Giza Eskubideekiko errespetua

Definizioa

Giza eskubideak pertsona guztiek pertsona izateagatik dauzkatenak dira. Arau gisa formulatzen dira; eduki etiko handia, ondorio politikoak eta nazio eta nazioarte mailako ordenamendu juridikoetan jasotako legezko bermeak dituzte.

Ikuspegi etikotik, giza eskubideak pertsonaren duintasunaren aitorpenean oinarritzen dira eta duintasun hori defendatzea dute helburu. Pertsonak duintasun horren arabera bizi ahal izateko gutxieneko baldintza sozialak, ekonomikoak eta kulturalak ere jasotzen dituzte. Giza eskubideen aitorpena prozesu historiko baten emaitza da; izan ere, gizateriak bide luzea egin du pertsonaren berezko balioaz jabetzeko eta pertsona bakoitza berez helburutzat hartu behar dela eta ez dela beste helburu batzuk lortzeko baliabide bihurtu behar sinesteko. Pertsonaren duintasunaren esanahia zabalduz joan da une historiko bakoitzean, dimentsio eta zehaztapen berriak aitortu ahala.

Ikuspegi politikotik, giza eskubideak tresna garrantzitsua dira gizarte eta erakunde aldaketak sustatzeko. Arau esparru hori onartuz gero, errealitate sozial eta politiko oro jarri behar da giza duintasunaren defentsaren mende. Logika horren ondorioz, giza eskubideak bermatzeko lege arauak garatu dira eta gure ordenamendu juridikoan lege hierarkiaren gailurrean daude.

Giza eskubideek hiru funtsezko ezaugarri dituzte. Lehenengo eta behin, eskubideak berberak dira pertsona guztientzat; ez dago eskubide desberdinik pertsona desberdinentzat, ez eta eskubideen aitorpen mailarik ere. Bigarrenik, besterenezinak dira; pertsonei ezin zaizkie kendu, izan ere, inork ezin dio gizaki izateari utzi, jokaera gizagabea edukita ere. Hirugarrenik, unibertsalak dira; izan ere, gizaki guztiei dagozkie, edozein izaera eta egoera izanda ere.

Lotutako jokabideak

Giza duintasuna sustatzeak honako eragin hauek ditu gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen jokabideetan.

Herritarrak

Giza eskubideak herritar eskubideen aitorpenean oinarritzen dira. Haien bidez pertsona bakoitzaren duintasunarekiko errespetua bermatzen da eta errealizazio pertsonalerako plataforma dira. Hala ere, adierazi beharra dago giza eskubideak sustatzen direnean, pertsona bakoitzak gainerakoen eskubideekiko betebeharrak hartzen dituela bere gain. Alde batetik, pertsona bakoitzaren ardura da gainerako pertsonen giza eskubideak mugatzen dituen ezer ez egitea. Baina, babes “pasibo” horrez gainera, giza eskubideak aitortzeak pertsona guztien kasuan eraginkortasunez bete daitezen aktiboki sustatu beharra dakar.

Gizarte erakundeak

Gizarte erakundeek zeregin bikoitza izan dezakete giza eskubideen sustapenean. Lehenengo eta behin, funtsezkoak dira eragile publiko eta pribatuek giza eskubideak errespetatzeko, herritarrak hezteko, salatzeko, talde ahulak babesteko eta presio politikoa egiteko jardueren bidez. Bigarrenik, gizarte zibileko erakundeek, herritar talde berezien ikuspegia beren gain hartuta, gai dira giza eskubideen esanahi historikoa eta zehaztapen sozial eta politikoak zabaltzeko. Giza eskubideen benetako defendatzaile eta sustatzaile izateko, gizarte erakundeek giza eskubideen irismen unibertsala hartu behar dute beren gain, pertsona guztiek goza ditzatzen.

Udala

Udalari dagokio, udalerriko gobernua denez gero, bere eskumenen barruan, bere jurisdikzioaren barruan elkarrekin bizi diren pertsona guztien funtsezko eskubideak bermatu eta sustatzea. Udalak zeregin bereziki garrantzitsua du, pertsona guztiek, beren ezaugarri eta egoerak gorabehera, dagokien duintasunaren arabera bizitzeko gaitasuna izateko behar diren baldintza sozioekonomiko eta kulturalak izan ditzaten sustatzeko.

igo