Egilea: 0

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, gainerako zinegotziekin eta gizarte elkarte eta auzoko elkarteetako ordezkariekin, gaur inauguratu du Clara Campoamor kalea Zorrotzan. Kalea kilometro erdi luze da eta auzoaren erdian dagoen Abaro estrata eta Zorrotzako Muturreko gune industriala eta portua batzen ditu. Kalearen aurreko izena (Hermógenes Rojo kalea) Memoria Historikoari buruzko 52/2017 Legea betetzeko kendu zen.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak uriko kale-izendegian andrazkoen izenak sartzearen garrantzia azpimarratu du, gure kaleen izenetan emakumearen presentzia urria arintzen laguntzen duelako. Izan ere, Bilboko kale-izendegian dauden andrazkoen 22 izenetatik sei (herena) gaur egungo gobernu taldeak sartu du.

“Bilbo beti egon da harro uri liberala eta munduari irekia delakoan baina, zalantza barik, kale izendegia nahiko itxita egon da andrazkoentzat historian zehar. Hori dela-eta, Bilbok zor moral handia dauka emakumeekin, eta bereziki mugimendu feministaren izen berezi handi batzuekin. Horien artean, Clara Campoamorren izena nabarmentzen da. Sufragista historikoa eta aitzindaria, andrazkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko lan eskerga egin zuena”, erantsi du Alkateak.

FEMINISTA AITZINDARIA, BILBOREKIN ETA EUSKADIREKIN LOTURA IZAN ZUENA

Clara Campoamor (Madril, 1888-Lausana, 1972), andrazkoen boto-eskubidearen aldeko sutsua izan zen eta Espainiako Kongresuko lehen emakume diputatua izan zen, 1931ko irailean.

Lotura handia izan zuen Euskal Herriarekin, zehazki Donostiarekin, bertan aritu baitzen gaztetan telegrafista-lanetan eta abokatu-lanetan Errepublika aldarrikatu zenean. Clara Campoamorrek “Konstituzioa eta andrazkoen botoa” izeneko hitzaldi historikoa eman zuen 1931ko abenduaren 5ean, sasoi hartan Zabalburu plazan zegoen “La Terraza” aretoan.

Hitzaldi jendetsu hartatik atera zen Unión Femenina Republicana taldearen Bilboko ordezkaritza, Campoamorrek sortutako kolektiboaren talderik aktiboenetako bat. Talde hura El Sitio elkartearen babespean sortu zen, gaur egun Bidebarrieta Liburutegia dagoen lekuan.

Clara Campoamor emakume aurreratua zen. Andrazkoen boto-eskubidea lortu arren, bere alderdikideek erabat baztertu zuten jarduera politikotik. Gerra Zibila hasi zenean erbestera joan behar izan zuen, lehenik Argentinara eta gero Suitzara. Bertan hil zen orain ia 45 urte.

ERAGINA 90 ETXEBIZITZATAN

Alkateak abenduaren 20an emandako ebazpenaren bidez onartu zen izen-aldaketa hau, bai eta San Ignazioko Benita Asas kalea eta astelehenean Olabeagan inauguratu zen Zirgarien kaia izen berriak ere. Hala ere, aldaketak ez du eraginik izan otsailera arte, eragindako pertsona guztiek (auzokoek, dendek, ostalariek…) aldaketa horren ondorio administratiboei buruzko informazio guztia jaso zezaten.

Zehazki, Clara Campoamor kaleak zortzi zenbaki dauzka; horietatik lau eraikinetakoak dira, eta guztira 90 etxebizitza eta 203 biztanle daude, bai eta hamar lokal komertzial eta ostatu bi ere. Beste lau zenbakiak Kiroldegikoa eta Udal Bulegokoa, futbol-zelaikoa, Bizkaia Anbulantzien eraikinekoa eta eraikinik gabeko orube batekoa dira.

HERRITARREN PARTAIDETZARA IREKITAKO PROZESUA

Juan Mari Aburto alkatearen gobernu taldeak legegintza honetan hartutako konpromisoetako bat da Memoria Historikoaren Legea betetzea eta Bilboko kale izenak berritzea eta eguneratzea. Prozesu horretan, Memoria Historikoaren Legea betetzeaz gain, herritarren partaidetzari ireki zaio atea, kaleen izenak proposatuz. Udalak abian jarritako prozesu horretan, herritarrek 600 proposamen baino gehiago egin dituzte kaleak eta plazak izendatzeko.

Kaleen izenak aldatzeko, fase bi egin dira, Euskal Herriko Unibertsitateko txosten bateko gomendioei jarraiki. Lehen fasea iazko otsailean bukatu zen eta aldaketa bi egin ziren: Espainiako Printzeak zubiari Salbe zubia izena jarri zitzaion, eta Begoñako Remigio Vilariño kaleari Julita Berrojalbiz kalea jarri zitzaion.

Legeak agindutako izen aldaketaz gain, Bilboko kale-izendegian beste izen bi sartu dira, kasu honetan auzokoen eskariak betetzeko. Yolanda González plazatxoa 2016ko otsailean inauguratu zen, Madrilen 1980an eraildako ikaslearen oroimenez; eta Alazne López Etxebarria lorategia izena eman zitzaion iazko maiatzean Zorrotzako plaza bati, etorkizun handiko dantzari gaztearen oroimenez, bat-batean hil baitzen Alemanian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude