Definizioa
Sormena zerbait orijinala eta ezohikoa egiteko gaitasun gisa definitzen da. Nolabait, sormena berrikuntzaren ataria da; izan ere, berrikuntza sormen prozesuan egindako ideien gauzatze praktikoa da. Baina egia da sormenak ez dakarrela ezinbestean eta beti berrikuntza; hala gertatzen da, normalean, proposamen sortzaileak eragiteko dinamikez elikatzen den berrikuntzaren kudeaketa prozesuetan; proposamen horietako askok ez dituzte praktikan jartzeko beharrezko probak gaindituko. Beste eremu batzuetan, ordez, hala nola artean eta kulturan, sormen prozesuak bi urrats horiek biltzen ditu, alegia, ideia (sormena) eta produktua (berrikuntza).
Sormen prozesua baliotzat hartzen da, gizabanako eta gizateria moduan aurrera egiteko modua ematen diguten dinamismoetako bat den neurrian. Gure gizarteetan, hain dinamikoak eta aldakorrak izaki, berria dena bilatzea edo ezezaguna dena ikertzea, gizakiaren berezko bulkada den hori, gizarte balio bilakatu da. Beharrezkoa da gizakiaren eta gizateriaren joera hori sustatzea ez ezik, baita dagokion neurrian baloratzea ere, nobedadearen eta balioaren arteko azaleko identifikazioetan erori gabe.
Hori horrela, garrantzitsua da nabarmentzea jarrera eta jarduera sortzailea eta berritzailea balio moral gisa hartzen badugu, sortutakoaren gizarte balioa ere planteatu behar dugula. Ikuspegi etiko horretatik, berrikuntza dakarren sormenak, sarritan “gizarte sormena” esaten diogun horrek, are balio handiagoa hartzen du; izan ere, berari esker, sortutakoak zuzeneko edo alboko ondorio kaltegarririk ez ekartzeaz gain, gizarte bidezkoagoak eraikitzen lagundu dezake.
Lotutako jokabideak
Sormena/berrikuntza sustatzeak honako eragin hauek ditu gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen jokabideetan.
Herritarrak
Sormena hainbat gaitasunekin, besteak beste, jakin minarekin eta pentsamendu kritikoarekin, hertsiki loturik dagoen balioa da. Herritar sortzaileak ingurunearekin elkarreraginean jarduteko borondatea behar du, planteatzen dizkion erronkak bere erronkak direla ulertzeko eta bere gain hartzeko borondatea. Hala ulertuta, sormena eta erantzukizuna besteekiko eta bizi dugun ingurunearekiko harremanetan eratzen den espazio moralean daude, espazio moral horrek aldatu behar dena aldatzeko ardura gure gain hartzera bultzatzen baikaitu. Dinamika horretan, herritarrak, sortzaile ez ezik, sormenaren eskatzaile ere bilakatzen dira, zer aldatu, birsortu edo gainditu behar den agerian jartzeko eta aldatu dadin eskatzeko gai diren neurrian.
Gizarte erakundeak
Gizarte erakundeek funtsezko eginkizuna dute gure gizarteek dituzten arazoen ezagutzan eta aitorpenean, arazo horiek berriak izan zein denbora luzez erantzunaren zain daudenak izan. Rol horrek berrikuntzarako benetako palanka bilakatzeko erantzukizunaren aurrean jartzen ditu; denon ona lortzera bideratutako alternatiba sortzaileak identifikatzeko, proposatzeko eta esperimentatzeko ardura dute. Modu berean, gizarte erakundeek funtsezko zeregina dute prozesu berritzaileen balorazioan, baita prozesu horiek gure gizarteetan hainbat eremutan, hala nola iraunkortasunean, berdintasunean eta abarretan duten eraginaren balorazioan ere.
Udala
Nahiz eta sormenaren garapenean dimentsio indibiduala baden, prozesu sortzaile berritzaileak ingurune egokia behar du sormena egokiro pizteko eta orientatzeko. Gainera, jakintzaren eta esperientzien trukeak, eztabaidak eta esperimentazioak aberastu egiten dute sormena. Era horretako prozesuak ezin dira merkatuaren logikaren arabera bakarrik suspertu, arrisku osagai bat izaten dutelako halabeharrez eta, sarritan, ikuspegi ekonomiko hutsetik egoki baloratzen ez diren arazoei erantzuten dietelako. Administrazio publikoek funtsezko eginkizuna dute denon ona lortzera bideratutako ingurune sortzaile eta berritzaileen sustapenean. Era berean, gizarte erakundeez hitz egitean esan dugun bezala, erantzukizuna dute prozesu berritzaileen eraginen balorazioan ere, beste gizarte eragile batzuekin batera.