Aniztasuna

Definizioa

Aniztasunak subjektuen arteko desberdintasuna edo bereizketa adierazten du. Balio hau bazterketaren aurkakoa da, erabat, eta pertsona errespetua zor zaion izakia delako uste sendoan oinarritzen da (1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hitzaurrea eta 2. art.). Honako ezaugarri hauek ditu:

  • Sexu aniztasuna; hau da, era guztietako sexu orientazio edo identitateak.

  • Kultura edo erlijio aniztasuna; adierazpen horren bidez esan nahi da gizarte berean kultura edo erlijio desberdinak daudela.

  • Aniztasun ideologikoa eta politikoa; termino horrek erkidego politiko jakin batean dauden aukera ideologiko eta politikoen pluraltasuna adierazten du.

  • Aniztasun funtzionala; adierazpen horren bidez, pertsona bakoitzaren gaitasun bereziak nabarmentzen dira. Konnotazio negatiboak dituzten beste termino batzuk ordezkatu ditu, besteak beste, ezgaitasuna, desgaitasuna edo minusbaliotasuna.

Pertsonek, erakundeek edo instituzioek kultura bakarra edo sexualitatea ulertzeko modu bakarra edo izateko modu bakarra dagoelako iragazkiaren arabera pentsatzen dutenean, aniztasunaren gaitzespenak eta jarrera diskriminatzaileak sortzen dira, agerikoagoak edo ezkutukoagoak. Zuzeneko bazterkeria gertatzen da pertsona bat, arraza, jatorria, etnia edo erlijioa edo desgaitasun bat edo sexu aukera dela eta, modu kaltegarrian tratatzen denean, egoera bertsuan dagoen beste pertsona baten aldean. Eta zeharkako bazterkeria gertatzen da ustez neutroak diren xedapen, irizpide edo jardunbideek arraza jatorri, etnia edo erlijio jatorri jakin batekoa den edo desgaitasunen bat duen pertsona desabantailan jartzen dutenean, beste pertsona batzuen aldean. Aniztasunarekiko errespetua benetakoa izateko, berdintasunaren arrazoizko maila bat sustatu behar da gizartean, banaketa-justiziaren eta gizarte eskubideen praxiaren ondorioz (aniztasun balioa elkartasun balioari lotuta).

Lotutako jokabideak

«Aniztasuna» deritzan balioak era eta neurri desberdineko inplikazioak ditu balio horren sustatzaileak diren hiru agenteen (gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen) jokabideetan.

Herritarrak

Aniztasuna sustatzen duen pertsonarengandik espero da apurtu egingo duela konturatu barik izan ohi dugun identitatearen ikuspegi monolitikoarekin; horrela, apurtu egingo da gizakiak normalean partaide sentimendu bera duten pertsona eta taldeekin bakarrik lotzeko izaten duen joera. “Bestea” (pluralean) bilatzeko irekitzeak ez du, ordea, erlatibismo ulerkorrik ekarri behar, alegia, ez du eragotzi behar giza duintasuna defendatzen duten balioen gainean konpromisoa hartzea. Halako jarrerak aniztasunaren kudeaketa aldatzeko ekintzetan gauzatu behar dira, norberaren ahalmenen arabera.

Gizarte erakundeak

Espero da euren barneko eta kanpoko jarduera diseinatzeko orduan kulturalki eta funtzionalki askotarikoak diren sektoreen parte hartzea eta integrazioa sustatzea. Horretarako, “Bestea” ezagutu behar da, aurreiritziak eta estereotipoak desegiteko. Desberdina baloratzeak ez du esan nahi onartezinak diren planteamendu eta jokaerak onartzea, edo ez kritikatzea. Esaterako, emakumea gutxiesteko tratua. Horrelako jokaerek giza duintasuna kaltetzen dute, eta ez dago justifikaziorik jokaera hori ez salatzeko eta harekin amaitzeko lan ez egiteko.

Udala

Erantzukizun publikoko eremu honetan, jarduera egokiak bultzatu behar dira helburu hauek lortzeko: a) eraginkortasunez laguntzea, politika publikoen bidez, bazterkeria sozialaren, ekonomikoaren, politikoaren eta kulturalaren mekanismoak ezabatzen, eta kulturen arteko elkarrizketarako eta aniztasun funtzionala aitortzeko proposamenak garatzen; b) pedagogia egitea, bazterkeria nola sortzen den erakusteko eta aurreiritziak eta estereotipoak elikatzen dituzten diskurtso demagogikoak eta populistak egoteak dakartzan arriskuak zein diren erakusteko; c) erakunde publikoetan aniztasun funtzionala eta kulturala agerian uztea eta, horretarako, plataforma egokiak sortzea eta dinamizatzea.

igo