Egilea: 0

AniztasunaGaur goizean, UPV-EHUk Abandoibarran daukan Bizkaia Aretoan Bilboko Udalak Herritarren eta aniztasunari buruzko II. Udal Plana (2017-2019) aurkeztu du. Jardunaldi horretan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia, Gorka Moreno, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria, Ivana D’Alessandro, Europako Kontseiluaren Intercultural Cities programaren zuzendaria, Jaime Lanaspa RECI Kulturen Arteko Hirien Sareko presidentea eta Gemma Pinyol, Intercultural Cities proiektuaren Europako Kontseiluko aditua eta RECIren koordinatzailea. Era berean, Bilboko Udalaren immigrazio taldeko eta Bilboko Immigrazio Kontseiluko ordezkariek uriko kulturen arteko dibertsitatearen kudeaketarekin lotuta garatzen diren udal programak aurkeztu dituzte.

Bilboko Udalak kulturen arteko gizartea garatu nahi du, non desberdintasunek lekua izango duten eta herritar bakoitzak dauzkan baliabideak sustatuko diren uria garatzeko. Uri horretan herritarrek modu aktiboan hartuko dute parte eta aukerak eskainiko dira Bilbo, kulturen arteko hiriaren bizikidetzako proiektu komunean parte hartzeko. “Denok modu aktiboan parte hartzeko uria izan behar du Bilbok, eta aukerak eskaini behar zaizkie bilbotar guztiei, geratzeko etorri direnei ere bai, ilusioz betetzen gaituen bizikidetzako proiektu komun honetan parte hartzeko, jatorria alde batera utzita” adierazi du alkateak.

Bilboko Udalak lantzen duen kulturen arteko integrazioaren ikuspegiaren oinarria da dibertsitatea aprobetxatzea gizarte sendoagoak eta kohesionatuagoak eraikitzeko, non herritarren garapena baita azken xedea.

HERRITARREI ETA ANIZTASUNARI BURUZKO II. UDAL PLANA

Bilbo, kulturen arteko uria den neurrian, ardatz hauetan oinarritzen da: funtsezko eskubideak eta berdintasuna, aniztasuna errespetatzea eta onartzea, partaidetza eta elkarrekintza, kidetasuna eta auzotasuna.

Herritarrei eta aniztasunari buruzko II. Udal Plana premisa horietatik abiatzen da eta kontzeptu, ekintza, tresna eta politiken egitura baten itxura hartzen du, Bilbo sendo izan dadin kulturen arteko uri den neurrian.

Bigarren plan honek Bilboko errealitate soziodemografikoa dauka kontuan eta ikuspegi aldaketa dakar lehen Planarekin alderatzen badugu (Dibertsitatea Gestionatzeko Udal Plana). Urira heltzen ziren atzerritarrei harrera egiteko baliabideak diseinatzean eta garatzean eta baliabideak eta zerbitzu publikoak egokitzeko beharrizanean oinarritutako esku-hartze batetik dibertsitatea eremu desberdinetan kudeatzean oinarritzen den esku hartze batera igaro gara; izan ere, herritar guztien bizitza sozialean, kulturalean, ekonomikoan, komunitarioan eta hezkuntzan eragiten duten eremuak dira horiek.

Bilbo, hortaz, uri dibertsoa da eta atzerritarrek garrantzia handia daukate. Hortaz, udal politikak ez dira atzerriko etorkinen harreran hainbeste ardazten, baizik eta dibertsitatearen kudeaketan. Egoera administratibo desberdinek, naziotasunek eta jatorrizko herrialdeek baieztatzen dute bilbotarren errealitateak amalgama bat direla, eta dibertsitate hori uriko lurralde osoan nabaritzen da, gehiago edo gutxiago.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak adierazi du: “Bilbo, Kulturen arteko hiria: Herritarrei eta aniztasunari buruzko II. Udal Plana gure bide-orria da Bilboko Udalaren eta bilbotarren lana gidatzeko eta inspiratzeko. Kulturen arteko Bilbo garatu nahi dugu, non desberdintasunak berdintasun-marko batean kabituko diren eta non herritar bakoitzaren baliabideen aniztasuna sustatuko den, uriaren garapenean elkarrekin aritu gaitezen”.

HERRITARREN PARTAIDETZA

II. Plan honen diseinuan, partaidetza ezinbestekoa izan da eta gauza bitarako balio izan du: herritarrei prozesu berriaren informazioa emateko eta planaren desafioak eta lehentasunak definitzen parte har zezaten. II. Plana egiteko prozesua aberasteko, partaidetzako eredu bat jarri da martxan eta tokiko eragile garrantzitsu guztiei eskatu zaie laguntza. Zehazki, prozesu honetan barrutietako kontseiluak eta Bilboko Udaleko Immigrazio Kontseilua aritu dira bileretan, eta 506 biztanlek galdetegiak bete dituzte barrutietako udaltegietan eta www.bilbao.eus webgunean. Hortaz, kulturen arteko dibertsitatearen kudeaketan aritzen diren erakunde garrantzitsuak eta herritarrek hartu dute parte.

ESKU HARTZEKO EREMUAK ETA DESAFIOAK

II. Planak esku hartzeko 15 eremu zehaztu ditu eta desafioak eta helburu espezifikoak identifikatu ditu; azken horiek 88 neurriren bidez garatuko dira, udal sail eta erakunde guztien laguntzarekin. Hortaz, plan transbertsala da eta kulturen arteko ikuspegia erabiltzen ahaleginduko da, dibertsitatea Bilboko Udalaren ekintza guztietan erabiltzeko.

