0

  • Agiri hori dohainik jaitsi edo kontsultatu daiteke Bilboko Udalaren wengunean. Gainera, 4.400 ale argitaratu dira, uriko 53 elkarte eta erakundetan eta barrutietako udaltegietan banatzeko.
  • Ekintza hau Balioen Agiria Garatzeko Planaren barruan dago; plan horren helburua da agiria osatzen duten 17 balioak Bilbon bizi diren pertsona guztien artean zabaltzea.
  • Balioen Agiriaren edukia irakurketa errazeko formatuan ere eskuratu daiteke, ulertzeko edo bestelako zailtasunen bat duten pertsonentzat.

Udalak Bilboko Balioen Agiria ingelesera, frantsesera, txinerara, arabierara, errumanierara eta portugesera itzuli du, agiria osatzen duten 17 balioak herritar guztiengana irits daitezen. Udalak nahi du Bilbon bizi diren pertsona guztiek, jatorria edo ama-hizkuntza edozein izanda ere, agiria eskuragarri izatea eta edukia ulertzea.

Agiria sarean kontsultatu edo jaitsi daiteke, dohainik, Bilbao Balioen Hiria webgunean. Gainera, 4.400 ale argitaratu dira, barrutietako udaltegietan eta uriko 53 elkarte eta erakundetan banatzeko. Elkarte horiek, izan ere, ohiko hizkuntza ez euskara ez gaztelania duten pertsonekin lan egiten dute. Horrela, 2.400 ale frantsesez eta arabieraz argitaratu dira; 1.300 ingelesez eta txineraz eta 700 errumanieraz eta portugesez. Hizkuntza horiek dira, hain zuzen ere, Urian bizi diren pertsonen artean gehien erabiltzen direnak, hizkuntza ofizial bietatik (euskara eta gaztelania) kanpo.

Bilboko Balioen Agiria garatzeko Planean aurreikusita zegoen agiria 6 hizkuntza horietara itzultzea.

ESKURAGARRIAGOA

Agiriaren edukia irakurketa errazeko formatuan ere kontsultatu edo jaitsi daiteke Bilbao Balioen Hiria udal webgunean. Helburua da agiriko edukia ulergarria izatea nahinorentzat, baita adina, prestakuntza, hizkuntza-arazoak edo premia bereziak tarteko ulertzeko zailtasunak dituztenentzat ere.
Bilboko Udalak Gobernu Onaren zutabeekin konpromiso argia hartuta dauka; horietako bat gardentasuna da, funtsezko ardatz dena Udalaren informazioa argia, zuzena, arduratsua, eskuragarria eta irakurterraza izateko pertsona guztientzat.

BILBOKO BALIOEN AGIRIARI ATXIKITZEA

Bilboko Udaleko Osoko Bilkurak “Bilboko Balioen Agiria” onartu zuen martxoan. Haren barruan 17 balio biltzen dira, banakoak eta kolektiboak, Urian eduki, babestu eta garatu beharreko ezaugarri gisa.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea. Interesdunak eskaria bidaltzen duenean, atxikipenaren ziurtagiria jasoko du.

Agiriarekin bat egiten dutenek agiriaren edukiaren eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Agirian jasota daude bilbotarren ustez Uriko elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasun, partaidetza, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.