Ingurumenaren iraunkortasuna

Definizioa

Ingurumenaren iraunkortasunaz ari garenean, biosferaren baliabideen babesa eta kalitatea bermatzen duten giza jarduerak egituratzeko moduez ari gara. Hiri testuinguruan, ingurumenaren iraunkortasunak esan nahi du garapen politiken bidez, zerbitzu publikoen eskuragarritasuna bermatzearekin batera, ingurune ekologikoaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin ahalegintzea. Tokiko ingurumenaren iraunkortasuna baliabideen erabilera eraginkorra, hondakinen kudeaketa egokia eta ingurumenarekin errespetuzkoak diren herritarren jarrerak sustatuz lortzen da.

Ingurumenaren iraunkortasunaren kontzeptua gizakien eta beren natura ingurunearen arteko harremanekin lotuta dago. Hasieran, iraunkortasunaren ikuspegia funtsean ekonomikoa eta antropozentrikoa izan zen. Giza bizitzari eusteko beharrezko baliabideak epe luzean kontserbatzea zen helburua, une historiko bakoitzeko irizpide ekonomikoen arabera. Ikuspegi horretan, baliabideak eraginkorrago erabiltzeko eta giza jardueraren ondorioak gutxitzeko irtenbide teknikoak sortzea zen funtsezko estrategia. Azken urteotan, naturari eta gizaki bakoitzari berezko balioa ematen dien ikuspegiari ireki zaio bidea, eta gainditu egin da gizakiarentzako erabilgarritasunaren irizpidea. Ikuspegi horrek argi erakusten du ingurumenaren iraunkortasuna ez dela kontu tekniko hutsa; aitzitik, balio aldaketa eskatzen du, eta naturarekiko errespetuzko jarrera.

Hiru dimentsio garrantzitsu hartu behar dira kontuan ingurumenaren iraunkortasunaren esanahia ulertzeko. Lehenengo eta behin, ingurumenaren iraunkortasuna globalki pentsatu behar da, tokiko espaziotik harago; izan ere, ekosistema planetarioak elkarri lotuta daude. Bigarrenik, epe luzerako kontua da, ekosistemak etorkizuneko belaunaldientzat kudeatu behar dira eta. Hirugarrenik, ingurumenaren iraunkortasuna modu integralean ulertu behar da, faktore ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak errespetatuz eta eraginkortasunez bateratuz.

Lotutako jokabideak

Ingurumenaren iraunkortasuna sustatzeak honako eragin hauek ditu gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen jokabideetan.

Herritarrak

Ingurumenaren iraunkortasuna bultzatzeko, herritarrek tokiko eta munduko ingurumen arazoen jakitun egon beharko lukete, kontsumo ereduak eta bizitza estiloak aldatu (esaterako, hondakinak murriztu, birziklatu eta berrerabili) eta naturarekiko eta landa ekosistemekiko jarrera arduratsuagoa, konprometituagoa eta solidarioagoa izan. Halaber, kontuan hartu beharko lukete oso jasangarriak ez diren banako jardueren eragin metagarria; izan ere, banako jarduera horiek batzen direnean, kolektibitatean eragina duen kalte esanguratsua eragiten da. Pertsonek eta familiek ere iraunkortasunaren, justizia sozialaren eta erantzukizunaren aldeko balioak eta jokabideak transmiti diezazkiekete etorkizuneko belaunaldiei.

Gizarte erakundeak

Gizarte erakundeek zeregin oso garrantzitsua dute herritarrak ingurumenaren iraunkortasunaren eta ingurumeneko arazoen inguruan kontzientziatzeko, partaidetzazko irtenbideak adosteko eta proposatzeko eta ingurumeneko politikak zalantzan jartzeko eta arazo ekologikoen atzetik dauden egiturazko kontuak (politikoak eta ekonomikoak) agerian uzteko orduan. Aldi berean, gizarte erakundeak funtsezkoak dira jokabide jasangarriak herritarren artean komunikatu eta zabaltzeko; horrela, benetako aldaketa soziala eta etikoa bideratuko da, ingurumenaren iraunkortasunaren tokiko kultura eratzeko.

Udala

Udalak, herritarrengandik hurbilen dagoen tokiko agintea izaki, azpiegiturak sortzeko eta mantentzeko agindua du, bai eta, ingurumenaren iraunkortasun printzipioei eutsiz, herritarren ongizatea sustatzen duten ekonomia eta gizarte politikak abiaraztekoa ere. Udalak, beraz, ingurumenaren iraunkortasuna bere kudeaketan txertatu behar du eta, horretarako, udal arau batzuk ezarri behar ditu. Horien bidez, hainbat alderdi arautuko dira, besteak beste: hiriko espazio naturalak babestea, hondakinak kudeatzea, airearen kalitatea mantentzea edo hirigintza iraunkorra garatzea. Aldi berean, ingurumenarekin errespetuzkoak diren herritarren jokabideei eman beharko die bide, besteak beste, birziklapenari, kontsumo arduratsuari edo hain kutsagarria ez den garraio publikoaren erabilerari. Udalak berak hausnartu eta aldaketa egin behar du erakunde jokabide, politika eta teknika iraunkorretara bideratuta.

igo