Definizioa
Konfiantza da norberaren erakunde edo komunitateko gainerako pertsonen jokabidea espero dena, zintzoa eta elkarlanekoa izango dela uste izatea. Jokabide mota hori taldeko pertsonek zabal partekatzen dituzten balio eta arauetan oinarritzen da. Uste hori gizartean orokortzeak pertsonen ongizate psikologikoa sustatzen du, proiektu kolektiboei heltzea ahalbidetzen du eta erakundeen legitimitatea sendotzen du. Konfiantza pertsonen artean eta pertsonen eta gizartea egituratzen duten erakunde eta instituzioen artean dauden elkarreraginetan garatzen den esperientzia da. Esate baterako, pertsona batek konfiantza edo konfiantzarik eza izan dezake herritarren asmoen gainean, baina baita agintarien, poliziaren edo gizarte erakundeen gainean ere.
Konfiantza hertsiki lotuta dago bi gizarte jarrerarekin: elkarrizketa eta elkarlana. Hirurak daude loturik eta berrelikatu egiten dira eta, horrela, kasurik positiboenetan, elkar indartzeko zirkulu birtuosoa sortzen dute. Horrela, elkarrizketa espazioak egoteak pertsona desberdinen arteko elkarreraginari bide ematen dio, eta horrek konfiantza eragiten du eta elkarlana sustatu. Aldi berean, konfiantza gehiago izateak elkarrizketa eta elkarlana errazten ditu, eta elkarlana egoteak elkarrizketa eta konfiantza sendotzen ditu. Talde baten edo gizarte baten barruko konfiantzazko harremanak nagusitzeak dakartzan gaitasunei gizarte kapitala esan izan zaie azken hamarkadotan.
Konfiantzak eta lotutako jarrerek alderdi negatiboa ere izan dezakete, baldin eta gizarteko talderen batek beste talde batzuk baztertzeko edo baztertzen saiatzeko erabiltzen badu bere barne kohesioa. Hortaz, konfiantzak, elkarrizketak eta elkarlanak, benetako balioak izateko, dimentsio solidarioa izan behar dute eta gizarte talde jakinen bazterketa indartzen duten aurreiritzi eta estereotipoei aurre egin.
Lotutako jokabideak
Konfiantza sustatzeak honako eragin hauek ditu gizabanakoen, gizarte zibileko erakundeen eta erakunde publikoen jokabideetan.
Herritarrak
Konfiantza, elkarrizketa eta elkarlan espiritua eguneroko elkarreraginen eremuan sustatzen eta transmititzen dira lehen-lehenik. Hala ere, egunerokotasuna ez da bat-batekotasunaren sinonimoa. Eguneroko elkarreraginak munduaren eta bizi dugun gizartearen ikuspegiekin lotuta daude, eta ikuspegi horiek gizartean eraikitzen dira. Konfiantzaz jarduteko konpromiso pertsonala, kontrakoa pentsatzeko zantzu argirik ez badago, lehen urratsa da aurreiritziak apurtzeko eta konfiantzazko espazioak zabaltzeko. Konpromiso hori bereziki garrantzitsua da belaunaldi berriak prestatzeko ardura duten pertsonen kasuan.
Gizarte erakundeak
Mota guztietako gizarte erakundeek funtsezko zeregina dute pertsonen arteko eta taldeen arteko konfiantza sortzeko. Diskurtsoek, irizpideek eta funtzionamenduak desberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlanerako espazioak sortzen lagundu edo zaildu dezakete. Bereziki garrantzitsua da komunikabideen zeregina, ahalmen handia baitute konfiantzarik eza sustatzen duten estereotipoak hedatu daitezen sustatzeko edo ekiditeko.
Udala
Erakundeek hiriko biztanle guztiak berdintasunez tratatzea eta gardentasunez eta egiazkotasunez aritzea funtsezkoak dira sinesgarritasuna eta konfiantza sortzeko herritarren artean. Horrez gainera, hiri bateko gobernuak elkarrekiko konfiantza susta dezake, desberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlanerako espazioak sortuz. Bereziki garrantzitsua da elkarbizitzarako funtsezkoak diren gaien eztabaida-erabakietan interesdun guztiak sartzea eta, horretarako, taldeek elkar aitzat har dezaten laguntza ematea.