du, eta, ondoren, lan egin pertsonen duintasuna erreparatzeko eta kausak aldatzeko.
Elkartasunak, bidegabekeriaren aurreko erantzukizun partekatu gisa ulertuta, ezaugarri hauek ditu:
-
Eragina du erkidego politikoan, eta ez bakarrik gizabanako eta kolektibo berezi batzuetan: pertsona guztiok gara (edo ez), gure jarduketa eta erabaki politikoen ondorioz, toki mailakoak edo globalak izan, kaltetuak direnen zoriaren erantzule.
-
Eskubide kolektiboa sortzen du gizarte demokrazia instituzionalizatu dadin eta demokrazia horrek egiturazko bidegabekeriaren aurka borrokatzeko bide instituzionalak eskain ditzan.
-
Subsidiariotasun printzipioa aitortzen du, pertsonen, erakundeen eta instituzio publikoen jarduketan herritarren askatasuna eta erantzukizuna babestuta egon daitezen.
Lotutako jokabideak
Elkartasuna deritzon balioak era eta neurri desberdineko inplikazioak ditu balio horren sustatzaileak diren hiru agenteen (gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen) jokabideetan.
Herritarrak
Herritar solidarioek bidegabekeria sufritzen dutenekiko enpatia eta hurbiltasuna agertzea espero da. Gainera, ustez gai dira egoera bidegabea aztertzeko, hau da, tartean diren eragileak eta haien erantzukizun mailak (eginagatik edo ez eginagatik) identifikatzeko, eta biktimaren ondoan jartzeko. Azkenik, inplikazio maila eraldatzailea eskatzen diegu, euren ahalmenaren neurrian, ahalmen txikia erantzukizun pertsonala baztertzeko aitzakia izan gabe.
Gizarte erakundeak
Espero dugu gizarte erakundeek gizarte harreman bidegabeak ez biderkatzeko edo ez mantentzeko moduan diseinatzea beren jarduera. Giza eskubideak sustatzeko eskatzen zaie, erakundearen barrura zein kanpora begira. Antzemandako bidegabekeria zuzentzeko neurriak hartzeko eta ezartzeko ahalmena dutela uste dugu, ekintza solidario indibidual zein kolektiboaren bitarteko izanik, eta badakigu haien lana ezinbestekoa dela elkartasunezko gizarte harremanen sarea eratzeko. Elkartasunak, benetakoa izateko, ikuspegi unibertsala izan behar du, eta ez bakarrik tokikoa.
Udala
Hau da elkartasunaren maila kolektibo eta politikoena, elkartasuna erantzukizun partekatu gisa ulertuta. Udalen zeregina da, batez ere, toki mailan eta beste maila batzuetan, dagozkien eskumenen arabera, egiturazko bidegabekeria minimizatzeko politika publikoak diseinatzea eta legeria egokia prestatzea. Hemen interes berezia du gogoratzeak “pertsona guztien eskubidea dela Aldarrikapen honetan azaldutako eskubide eta askatasunak era eraginkorrean garatuko dituen gizarte mailako eta nazioarteko ordena ezar dadin” (Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 28. art.), baita elkartasuna betebeharra dela eta subsidiariotasun printzipioarekin lotuta dagoela ere.