Ildo horretatik, Planak eremu orokorrak eta eremu sektorialak landuko ditu, tokiko erakundearen barnealdean eta kanpoaldean arituz, azken kasu horretan herritarrentzako ekintzen bidez. Zehatzago esateko, hauek dira esku hartzeko eremuak: konpromisoa, gobernamendua, ulerkuntza eta gaitasuna, nazioarteko ikuspegia, hizkuntza, komunikabideak, harrera, prebentzio komunitarioa eta bitartekaritza, bereizkeriaren aurkako borroka, hezkuntza, auzoak, zerbitzu publikoa, kultura eta aisia, espazio publikoa, enpresa-politika eta lan-merkatua.

EUROPAKO MARKOA

Herritarrei eta aniztasunari buruzko II. Udal Plana bat dator Kulturen Arteko Hirien Indizeko esku hartzeko eremuekin eta bertako adierazleak eta gomendioak erabiltzen ditu. Indize hori hirien kulturartekotasun maila ebaluatzeko tresna bat da eta Europako Kontseiluak sustatu du Intercultural Cities programaren barruan.

Bilbo Kulturen Arteko Hirien Sareko kidea da. Ekimen horrek estatuko hiri batzuk biltzen ditu Europako Kontseiluaren Intercultural Cities proiektuaren barruan eta bere helburua da kulturarteko programak dauzkaten Europako hiriak harremanetan jartzea, esperientziak trukatzeko eta diseinurako eta ekintzarako estrategiak eztabaidatzeko. Horretarako tresna espezifikoak daude, esaterako ‘Kulturen arteko hiria, urratsez urrats’ edo Kulturen Arteko Hirien Indizea.

2016KO DATU SOZIODEMOGRAFIKOAK

2000-2009 aldian atzerritar ugari etorri zen guregana lan-merkatuaren beharrizanak betetzeko, gure ekonomia fase hedakorrean zegoelako. Hala ere, gaur egun moteldu egin da etorrera-erritmoa, eta 2008-2014 aldiko krisi ekonomikora egokitu da.

Egoera horretan, 2016ko urtarrilaren 1ean 345.642 pertsona zeuden Bilbon erroldatuta. Horietatik 25.695 atzerritarrak dira, hau da, % 7,4. Zenbateko hori bat dator 2015ekoarekin. Zenbateko horri atzerrian jaio baina Espainiako nazionalitatea daukaten pertsonak gehitzen badizkiogu, kanpoko jatorria daukaten pertsonen ehunekoa 11,1era igotzen da Bilbon, 2015ean baino hiru hamarreko gehiago.

Datu horiek nabarmentzen dute dibertsitateak igotzen jarraitzen duela. Izan ere, atzerriko biztanleen kopurua ia-ia gelditu bada ere, ez da gauza bera gertatzen atzerriko jatorriko biztanleekin, urtero apur bat igotzen baita.
Bilboko atzerritarren datuak bat datoz Euskal Herriko immigrazioaren ereduarekin. Eredu horretako ezaugarriak dira atzerriko biztanleen ehuneko ertainak eta ez oso altuak beste eskualde batzuekin alderatuta, andrazkoen presentzia handia eta Latinoamerikako jatorriaren garrantzia handia.

Sexuaren eta nazionalitatearen aldagaiei dagokienez, 2016ko urtarrilaren 1ean, Espainiako biztanleen % 46,9 gizonezkoak dira eta % 53,1 andrazkoak. Era berean, atzerritarrak direnean, gizonezkoak % 49,8 dira eta emakumezkoak % 50,2.

Nazionalitateak aztertuz gero, nabarmentzekoak dira Bolivia, Maroko, Errumania, Txina, Kolonbia, Paraguai, Nikaragua, Nigeria, Brasil eta Aljeria, eta atzerriko nazionalitate bat daukaten biztanleen % 63,6 dira. Aurreko urteetako ehunekoa baino handiago da eta Bilboko atzerritarren osaketan dibertsifikazioa murriztu dela adierazten du.

Bolivia da oraindik ere Bilboko atzerritarren jatorri nagusia eta atzerritar guztien % 10,9 da. Iaz bezala, presentziarik handiena daukaten hurrengo herrialdeak Maroko (% 10,2) eta Errumania (% 9,6) dira. Aldaketa Txinako biztanleengan dago (% 7,5), Kolonbiari (% 6) aurrea hartu baitio termino erlatiboetan. Paraguaik gora egin du (% 5,6), bai eta Nicaraguak (% 4,3) eta Nigeriak ere (% 3,3). Gainerako, herrialdeak (guztira 140) ez dira, inola ere, biztanle guztien % 3ra heltzen.

Sexuari dagokionez, emakumezko latinoamerikarra da gehien aurkitzen dena, eta atzerriko biztanleen adin-egiturari begiratzen badiogu, askoz gazteagoa da.

Erroldako altak Espainiako biztanleenak dira gehien bat (jaioterria zehaztu barik), baina garrantzitsuak dira Latinoamerikako eta Afrikako nazionalitatea daukaten pertsonen kopuruak; lehenak lan-merkatuak eskatzen dituen profiletan sartzen dira eta bigarrenak lan-itxaropen txarren aurrean babesa bilatzen duten profiletan.

Banaketa espazialari dagokionez, ezin da esan ghettorik edo bereizketarik dagoenik atzerritarren kasuan. Behin finkatuz gero, atzerritarrak uriko barrutietatik eta auzoetatik banatzen dira.

Oro har, atzerritarren edo atzerriko jatorria daukaten biztanleen mugikortasun ereduak lotuago daude faktore sozioekonomikoekin, geruza sozialekin eta estatusarekin. Inklusioko, integrazioko eta mugikortasun bertikaleko prozesuek funtzionatzen duten neurrian, atzerriko nazionalitatea edo/eta jatorria daukaten biztanleen jokabidea, etxebizitzari dagokionez, estatuko biztanleen jokabidearen antzekoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude